Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Bizialdi mugatua

2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Jaio bezain pronto besarkada baten mugaren neurria zein den sentitzen dugu. Denboraren zaporea dastatzen hasten gara gure amaren bularrarekin (edo biberoiarekin) bat eginez, eta gureestimulu-erantzunen efizientzia finkatzen. Bizitzak berak ere sekula izan dezakegun jomuga handiena jartzen digu aurrezaurre: hilko garen ziurtasuna.

Mugak hor egon dira beti eta unibertsoaren oreka mantentzeko ezinbestekoak zaizkigu, nahiz eta geurekoikeriak horiek saihestu ditzakegula sinistera eraman gaitzakeen. Niri, pertsonalki, asko kostatu zait muga horiek ezartzea eta ekar ditzaketen onurak ulertzea, mugarrietan ez bezala, horretan cum laudea dudala esango nuke eta. Mugak bere adiera negatiboan ulertu izan ditut nik, askatasunaren maitale amorratua naizen honek, eta juxtu horren zimenduak direla ohartu naiz, burujabetasuna posible egiten dutenak, alegia.

Batzuetan pentsatu izan dut maitatuak izatearen behar horrek eramaten gaituela sarritan gure boterea lagatzera, baina badakit duintasunetik baino gehiago beharretik egiten denak bizitza motza eta tristea duela halabeharrez. Zutarriak ez luke izan behar erdizka esperimentutako bizialdia, guretik gurera ondo ulertutako eta sentitutako autozainketa baizik. Urteak eman ditut hau guztia horizonte izanik, eta egun esan dezaket lortu dudala egunero ureztatzen dudan paraje horretaz gozatzea, nire nahiak eta beharrak ondratuz eta besteenak ere errespetatuz, onartuz eta maitatuz. Beharduna izanik, behartsua ez izateko.

Honen inguruan luze hitz egiten dut nire ingurukoekin, eta hain gertukoak ez direnekin ere, eta zerbait unibertsala dela garbi daukat. Ez gaituzte asertibotasunean hezten, norgehiagokan baizik, eta hemen terminologiaz gain gure barrenak ere nahasten zaizkigu maiz. Mugak jartzea egin daitekeen gauzarik osasuntsuena da, zeure buruari egin diezaiokezun emari ederrena, besteengan ere oihartzun eta erreberberazio mugaezina duena. Ez baita gure ardura besteak erreparatzea, ezta besteen ardurak gure gain hartzea ere. Zilegi ere badelako ezetz esatea eta garen bezalakoak izanda nahikoa garela sentitzea. Inork ez duelako zertan nirekin ados egon, ezta inork besteen beharrak betetzeko norberaren existentzia sakrifikatu behar. Mugaldean zaudetenek badakizue adorea behar dela, bizitzan egiten diren gauza garrantzitsu guztien osagai nagusia dena, baina zinez diotsuet besteoi, ez zaretela damutuko.

Sortu dezagun errurik gabeko ezezkoak emateko gaitasuna duen gizartea, naturak bere erritmoak ezartzen dituen malgutasunarekin bat eginez. Geureburua, gorputza eta arima jariotasunez ondu ditzagun askatze prozesu honetan, eta atxikimendurik eza lotsarik gabe praktikatu. Geure osasuna bermatzeko mugakidetasuna izan dadila gure filosofia, parez pare ditugun lurreko mugapeen kontra. Geurea egin dezagun misioa eta ardura. Geurea, liberazioa.

Gaurko gaiaren hautaketa ez da debaldekoa, bidaia mugaduna den honetan amodio propioari eman behar diot-eta lekua eta denbora, nire egunek ez baitute oraingoz 24 ordu besterik. Gero arte esatera natorkizue, ez sabelean halako ezinegona sentitu gabe, ez pentsa. Baina badakit hemen berriz ere elkar ikusiko dugula, esker ona besterik ez baitut plaza honetako Arkupean letrekin jolasteko gonbita luzatu didatenekin. Aske eta libre izan naiz une oro hemen, eta eskukotasun hori zor, helmugara iritsi naiz oraingoz. Mila esker beste alde horretan egon zaretenoi, eta laster arte! Askapenaren olatuen artean goxatuko gara...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.