Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Sugusak eta doneteak

2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Balkanetako gerra hasi aurreko udan adiskide batzuk Jugoslaviara joan ziren oporrak egitera furgoneta baten. Bi hilabetez, herria alderik alde zeharkatu zuten. Haien semea ez den apenas gogoratzen bi hilabeteko abenturaz, oso txikia baitzen artean, baina besteok maiz gogoratzen diogu itzulitakoan «Suguslandia» oso polita baina menditsua (sic) iruditu zitzaiola eta hori besterik ez zuela esaten galdetzen genionean. Txantxa partikularra hiru hamarkadaz luzatzea lortu dugu lagunok: goxokien izenarekin bataiatu genuen ordura arte gutxik ezagutzen genuen eta handik oso gutxira denon ahotan egongo zen Europako bazter hura. Zer den bizitza. Joan den hilean, adiskide horiek errefuxiatu ukrainarrak hartu zituzten beren etxean, ama eta bi alaba txiki. Jugoslavia esaten asmatzen ez zuen mutiko hori orain bi urteko neska baten aita da, zeinak aurrekoan kontatu baitzidan lagun berriak «Donete» hirikoak direla, eta berak izugarri atsegin dituena doneteak, bereziki txokolatezkoak.

Gerra ez da jolasa, baina haurrek ispilatzeak sortzeko gaitasuna dute eta, une batez bada ere, barre egiten dugu. Barre egiten dugu beren aterraldi xelebreek errealitatearen tolesetan barna eramaten gaituztelako, edo beren hitz-korapiloek gauzak azaltzeko duten modu horrek eguneroko dramatik apur bat aldetu egiten dutelako. Edo irribarre egiten dugu, hitzen bidez ulertzeko zailtasuna duten adin bereko haurrek jolas nola egiten duten ikusten dugunean. Izan ere, jolasa baita haurrek bakarrik dakiten hizkuntza unibertsala, eta begi hutsez ikusi dut Donetsken eta Euskal Herrian berdin-berdin jolasten dela ezkutaketara, aurkitua ez izateak oso esangura desberdina badu ere.

30 urte dira Balkanetako gerrak eztanda egin zuenetik. Hedabideetan barra-barra dabil kontu hori, gaurkotasunak espero ez genuen egokiera ekarri duelako Europako bihotzean lehertu zen gerraren urteurrena gogoratzeko. (Nonbait «ospatu» irakurri dut egunotan, baina akatsa izango zela pentsatu nahi dut). 1.170 kilometroko aldea dago Sarajevotik Kievera, Bilbotik Bruselarako distantzia ia berbera. Hiru hamarkada igaro dira, baina gaur goizean ikusitako irudiek hango berberak dirudite.

Gerra hura lehertu zenean gaur egun nire alabek duten adinaren bueltan nintzen ni neu, eta gerren historia begien aurrean azken aldiz pasatzen ikusteko aukera nuela uste nuen. Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak testu-liburuetan ikasi nituen nik, baina Balkanetakoa egunkari eta telebistan ikusiko nuen. Neurri baten, nire belaunaldiko gazte europarrontzat lehen gerra izan zen hori, munduan beste asko zirela jakinda ere, auzoan eta eguneroko albistegietan jarraitzeko aukera genuen lehena izan baitzen. Eta, bitxia bada ere, aldi berean azken gerra handia ere izango zela uste nuen nik, horrelakorik sekula berriro ez genuela ikusiko. Sinesgaitza egiten zitzaidan pentsatze hutsa munta horretako beste konflikto armatu orokorturik piztuko zenik Europan. Ez munduko beste lekuetakoak baino zintzoago edo bizkorrago garelako geu, noski, zerbait ikasteko gauza izango ginela uste nuelako baizik. Oker nintzen.

30 urte geroago, alabetako batek esan dit Ukrainakoa Europako azken gerra izango dela, haren ondorioak ikusita neurriak hartuko direlako berriro halakorik gerta ez dadin. Nik hotzikara sentitu nuen Srebrenicako hilerriko harlauza zurien artean, eta litekeena da min sor bera sentitzea alabak Butxako oraingo hobi komunak ordezkatuko dituen tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.