elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Denbora, espazioa, hitzak

2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Denboraren pertzepzioa txiklearen pare darabilgu azkenaldian: orain luuuuzeee, hurrena ezin laburrago. Luze, askorentzat, gaueko hamarretan etxean itxi beharragatik. Labur, oso labur, zoritxarreko urtea badoala eta hareak hatz artetik bezala ihes egin digula ohartzean.

Espazioarekin antzekoa gertatzen da. Etxeko barrunbean errenditu beharrak, sozializaziorako bide ditugun gune publikoak murrizteak —taberna eta kafetegiak itxita— klaustrofobiaren atarian jartzen gaitu. Beste horrenbeste pasatzen da udalerriaren mugak gainditu ezinarekin, baita herriak —areago hiriak— sekula zapaldu gabeko txokoak eskaintzen badizkigu ere. Denbora eta espazioa desitxuratu egin zaizkigu, ezegonkortu.

Hitz ikasi berriek hartu dute tokia eguneroko jardunean: musuko, aztarnari, ukatzaile… Berria ez izan arren, hitz bat jarri da lehen lerroan: ziurgabetasuna. Eta gainera, ez da kontzeptu hutsa, sentipen haragitua baizik. Nolanahi ere, norbaitekin topo egin eta hitzen falta sentitzen dugu, errepikapenean eta betiko leloetan katramilatuko ez bagara. Trabatze horren adibide dira telebistako kale inkestak, topiko kate amaierarik gabekoak bihurtzen baitira; dagoeneko Argia-ren Beranduegi umore atalak egin die kosk. Egia esan, norberak atzematen duen hitz faltak —eta besteengan aurkitzen duenak— ez ote du adierazten ideia falta? Edo, gutxienez, ziurgabetasuna ideietan ere?

Batzuetan egoerak hitzak puztera eramaten du. Horrelako zerbait gertatu zitzaion Urkullu lehendakariari, Bilbon urriaren bukaeran izandako kale liskarrak «terrorismo» gisa kalifikatu zituenean. (Bide batez, jakin beharko genuke «libertad» oihukatzen zuten haiek nortzuen deialdiari erantzuten zioten; ukatzaile hutsak ziren ala beste hari batzuek mugitutako jendea).

«Ziurgabetasuna, ezinegona, urduritasuna… Kutsatzen gara birusaz eta egonezinaz, eta itxaropen eta ziurtasun faltsuez. Zertaz fidatu, norengan izan konfiantza? Egia esan, ez dakit zer pentsatu, zalantzak harrapatzen nau, uste baino arma gutxiago daukat itxialdiaren eta ziurgabetasunaren aurrean». Miguel Sanchez Ostizen hitzak bere azken liburuan (Breves del desconcierto, Pamiela, 2020). Idazle nafarrak boteprontoak jaulkitzen ditu ezker eta eskuin, gora eta behera, lan horretan. Bere hitzak eta ideiak lehergailuen parekoak dira, eztanda egiteko puntuan beti —ezaugarri duen gaztelera nafartu horretan— eta, hala ere, ez du lotsarik zalantza eta zorioneko ziurgabetasuna aitortzeko izurriari eskaini dion tartean.

Liburua ixten duen atalari Gueroco Guero deitu dio egileak, Axularren obrari keinuka. Geroko Gero horretan Sanchez Ostizek ez du optimismorako zirrikitu askorik uzten, alderantziz: «Utopien egunak atzean geratzen joan dira, urrutiko bihurtu arte». Idazle iruindarrak ingurura begiratu eta hau ikusten du: «Normaltasun berrirantz doazen itxialdi eta irteera-baimeneko egun hauetan, kalean gurutzatzen dudan jendeak badu halako tankera bat, furtiboa izatearen eta jota egotearen artekoa, kirolariaren bularra erakutsi arren».

Sanchez Ostizek Franco Berardiren El umbral liburura eraman nau (Tinta Limón, 2020). Idazle eta filosofo italiarrak baditu ziurtasun batzuk: gizateriaren hondamendia iragartzen du, baldin eta «normaltasun kapitalistara» itzultzea saihesten ez bada; alegia, aberastasunaren birbanaketa, frugalitatea eta berdintasuna bermatzen ez badira. Berardik ardatz horien inguruan garatzen duen diskurtso gotorraren lagin bat, hauxe: «Izututa baldin bagaude, masaila masailera eta ezpainak ezpainetara hurbiltzeko gai ez bagara, beldur naiz basakeria gailenduko zaiola zibilizazioari, eta suntsipena izango dela gure etorkizunerako aukera bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.