elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Iruzurraren erreinuan

2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Errezeloz begiratu nion hasieran Whatsappez jasotako mezu luzeari. Hainbeste zabor iristen da bide horretatik! Baina irakurri ahala erabat harrapatu ninduen; Orendaineko familia bati egindako iruzurraren kontakizuna zen, zehatza eta oso ondo idatzia: «Urriak 2, larunbata. Betiko azoka eguna Tolosan, baina guretzat gaur ezohikoa. Ertzain etxetik atera berritan, gure txikiak pintxoa jan nahi duela esan digu. Hitzak eztarrian korapilatu zaizkigu eta begiak umeldu. Ez dugu dirurik. Kontu korrontea hustu digute. Lau transferentziatan, genuen guztia eraman dute. Guk horrelakorik agindu gabe; guk inor baimendu gabe. Online bankara deitu dugu. Iruzurra izan daitekeela diote». Mezua sinatuta zetorren: Aimar Agirresarobe eta Maider Jauregi.

Hori gertatu eta hilabete pasata, Euskadi Irratiko Faktoria saioan (2021-11-05) Agirresarobe elkarrizketatu zuten. Banketxeak —Laboral Kutxak— jakinarazi omen die ez diela dirua itzuliko; ardura bezeroen gain dagoela. Agirresarobek erantzun borobila eman die, ondokoa esanez: «Gure dirua beren etxean zegoela eta lapurreta beren etxean egin dutela». Legearen arabera, baimenik gabeko iruzurren kasuan, erantzukizuna banketxearen gain omen dago. Laboral Kutxak, ordea, ez du nonbait hori onartzen; horren aurrean, dirurik gabe geratu diren bezeroek auzitara jotzea erabaki behar izan dute. Herenegun, egunkari honetako Zuzendariari atalean(BERRIA, 2021-11-09) Agirresarobek eta Jauregik bidalitako gutunean, dagokion tokian kokatzen zuten afera: «Legea argia bada ere, banka ahalguztidunarekin egin dugu topo».

Askoz munta apalagokoa da Euskaltelengandik jasaten ari naizen iruzurra. Otsailaren 11n eskatu nien kentzeko bi USB gailuren zerbitzua, ez ditudalako erabiltzen. Urriaren 13an konturatu nintzen hilez hileko fakturetan kobrantza hori egiten jarraitzen zutela. Deitu 1717ra, ireki zidaten intzidentzia, baina urriko fakturan ez zegoen zuzenketarik. Berriro deitu, eta ez zidaten ziurtatu gainkostua —ia ehun euro, denbora eta tenple xahutzea kontatu gabe— itzuliko zidatenik. Bi astetara mezu bat bidali didate esanez eskaera nire alde ebatzi dutela. Hilabetetan erakutsi duten efizientzia falta hori nola uler daiteke? Agian zigortu egiten dituzte bajak jaso eta izapidetzen dituzten langileak?

Kontsumobiden, Kontsumoko Euskal Institutuaren web-ean, argi eta garbi dator sobera jakinekoa dena: «Telefoniak eta Internetek eragiten dituzte kontsumitzaileen erreklamazio gehienak». Hizkera arruntera itzulita: telefonia konpainien protokoloetan iruzurra ohiko praktika da. Kontua da telefoniaren arlotik nahiz banketxeetatik —edo hegazkin konpainietatik adibidez— norbanakoari egiten zaizkion iruzur txiki eta handiagoek dimentsio kolektiboa hartzen dutela. Zuzenago esanda: dimentsio kolektiboa dutela. Eta hor kokatuz gero, iruzurren zerrenda are eta luzeagoa da. Zer dago azken hilabeteotan lepotik helduta gauzkan argindarraren prezioa katapultatze horren atzean? Zein helbururekin dator, Austrian barrena, dagoeneko psikosia eragiten ari omen den balizko itzalaldiaren mehatxua?

Gertuagoko eremuan, azken asteotan, beste bi aferak astindu dute ingurua: Gipuzkoan Eureka! Zientzia Museoaren galerak, eta erkidego mailan abiadura handiko trenaren sugetzarrak. Lehenak Kutxabank-ek gizarte ekintzaren alorrean daraman maldan beherako deriba azeleratu du. Bigarrenak —etxe barruko xextrak gorabehera— ipurdi-has utzi du, behin berriro ere, obra faraonikoaren kudeaketa esperpentikoa, arrazoia emanez hasieratik AHTaren proiektua zalantzan jarri zutenei. Kapitalismo lotsagabeenaren baitan gaude. Iruzur txikiak ohiko praktika bihurtu eta handiak mugarik gabe erreproduzitzen jarraitzen duen sistemaren atzaparretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.