mikel elorza
ARKUPEAN

Beldurrak eta izuak

2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko azken asteko jokaldiak herritar asko aztoratu ditu akaso apolitiko diren horietako batzuk ez, normala denez. Ostegunean jakinarazi zen epai batean, ordura arteko ildoa irauli eta finantza-erakundeak jarri ditu orain arte herritar mailegu-eskatzaileek ordaindu duten zerga ordaintzen. Baina biharamunean bertan eten zuten erabaki hori, erabakiaren gauzatzea, eta epaia atera duen Aretoko burua den Luis-Maria Diez Picazok bilera bat deitu zuen doktrina horren aztertzeko (epai zehatz horiek ezin dituzte atzera bota, baina ildo berria horiek zedarrituko duten edo ez erabaki dezakete). Auzitegi Goreneko buru den Carlos Lesmes magistratuak berretsi egin zuen mugimendua. Sua piztu da bazterretan, noski, itxurarik gabea, lotsarik gabea eta ez dakit beste zenbat gabea delako erabakia. Finantza-erakundeak burtsan maldan behera jarri ziren, eta duintasunak kotizatzen ez duenez, eskuko galgari eman zioten. bi magistratu horiek kuadrillakoak dira, nagusiki lehenak.

Finantza-erakundeen interesen defentsa ahalkerik gabea presio handi eta larri baten ondorioz imajinatu nuen hasiera batean, batek daki zenbat telefono-dei, mezu eta komunikazio hura konpondu beharra zegoela adierazteko. Pare bat egun joanda, ordea, uste gero eta sendoagoa dut ez zela halako dei eta komunikaziorik egon. Deiak egongo ziren, eta elkarrizketak, baina seguruenik ez presio zuzenik, ez abisurik Diez Picazori edo Lesmesi «hau eta hau egin beharra dago» iradokiz. Hori baino beldurgarriagoa baita kontua: inongo dei eta presiorik jaso behar izan gabe motu propio jardun dute. Nagusiek abisatu behar izan gabe konturatuko ziren hura ez zela posible, handik letorkeena triskantza handia, katastrofea zela. Zerga finantza-erakundeek pagatu behar izatea, eta ez herritar mailegu-eskatzaileek. Eta niri ileak lazten dizkidana horixe da, magistratuok hautatu zituztenean oso ongi aukeratu zituztela, morroi perfektuak direla, inork ohartarazi behar izan gabe euren interesen defentsa egiten dutelako. Morroi perfektuak dira, ez direlako morroi, finantza-erakundeetako buru eta arduradunen kidekoak direlako.

Haien curriculumek gorantz doan tximuaren ipurdia bezala uzten dute afera, ageriago, ez baita garrantzirik gabeko xehetasuna Carlos Lesmesek Justizia Ministerioan jardun zuela Jose Maria Aznar presidente zela Kontzientzia Eragozpenaren Zuzendaritzako buru zen, ez dakit zer iritzi izango duen zerga alorreko kontzientzia eragozpenari buruz, baina imajina nezake; eta Diez Picazok Cunef-en jardun du irakasle urte luzez, Asociación Española de Banca-k sortu eta bultzaturiko unibertsitate pribatu batean.

Eta beraz ikaragarriena ez da herritarren aldeko eta finantza-erakundeen aurkako erabakiari buelta emateko saio lotsagabea egin izana, hori egiteko hagindurik jaso behar ez izana baizik. Ikaragarria da burtsan balioek behera egitea finantza-erakundeek diru mordoa galduko dutelako, eta ez hori eragozte edo behintzat leuntze aldera bankarien lagun diren magistratuek jukutriak egiten dituztelako.

Zeren eta, gainera, erabakiak eragin duen eskandalua dela-eta azkenean finantza-erakundeen aurkako neurriak hartuko balituzte ere lehen ere hartu izan dituzte, ez gaitezen ahaztu, azken epai hauen ildoa berretsiz, arduratuko dira erakundeak eurak diru hori ordaindu beharra herritarren bizkarrera hel dadin.

Eta denetan izugarriena, edo behintzat kezkagarriena, haserreak adieraziko ditugula sare sozialetan itzelezko sua piztuz, eta gero besterik ez dugula egingo. Bueno, bai, arbitroari denetik esan hurrengo futbol partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.