Eraberrituta, martxan dira

Realak denboraldiko lehen entrenamendua egin du, eta Eibarreko jokalariek, mediku azterketak

Realeko jokalariak, atzo, Natalia Arroyoren aginduetara egindako lehen entrenamenduan. REALA.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Lehen Mailan arituko diren hiru euskal taldeak martxan dira. Herenegun hasi zituen entrenamenduak Athleticek, eta, atzo, Reala eta Eibar jarri ziren martxan. Txuri-urdinek lehen lan saioa egin zuten Natalia Arroyoren aginduetara; Iker Dorronsorok zuzentzen dituen jokalariek, berriz, mediku azterketak egin zituzten, eta gaur hasiko dira zelaian lanean. Bi taldeek eraberrituta ekin diote. Zazpi aste dituzte aurretik denboraldia prestatzeko, iraileko lehen asteburuan hasiko baita.

Aulkian izango du aldaketa nagusia Realak. Natalia Arroyok hartu du Gonzalo Arkonadaren lekua. Arroyok aurreneko esperientzia du Lehen Mailan, eta atzo hasi zen ezarri nahi duen jokatzeko eraren inguruko lehen zertzeladak jokalariei azaltzen. Bere aurkezpenean argi utzi zuen nolako taldea nahi duen: «Ez zaizkit gustatzen zalantza egiten duten taldeak, baizik eta ausartak, eta baloia dutenean zer eta noiz egin behar duten argi dutenak. Defentsan, berriz, oldarkorrak eta serioak izatea nahi izaten dut».

Harekin batera, datorren denboraldiari begira fitxatutako jokalariak izan ziren berritasuna:Nuria Rabano atzelaria, Maitane Lopez eta Gemma Gili erdilariak, eta Amaiur Sarriegi eta Sanni Franssi aurrelariak. Arroyok ere lehen agerraldian nabarmendu zuen harrobia oso kontuan hartuko duela. «Nik ez diot sekula adinari erreparatzen. Maila dutela erakusten badute, gazteak nirekin izango dira. Klub honek odolean darama filosofia hori, eta nik ere bat egingo dut». Hala, atzokoan lan saioan izan ziren, eta datorren denboraldian lehen taldearekin arituko dira: Adriana Nanclares, Elene Lete eta Cecilia Marcos harrobiko jokalariak, baita oraingoz Aintzane Encinasen aginduetara segituko duten Mirari Uria, Elena Guridi, Izarne Sarasola, Elene Viles eta Claudia Fernandez ere.

Berriekin batera, Nahikari Garciak sortu zuen ikusmin gehien. Aurrelariak Reala utzi nahi duela zabaldu da beste uda batez, eta balitekeela Real Madrilera edo Atletico Madrilera joatea. Momentuz, ordea, Zubietan segitzen du lanean.

Ez ziren entrenamenduan izan Ana Tejada eta Kiana Palacios, klubaren baimena baitute egun batzuk geroago hasteko denboraldi-aurrea. Ezta taldea utzi duten Marta Cardona, Claudia Blanco eta Carla Bautista ere. Real Madrilen, Albaceten eta Valentzian ariko dira datorren sasoian, hurrenez hurren.

Intentsitate handiko entrenamendua izan zen atzokoa, ariketa fisikoak baloiarekin uztartuz. Hurrengo egunetan ere Zubietan segituko du taldeak entrenatzen, ateak itxita, eta ez du lagunartekoez zehaztapenik eman.

Reala seigarren zen sailkapenean aurreko sasoia eten zenean, 33 punturekin. Kosta egin zitzaion duela bi denboraldiko joko bizia eta zuzena egitea, eta hori berreskuratzea izango du erronka.

Eibar, gaurtik, Unben

Mediku azterketak egin zituzten atzo Eibarreko jokalariek, eta gaur hasiko dituzte entrenamenduak Unben. 2010-2011ko denboraldian izan ziren azken aldiz maila gorenean. Hori dela eta, ilusioz eta mailari eusteko erronkarekin helduko dio sasoiari Dorronsororen taldeak. Lehen Mailara igo ohi diren taldeekin gertatu bezala, eraberritu egin behar izan du taldea, onenekin lehiatzeko. Atzo bertan iragarri zuen azken fitxaketa: Thembi Kgatlan aurrelari hegoafrikarra. 24 urte ditu, eta 2018an Afrikako jokalari onena izendatu zuten. Nazioartean eskarmentua du. Izan ere, AEBetan eta Txinan jokatu ostean, Portugalen aritu da azkenaldian: Benfican, hain zuzen. Ahalmen fisiko handiko jokalaria da.

Talde gipuzkoarrak egin dituen beste fitxaketak hauek dira:Noelia Garcia atezaina, Queralt Gomez atzelaria, eta Aida Esteve eta Maria Llompart erdilariak. Bakar batek ere ez du esperientziarik Lehen Mailan. Baina Llompart eta Gomez, adibidez, Bartzelonaren eta Espanyolen harrobian jokatutakoak dira.

Lehen Mailan esperientzia duena Nerea Abancens kapitaina da, eta hauxe adierazi zuen taldearen inguruan. «Jokalari gazteak etorri dira, eta hori beti da pizgarri. Helburua oso batuta egotea izango da, salbazioa lortzeko. Ez da erraza izango, baina lan ona egin dezakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.