garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Euskal izenak modan

2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Pantailaren aurrean nago. Prokrastinatzeari ekiten diodan bakoitzean bezala, zeregin jakin batzuetan etsia hartu, Netflix plataforma martxan jarri eta teleagintea dantzan jartzeaz batera, bakea hartzeko bidea eman diet neurona nekatuei. Nire gustuak eta disgustuak nik neuk baino hobeki ezagutzen omen dituen algoritmoak, Mar de Plástico iradoki dit —aspaldian temati ari zitzaidan horretan, egia esan—, eta nola ote litekeen galdegin diot neure buruari. Nola ote litekeen hain azkarra eta intuitiboa omen den sistema informatikoa honezkero konturatu ez izana, naturaren hondamena azaltzeko izenburu egokia izan zitekeen hori pikoletoen gaineko istorio bat dela —seriean berean darabilten izendapena—, eta halakoxea izanik hain zuzen, ez zaidala izpirik ere gustatuko, guardia zibilen kontuak ez baititut atsegin, ezta denbora-pasarako fikzio hutsa direnean ere.

Algoritmoa, gu gizakion antzean, ergel eta ezjakina dela erabaki dut; inteligentzia artifiziala baino gehiago, arlotekeria fabrikatua dela hor barruko tripek baliatzen dutena, eta beharbada horregatik, ergel batek beste bati erakutsiko liokeen errukiagatik-edo, kasu egin diot, begira jarri natzaio, protagonisten balentriak nardagarri egingo balitzaizkit, edo egituratuko didan istorioak minimoki irribarre bat aterako ez balit, erraza neukakeelako konponbidea: itzali eta hor konpon (eta prokrastinatzeari utzi).

To. Almeriako basamortuan kokatuko genukeen serieak publiko zabalaren onespena jaso duen seinale, sasoi bat baino gehiago ditu aukeran. Ekin diot. Joan da lehen atala, baita bigarrena eta hirugarrena ere. Aitor dezadan egia: laketu ez naizen arren, nahiago horri begira jarraitu, premiaz egin beharko nituzkeen lanei heldu baino. Gauza batek arreta eman dit halere, eta ez da istorioaren ataza izan (nobela beltzean arrunta), ezta azpi-gai nagusia (migratzaileak, arrazakeria, mafiak eta diru-goseak...), Espainian sekula kolokan jartzen ez dena (polizien zintzotasuna, ardi beltzen bat albo batera utzita) edo atalez atal lotu beharko gintuzkeen arrazoia ere (hiltzailea nor den argitzea). Zaflakoka bezala arreta eman didana, hildako herritar gaztearen izena izan da: Ainhoa. Non eta euskararen arrastorik eta are gutxiago Lapurdirako keinurik eskasena ere ageri ez den tokian.

Aski urrun da euskal izen bat, gizonezkoen futbol selekzioko kapitain bihurturik, Espainiar ikurren gailur gorenera iritsi zeneko garaia. Askotxo dira geroztik Espainoltasun ofiziala definitzen den eremu eta esparruetan aurkitzen ditugunak. Kirol elitean banderaren koloreak defendatzen ez ezik, telebista kate nazionaletako albistegietan ere aurkituko dituzu, esatari, berriemaile berezi edota eguraldi iragarle, eta jada ez dira nahasiko «Gaintxurizketa» ahoskatzean, ez eta aldrebestuko ere, «San Sebastian» esan ordez «Donostia» lasai ederrean esanda (monarkia demokratikoaren eremu ofizial eta zatiezinaren testuinguruan, betiere).

Aipatu bezala, fikziozko ikus-entzunezkoetan ere beti bada zipriztinen bat, arreta ematerainokoa, euskal izenak modan daudela pentsatzeko hamaika arrazoi jarriko dizkizuna eskura, begi-bistakoenaz eta Ocho apellidos vascos iraingarriaz harago.

Normaltasuna ote da? ETA amaitzeaz geroztiko efektu integratzailea? Espainolen keinu amultsua? Euskararekiko edo euskaldunarekiko begirunea? Ez. Asimilazioa da. Gure nortasunaz beste egitea eta zentzu politikoz hustea. Gerta zitekeen garaipenik makurrena. Ainize Madariagak idatzi eta egunkari honetan berean 2021eko abenduaren 8an argitaratutako artikulu bat ekarri dit gogora: Izenaz jabetu, izanaz gabetu.

Inoiz baino mohikanoago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.