Existitzen ez denaren bila

Dragana Jurisicek Jugoslavia ohian egindako bidaia baten irudiak bildu ditu Kutxa Kultur Plazak
Bidaian eginiko argazkiekin batera, Rebecca Westek Jugoslaviaz idatzitako liburuaren irudiak ere bildu dituzte erakusketan.
Bidaian eginiko argazkiekin batera, Rebecca Westek Jugoslaviaz idatzitako liburuaren irudiak ere bildu dituzte erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 12
1991ko iraileko igande batez hasi zen Dragana Jurisicen (Slavonski Brod, Kroazia) argazkilari lana. Egun hartan, Jugoslavia ohiko gerraren hastapenetan, Jurisicen familiaren etxea erre egin zen, eta haren aitak urteetan pilatutako milaka argazki ere desagertu egin ziren etxearekin batera. «Errefuxiatu haietako bat bilakatu nintzen, argazkirik gabekoa, iraganik gabekoa», dio Jurisicek berak bere webgunean. Horrek argazkilari bihurtu zuen, aitak zaletasuna uztearekin batera: «sutearen ondorengo egunean, aitak bere azken argazkia egin zuen, etxearena, hain zuzen, aseguru etxeari bidaltzeko. Hark utzi zionean, ni hasi nintzen». Jurisicen lanaren lagin bat —30 bat argazki— Donostiako Kutxa Kultur Plazan, Tabakaleran jarri dute ikusgai, Getxophotorekin elkarlanean. Erakusketa irailaren 30era arte egongo da irekita.

Jurisicen lana erabat lotua ageri da Jugoslavia desagerrarazi zuen gatazkarekin; edo, gerrarekin zuzenean ez bada ere, iraganeko herrialde harekin eta gerraren ostean bilakatuko zenarekin. Izan ere, Jurisicek «nortasun jugoslaviarraren» defentsa egiten du. «Gerra hasi zela hogei urtetik gora pasatu direnean, nortasun horren erabateko ukazioa dago», dio artistak berak YU: The Lost Country liburuan. Orain Donostian ikusgai dagoen erakusketak izenburu hori bera hartu du.

Aita kroaziarra eta ama serbiarra izanik, Jurisicek bere burua jugoslaviartzat jo du beti. 1990eko erroldan, baina, jugoslaviarra izateko aukera ukatu zioten, eta egoera berri horrek bizitza aldatu zion betirako. Izan ere, artistak «erbesteratutzat» jotzen du bere burua, eta ez «deserriratutzat». «Nahi izanda ere ezingo nintzateke etxera itzuli». Azkeneko hamabi urteetan Dublinen, Irlandan, bizi da Jurisic.

Rebecca Westen bidean

Hain zuzen ere, irlandar batek Jugoslavian egin zuen bidaia bat izan du Jurisicek proiektu nagusiaren abiapuntu. Rebbeca West idazleak (Kerry, Irlanda —garai hartan Erresuma Batua—, 1892-Londres, 1983) hiru bidaia egin zituen Jugoslaviara 1936 eta 1938 artean, eta han jasotako inpresioak Black Lamb and Grey Falcon liburuan bildu zituen, askok haren maisulantzat jotzen duten liburuan.

Jurisicek liburu hori hartu zuen erreferentzia moduan bere herrialdea izan zenera itzuli eta argazkien bidez hango errealitatearen berri jasotzeko. Bidaiatu zuen batetik bestera, Eslovenian, Kroazian, Serbian, Bosnian eta Mazedonian barrena, galdutako aberriaren nolabaiteko birsorkuntza egiteko asmoarekin. Eta, horretarako, Westen liburua izan zuen abiapuntu. Monica Allende erakusketaren komisarioaren arabera, Westen lana «bizkarrezur» da Jurisicentzat. «Bien arteko solasaldi bat sortzen da». Hain zuzen ere, Kutxa Kultur Plazan ikus daitezkeen argazkien artean, paisaiak eta pertsonak tartekatzen dira Westen liburuaren pasarte zirriborratu eta azpimarratuekin. Nolanahi ere, Jurisicen bidaia nahigabe baten kronika bat ere bada, ez baitzuen aurkitu espero zuena. «Arbuiatze bidaia izan zen azkenean, bizitzeko aukeratu zuen lekuan [Irlanda] baino erbesteratuago sentitu zen. Hain zuzen ere, irudien bitartez, erbestealdiaren berezko deserrotze sentsazioa harrapatzen du, identitatearen galeraren inguruko narratiba intimo eta delikatua sortuz».

Gatazkaren ostea aztergai

Getxophoto egiten den hamabigarren urtea da aurten, eta iaz galeria pribatu batzuekin egindako elkarlanaren segida dute aurten Donostiako Kutxa Kultur Plazarekin. Izan ere, irudiaren inguruko jaialdia errotuta egonda ere, hango lana beste zenbait lekutara zabaltzeko landu nahi dituzte.

Dragana Jurisicek bere lanaren inguruko bideo bat eraman du Getxophotora —Zanele Muholi eta Lucie Khahoutianekin partekatzen du erakusketa—, eta bideo horren oinarrian dauden argazkiak jarri dituzte Donostian.

Aurten, Getxophotok gatazkaren ostea du gai nagusi, eta, iaz bezala, Monica Allende da komisarioa; jaialdiaren marka bat da hori. Hiru urterako hitzartzen dituzte komisarioak, eta, beraz, Allenderen azkeneko urtea izango da 2019a.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna