elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Etxepekoak

2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Etxe xume bat, aspaldikoa. Fatxadaren beheko partean bi leiho, ez oso handiak. Leihoen azpiko aldea enmarkatuz bost loreontzi plastiko berdezkoak, horman zintzilikatuta; eta horietan arrosa koloreko geranioak, urte osoan loretan. Behin suertatu zitzaidan haien jabea landareak ureztatzen ikustea, eta esan nion zenbat eskertzen den, pasadizoan, bista hori.

Jakoba Errekondok, argitaratu berri duen Etxeko landareak liburuaren harira, BERRIAren azken orrialdean (2020-11-04): «Landareek ematen dute bizipoza. Etxea etxeago da landareak edukita». Eta segidan, ikuspegi soziologikoari helduta: «Etxe bateko balkoia lorez josita ikusten duzunean, badakizu etxe horretako pertsona nolakoa den. Landareek jendeari buruzko informazioa ematen dute. Orokorrean begiratuta, baita gure jendarteari buruzkoa ere».

Donostiako portuan dago geranio arrosen etxea, Aquariumeko eskaileren bidean. Haren ondokoa, beste etxe xume bat da, balkoiduna. Eguraldi onarekin balkoiko ateak irekita izaten ditu, eta, sarritan, musika klasikoa entzuten da kaletik. Jakobaren hitzak parafraseatuz, musikak jendeari buruzko informazioa ematen duela esan genezake. Areago, leihoa zabalik, musika eta loreak pasaeran doazenekin partekatzen dituzten pertsonek oparia egiten diote jendarteari. Etxe ingurua burdinazko hesi trinkoekin gotortzen dutenen kontrara.

Antton Valverdek azken diskoan —Gaua. Ausentziaren itzala— behin eta berriro ere erakutsi du zeinen ona den poemak hautatzen, musikatzen eta interpretatzen. 'Vermeer' kanta da horietako bat. Hitzak Imanol Irigoienenak dira (Argiaren barne-distantziak, 1989): «Aretoaren ezkerretikako beiradur leihoak/ argiaren galbahez neurturiko/ barne perspektibak dakartzan/ hori-urdin akordeak (…)». Pintorea ere bada Irigoien, eta ikuspuntu horretatik deskribatzen du XVII. mendeko neerlandarrak nola erabiltzen duen argia, koadroaren ezkerraldean dagoen leihotik etorri ohi den argia.

Leihoek bi zentzutan funtzionatzen dute: kanpoko argiaren sarbide dira, eta, aldi berean, kanpoaldea begiztatzea ahalbidetzen duten talaiak; baita metaforikoki ere. Barru giroan bizitzeko garaiotan, ezinbestekoak bihurtu dira leihoak.

Berregokitu egin behar izan ditugu etxeak azken hilabeteotan. Balkoiak mahai eta eserlekuekin atontzea izan zen lehen pausoa. Bizikleta estatiko ahaztuei hautsa kendu zitzaien. Online jardun beharrak ikasgela eta lantoki bihurtu zituen logela nahiz salak.Ohituta geundena baino askoz denbora gehiago igarotzen dugu etxean, nahi eta nahi ez. Abelera horretan, norbere etxearekin adiskidetzea beste irtenbiderik ez dago.

Etxea, alabaina, espetxe bihurtu da askorentzat. Batzuetan kutsu tragikoa hartzeraino; esaterako, senarra COVIDak jota erietxean hil eta etxean bakartuta, berrogeialdia betetzen, egon behar duen emaztearentzat. Gure etxepean bertan gertatu da hori. Psikologoak zer suma dabiltza, espetxe bihurtutako etxeak zer ondorio dakartzan miatzen.

Euskaltzaindiaren hiztegiak hogeita hamahiru sarrera dauzka etxe berbarekin, eratorriak kontatu gabe. Hor ikusten da euskaraz etxea ez dela eraikin fisiko hutsa; aitzitik, eremu semantiko oso zabala dauka, gizataldeak eta jokabideak izendatzeko ere erabiltzen dugu; eta aditz ere bihurtzen da. Etxebizitza izen dotorea eransten diogu pisuari. Etxegabetu egiten dute jendea banketxeek eta higiezinen enpresek. Etxegabeak kaleko aulkietan bizi dira. Etxekalte parte txarreko kalifikatzailea da. Agur etxekoak ageri da gabon kanta zenbaitetan. Etxekotu egiten dira pertsonak eta abereak. Etxeratu… presoak.

Neguko solstizioa norbere etxean ospatzeko zoria dugunoi, Vermeerrenaren gisako argi horiztak piztuko ahal digu kontzientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.