Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Memoria selektiboa

2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Olarizuko gurutzea frankista al da? Zer egin behar da? Eraitsi, mantendu? Zergatik hainbeste harrabotsa?

Gatozen harira. Zergatik orain? Gasteizko Udalak duela urtebete «Gerra zibilaren eta diktadura frankistaren arrastoei buruzko txosten teknikoa» enkargatu zion EHUko historiagile bati. Txostengilearen iritziz, gurutzeak jatorri politikoa baino gehiago erlijiosoa du. Aldi berean aitortzen du gaiak erpin asko dituela. Hamar metro luze dituen hormigoizko gurutzea 1952ko azaroaren 23an ezarri zen bertan. Ez zen, ordea, inauguraziorik egon. Gurutzearen azpiko partean jarri zen plakan gogora ekartzen zen Gasteizen, urtebete lehenago, izan zen «Misio Santua» izeneko ekitaldi erlijiosoa, baina, jarraian oroitzen ziren «Jaungoikoagatik eta Espainiagatik hildako apaiz arabarrak».

Bestalde, egia da gurutzea eraikitzearen ekimena gizarte zibilaren ideia izan zela. Mendizale, fededun eta EAJren ingurukoak ziren hiru pertsona ezagunek (Emilio Apraiz arkitektoak, Gerardo Lopez de Gereñu etnografo euskaltzaleak eta Luis Saenz de Olazagoitia misiolariak) proposamena egin zioten orduko udalari Olarizu gainean gurutze bat ezar zezan, 1951n izandako «Misio Santua» oroitzeko. Monumentu horren kostua estaltzeko diru-bilketa herrikoi bat egitea proposatu zuten. Udalak onartu egin zuen ideia eta diru-bilketa hasi egin zen, baina ez zen guztiz gauzatu. Orduko gobernadore zibila eta mugimendu faxistaren buru zen Luis Martin Ballesterok bertan behera utzi zuen bilketa, baina gurutzea egin zen.

Eta orain zer? Bada gurutzea Mendiolako kontzejuaren eremuan dagoenez (Gasteiz udalerriaren barruan), bertoko bizilagunek Gasteizko Udalari eskatu diote gurutzea eraitsi dezala ikur frankista delako: «Bere momentuan guri ez ziguten baimenik eskatu gurutze hori hor paratzeko. Monumentua gure lur eremuan dago. Guri dagokigu monumentu horrekin zer egin behar den erabakitzea. Eta eraistea eskatzen diogu Udalari». Arrazoizko planteamendua, zalantzarik gabe. Gorka Urtaranen gobernuak, ordea, garbi utzi du gurutzea ez duela botako. Alkateak jatorrizko txostenari eusten dio eta «gauzak bere testuinguruan» interpretatu behar direla dio. Aste honetan bertan plaka esplikatzaile bat jarri dute mendiaren magalean Mendiolako kontzejuaren iritziari jaramonik egin gabe.

Olarizuko gurutzea ez da memoria historikoarekin arazoa duen bakarra. Diktadurarekin konpromiso handia izan zuten beste batzuei ere ez zaie bere momentuan emandako domina kenduko; adibidez, Jose Lejarreta, Pedro Orbea eta Luis Ibarra alkateei, Diputazioko arduradun Jose Maria Diaz de Mendibil, Luis Maria Uriarte eta Vicente Abreuri edota elizako buru izan ziren Carmelo Ballester, Jose Maria Bueno Monreal eta Francisco Peralta gotzainei.

Azken horren kasua bereziki mingarria da. Hiriaren domina jaso zuen 1964an. Bera izan zen 1969an Gasteizko katedral berriaren ateak Franco diktadoreari parez pare ireki zizkion agintaria. Bera gotzaina zelarik, Polizia sartu zen San Francisco elizan 1976ko martxoaren 3an. Eta bera ere izan zen hildakoen omenez egindako hiletan apaizek prestatutako homilia zentsuratu zuena. Eta gizon horrek oraindik ere hiriaren bereizgarririk gorena dauka. Eta ez hori bakarrik: Santa Maria katedralaren kriptan dago hilobiratuta. Baina, Urtaranen gobernuak ez dio dominarik kenduko, ezta hobitik ateratzeko agindua emango ere. Testuingurua lagun? Testuinguruak ez du dena esplikatzen, ezin ditu konplizitateak ahaztu, ankerkeriak zuritu edota krimenak eztitu. Zauriak sendatu ahal izateko garbitu egin behar dira lehenengo. Bestela zornatu egiten dira.

Zer-nolako memoriaz ari da Gasteizko Udala? memoria historikoaz, memoria selektiboaz? Memoria selektiboaren onurez asko idatzi da, baita arriskuez ere. Memoriak plegu asko eta erpin ugari ditu. Konforme. Denak hartu behar dira gogoan. Ados. Baina, memoria zuritzeak, agian, batzuen kontzientzia lasaitu, baina beste askoren larrimina areagotu lezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.