Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Bakardadearen azoka

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Teorian, bikote bila dabilenarentzat komunikaziorako tresna izan daitekeena praktikan jendeari amets egitea ahalbidetzen dion bideo jokorik handiena da harremanetarako gunea. Milioika pertsona bakarti ari baita pantailaren aitzinean beste hainbeste bakartirekin komunikatzen. Bakardadearen merkatua hor dago, bete-betean.

Hortxe ari gara, nabigatzen, txateatzen, aurkezten, aukeratzen, aukeratuak izaten, itxurak egiten, gezurrak asmatzen, milioika solaskideen metatik hartzen, eta oherakoan bakarrik ez gaudela, Haritz 34ekin ongi aritu garela eta Jennifer64k erantzunen digula sinetsita lokartzen gara.

Eta hala da, bai, noizean behin, populazio birtualaren ehuneko batak elkar atzematen du, eta ametsa gauzatzen du erabiltzaileen milioiren batek, ezkontzako argazki erakargarriek besterik sinetsarazi nahi duten arren.

«20 urtetan nahi dudana, 30 ekin ahal dudana eta 40tik aurrera nahi nauena» erranak bikotean dagoenari irriñoa eragiten badio ere, zelibatuak badu oraindik ere gaurko jendartean porrotaren usaina, bakardade hautuzkoa antinaturala balitz bezala. Ondorioz, gero eta gehiago dira harremanetarako guneetan izena ematen duten pertsonak.

Gune hauek irizpideak zehaztu, findu egin dituzte bezeriari egokitzeko gisan. Hala nola maitasuna ekologikoa, erlijiozkoa, zein kiroletakoa atzematerik badago eskaintza zabal bezain egokituan.

Bada birtualetik errealera pasatzerakoan sorpresa txarrik ez ukaiteko-edo ahotsaren araberan hautatzeko parada ematen duen gunerik, «ahotsa arimaren musika da» lelotzat duena.

Bada bideo-jokoen modura pentsatua denik ere, puntuak irabazteak guneko kideen datu gehiago ezagutzeko eskubidea ematen duela.

Bada zaletasunen katalogo zabala eskaintzen duenik: ingeles literatura gustuko duena, zinema, zaldiz ibiltzea maite, edo XVII. mendeko pintura, edo katakumeak...

Eta euskaldunontzat ba ote da gune bereziturik? Bilatzen hasi eta hara, bi hauek atzeman ditut Ipar euskal herrian.

Celibask: «Hemen ezkongabeak zure etxe ondoan bizi dira» dio publizitateak «Peyrehoradekoa, Sarakoa, Ziburukoa (ño!), Capbretonekoa, Donapaleukoa, Irungoa, Hazparnekoa, Tarnosekoa bazara... gure txokoa utzi nahi ez baduzu...airetuntxikitun airetun aire..., ez pentsa, izena eman!».

Alde baikorra, beharbada, Euskal Herriaren eremua Landetaraino hedatzen duela izan daiteke...

Basquerencontre da bestea. Honek euskal ezkongabeak eta Euskal Herriaren maitaleak ditu jomugatzat.

«Eskualdearen maitasuna istorio eder baten abiapuntua izan daitekeelako, Basque rencontre guneak balore amankomunak garatzen ditu...».

Erran gabe doa azalpen guztiak frantses hutsean idatziak direla.

Dena dela, okerrago ere izan daiteke: horra hor Beautiful people amerikar gunea, non selekzioa «edertasunaren» arabera egiten baita. Harrigarria badirudi ere, horixe da gune horrek duen irizpide bakarra: edertasuna.

Munduko edertasunaren komunitate bakarraren kide izatearen suertea aldarrikatzen du guneak.

Duela guti 3.000 kide kanporatua izan da bertatik, «edertasunaren irizpideak ez zituztelako gehiago betetzen», hots «pisua hartu» edo «gaizki» zahartzea leporatzen zaielako dira kanporatuak izan.

Ederra izatea ez baita aski gunean sartzeko, eder iraun behar da. Eta epaileak kideak berak dira, bozka bitartez erabakitzen dute pertsona kanporatu ala mantendu.

Azken finean, selekzio mota hau mesedegarria ere gerta dakioke buruan zerbait daukanari; gune horietan dauden bitartean, besteetan ez daudela pentsa daiteke.

Bakardadearen mozkin ederreko azoka etorkizun ederrekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.