Inaki Galdos
ARKUPEAN

Junqueras

2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bistan da Oriol Junqueras eta bere alderdia (ERC) direla egungo Katalunian modan daudenak. Edo, hobeto esanda, han bertan baino gehiago, Estatuan Kataluniari buruz hitz egiten dugunean. Inkestetan goian, Lledonerseko kartzelan era guztietako bisiten hartzaile, analisi askoren iturburu, Europako hauteskundeetako zerrendaburu eta ustezko denbora berrietarako ustezko protagonista nagusi.

Kontua da, betiko jarraitzaileen, losintxari berrien eta puzgailu maltzurren artean sortutako oriolzaletasun bat-bateko honek harrituta gauzkala hangoa jarraitzen dugunetariko asko, berarengan itxaropenak jarri dituztenen arrazoiak hain ezberdinak, hain kontrakoak, hain muturrekoak izaki, guztiz ezinezkoa delako denen goseak asetzea, baita Junquerasek ustez esan edota helarazi dien mezu guztiak egia izatea ere.

Adibidez, ezker abertzalea gogor kritikatzeko erabili zuen duela igande batzuk egunkari honetan Adolfo Muñozek prozesu subiranista bideratzeko Junquerasen modua, handik egun batzuetara ETBn Arkaitz Rodriguezek ironikoki gezurtatu ziona, Kataluniakoaren ibilbide politikoa errepasatuz. Abuztuan Iñigo Urkulluk bisita egin zionean bestelako irakurketak egin ziren, ordea. Lehendakariak bisita pribatua eta humanitarioa egin ziola argitu zen, baina askok azpimarratu zuten ustez Junquerasek ekin nahi duen bide paktistagoa babestu nahi izan zuela.

Horrela doa guztia. Badago Katalunian ezkerreko hiruko berria martxan jartzeko borondatea ikusi dionik; Pedro Sanchezekiko konfiantza erakusten duela sumatu dionik; independentziarena atzeratu nahi duela ere bai. Beno, hori guztia eta kontrakoa. Bistan da kartzelan egoteak ez duela laguntzen gauza hauek argitzen, baina egia da hainbat mediotan inoiz baino gehiago mimatzen dutela Junqueras. Katalunian urte asko daraman euskaldun batek maltzurki esan zidanez, Maltzaga bitxi bat dago martxan han: ken dezagun bistatik Puigdemont, eta gerokoak gero. Baina gerokoen artean bereziki, prozesu independentista lurperatzea.

Paradoxikoki, edo ez, alderdia bera da bere buruarekin zorrotzen jokatzen ari dena. Ekainean izandako konferentzia nazionalean bide-orria ia aho batez onartu zen, baina zuzendaritzak aurkeztutako ponentziarekiko aldaketa garrantzitsuak adostu ondoren, batez ere aldebakartasunaren aukera esplizitoki aipatzearena, militanteek ehunka zuzenketen bidez eskatu zutena. Pentsatzekoa da berriki alderdiko gazteek Vic-en izandako XXVIII. kongresuan onartutakoa ere ez zela izango Junqueras eta enparauengan aldaketa sakonagoak ikusi nahi dituztenen oso gustuko.

Inkestetan goian daude Junqueras eta bere alderdia. Baina ez dezagun ahaztu iaz ere horrela zela eta azkenean zer gertatu zen hauteskundeetan. Sakonean Puigdemont eta bere mugimendua behin eta berriz Covergenciaren birsortze huts gisa eta betiko zentro-eskuineko alderdi gisa ulertarazi nahia eta beharra- dago. Euren zoritxarrerako mugimendu hau ez dago askok irudikatu nahi duten tokian, besteak beste Kataluniako ezkerreko militante historiko (eta berri) asko ere bertan murgilduak daudelako. PDeCat-ekin dituen arazoak eta PDeCat-en baitan sortu dituenak- ezkutatu gabe, eta aldi berean bere irudiak izan dezakeen higadura ukatu gabe, ez dirudi Puigdemonten indarra gutxiesteko moduan gaudenik. Batasunaren alde egiten duenari ematen omen dio han askok botoa.

Bahituta, gatibu, baina olatuaren gainean daukagu politikoki Junqueras. Politikari handia da, garaipen garrantzitsuak lortuko dituena. Baina logika hutsa da azpimarratzea, orain bere garaipena opa duten guztien arrazoiak bateraezinak direla erabat epe luzeago batera. Nahiko nuke azkenean atsekabetzen direnak azken orduko laudatzaileak balira, gero eta ezkutaezinagoak diren arrazoiak medio gure protagonista puztu eta puztu ari direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.