mikel elorza
ARKUPEAN

Maletak

2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Liburuak. Diskoak.Gailu elektronikoak. Beroki lodia ez beste txamarra guztiak. Armairuetan zintzilik dagoena: alkandorak, galtzak, jertseak. Udako arropak. Negukoak. Urte osokoak. Hain zuzen migranteei erositako galtzerdiak, galtzontzilloak. Konpresa eta tanpoiak. Kirola egiteko arropak, poltsak, trepetak. Bainujantzi eta toallak. Uretako betaurrekoak. Sandaliak, galtza motzak, kamisetak. Marrazkiak, argazkiak, eskulan azokaren batean erositako figuritak, oporretako oroigarriak. Hormako koadro eta argazki handiak. Zaku, poltsa eta motxilak. Trasteroan urtetan pilatu diren badaezpadako guztiak. Bizikleta, patineteak, mendiko makilak. Hondartzako aulkia. Balkoiko trasteak. Lisaburdina. Erraminta-kutxa, taladroa. Mantak eta edredoiak. Txanpu, xaboi, krema eta bizarra egitekoak. Lurrin eta koloniak. Botikina. Makillatzekoak. Festarako osagarriak. Boligrafo, kaier, eskolako apunte zahar, grapagailu eta margotzekoak. Zer ez da geratuko maletatik kanpo? Zer kabitzen da maleta batean? Garena dela inportantea, ez daukaguna; izatea, ez edukitzea; bai, ados... baina zer sartuko nuke nik maletan?

Hainbat plater, tenedore, aizto, katilu; pertzak, mikrouhin labea, sei izara joko, lanparak, landareak, kolgadorea, jostailuak, erratza eta moltsoak, (pandemia hasieran metatutako) komuneko papera, lata eta botilak... Zerrendaegiten ote da hanka egitean? Uzten zaio oharrik etxera babes bila datorkeenari? Uzten zaio tranparik etxea ebastera datorkeenari? Azken asteetan moztuak diren gasa eta argindarraren giltzak ematen dira irtetean? Bueltatuko zaren ez dakizu, bueltatzean etxea zutik izango den ere ez, baina etxeko giltzak eramango dituzu? Agian lepotik zintzilik, oraindik palestinar zahar batzuek duela 74 urte utzitako etxeetakoak dauzkaten legez. Postontzia begiratzen da ezkaratzetik irten aurretik? Zer arraio sentitzen da maleta ixtean?

Batzuek maletarik ez daukatela ere egia da. Patera batera igotzeko paperik ere ez dute eramaten. Mobila, eta ordura arteko garraiolariek kendu ez dieten dirua. Senideren baten telefono zenbakia, Parisko helbide bat. Eta hauek ez ditugu beso zabalik hartzen. Duela gutxi Bielorrusiako mugan itxi genizkien Europa klubeko ateak Siria eta Afganistango errefuxiatuei, haiek ere maletak zekartzatela. Hondakinak elurretan gogoratzen ditut, duela hamar urteko Serbiako negu gorrian, orduan ere ateak itxi genizkien. Agian urte gehiago dira, edo gutxiago, baina berdin dio, beti utzi ditugu migranteak mugan ateak itxita, irudiak edozein garaitarako balio du: Mendebaldetarron hipokrisia hilezkorra da. Bai horixe. Baina hala ere, Yemen eta Irakekin akordatu behar dugula aldarrikatuta ere, horrek ez die zamarik kentzen ukrainarren maletei. Zama handia, lau arropa eramanda ere tona askotakoa. Zenbat pisatzen dute amorruak, tristurak, beldurrak? Zenbatean dago New Yorkeko eta Moskuko burtsetan ezintasun-kiloa? Babesgabetasuna gorde daiteke zakutto kremaileradun batean? Mina tolesten da?

Zerrendatu ditudan objektuak imajinatzen ditut lurrean jarrita, eta erdian maleta bi, arte-instalazio bat balitz bezala. Ikusita nago museoren batean halako piezarik, maletak. Akaso orduan nire buruari txistea egingo nion artistak ez zuela lan handirik hartu... Kiev izenburua jartzen diot orain, eta Gernika izeneko artelanak adina esangura izan dezakeela ohartu. Bi maleta soil, ez oso handiak. Zenbat toki okupatzen baitute desesperazioak, haserreak, negargurak?

Poetak mugaz bestaldean zituen adiskideei 37 galdera egin zizkien. Muga batetik bestera eta batez ere mugan ez aurrera ez atzera daudenen aurpegietan ez dut erantzunik topatzen: zer sartuko nuke nik maletan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.