Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Sokari heldu

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Doinu egokia lortzeko, gitarrajoleak hariak tenkatu egiten ditu, baina kontu handiz egin behar du, noraino tira egin behar duen asmatzea ez baita erraza: buelta erdi batez hariak lausoegi utz ditzake eta soinu indargea sortu, eta alderantziz, gehiegi estutu eta hariak apurtu.

Bizitzan hala da maiz, baina ez du zertan ezinbestean. Haria elastikoa izan daiteke, eta bere jatorrizko egoerara itzuliko da, estresaren aurrean eusteko gaitasuna duelako gomak, lehengoratzeko gauza da. Erresilientzia esaten zaio horri, eta aspalditxo modan-edo dagoen berba da: analogiaz-edo, pertsonok ere aparteko estresa jasan eta gero hasierako puntura, garenera, itzultzeko gaitasuna omen dugula adierazten du. Paralelismoa atsegin dut, baina mesfidati samarra naiz norberaren ahala goresten duten teoriekiko, ugari baitira estresaren eraginpean hautsi egiten diren sokak eta gomak, eta baita pertsonak ere. Ezagutu ditut, ezagutu ditugu.

Joan den astean Nafarroako Auzitegiak behin-behinean aske utzi zituen talde-bortxaketaren errudunak, sententziari aurkeztutako errekurtsoak argitu bitartean. Ez dakigu zenbat denbora hartuko duen, baina badakigu bitartean bizimoduari eusteko moduan izango direla bost errudunak. Ulergaitza egin zaigu, zornaturiko zaurian piku egiten ari zela jakin arren, tiraldiari eutsi egin baitzion zion auzitegiak, zer gerta ere.

Justizia patriarkalak tira egiten du sokatik, eta sendo eusten dio demari. Mordoilo idazten ditu bere sententziak, ez argi, ez edonork ulertzeko moduan, berezkoa zaion hizkuntza ilun baina aldi berean aski argigarriz baizik. Abusua idazten du bortxaketa beharko lukeen tokian, prebalentzia jartzen du boterea jarri beharko lukeen tokian, errudunen aldi baterako askatasuna ezartzen du, errugabeari aldi baterako askatasunik eza ezarri diola ipini beharko lukeen tokian. Soka apurtu egin daitekeela badaki, bada, justizia patriarkalak, baina indarra erakutsi nahi du, bere boterea (ez autoritatea) erakutsi egin behar baitu soka tenkatuz, nork agintzen duen argi geratu dadin. Ez du askatzen, ez du estresa batere lausotzen, eta esku biez heltzen dio sokaren bere zatiari, sendo.

Nola liteke justizia horren urruti egotea gizarteak ia aho batez eskatzen duenetik? Arrakala handia dago sokaren mutur banaren artean, gero eta handiagoa. Zilegi da galdetzea zer jazo den horren tarte sakona irekitzeko, baina alferrik bilatuko ditugu arrazoiak Nafarroako gertaera honen ingurumarian soilik, oraingo hau aspaldian jokatzen ari den norgehiagokaren atal berri bat baino ez baita. Justiziak boterearen sinfonia interpretatzen du, haren partituraren arabera doitu egiten ditu instrumentuak, doinuak eta orkestraren beraren antolaketa. Eta disonantziak ez ditu onartzen, ez ditu berez barne hartzen gogoz, halabeharrez baizik.

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak gizartea iritsi den kontzientzia eta heldutasun-mailara iristeko epaileek esprintatu egin behar dutela esan zuen eta nik sokaren bi muturrak noizbait elkarrengana hurbildu egingo direla eta oreka-puntu horretan adostasunera helduko direla esaten ari zela ulertu nuen. Hala izango da, ezinbestean, baina noiz, nola eta bien bitartean zein beste basakeria, amorru eta min onartu egin beharko dugun pentsatzeari ezin utzirik nabil.

Erresilientzia eta erresistentzia oso gertu daude, ahoskeran ia nahastu egiten dira. Eustea dagokigu, egoera ilunenetan ere. Leonard Cohen poetarena da ondoko esaldia: «Arrailak daude nonahi, eta handik sartzen da argia». Eutsi diezaiogun argitasunari, duintasunaren doinuak nagusitu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.