Gatazkak egindako jendea

1930eko Extremadura eta 1960ko Bizkaia aurrez aurre jarri ditu Toti Martinez de Lezeak eleberri berrian

Toti Martinez de Lezea, Donostian, nobela berria eskuetan, euskarazkoa ale bat eta gaztelaniazkoa bestea. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ezbairik gabe, atzean gelditu berri den Durangoko 53. Azokan ilara luzeenak eragin dituen idazlea da Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949). Nur eta ortzadar-txoria haur eta gazteentzako lana aurkezten aritu da, baina baita helduen literatura barruan katalogatutako eleberri berri bat ere: Malkoak lur antzuan. Ereinek argitaratu du, eta Martinez de Lezeak azken lanetan landu duen ildotik dator: «izenik ez dutenen istorio txikien» ildotik. 36ko gerra aurrean abiatzen da kontakizuna, Extremaduran (Espainia), eta Bizkaiko industrializazio urteetaraino heltzen da; tartean, maitasun istorio bati leku eginda. Ele bitan plazaratu du eleberria idazleak; ohi duenez, gaztelaniaz idatzi du jatorrizkoa, eta Miren Arratibelek itzuli du.

«Pertsonen istorio bat da, ez gerrako istorio bat», hori argi utziz abiatu zuen aurkezpena idazleak. «Gerra nozitu zuen» jendea eraman du erdigunera, eta, beste edozeren gainetik, hori nabarmendu zuen; ideiak eta idealak aparte, «pertsonen eguneroko bizimoduaz» ari dela eleberrian. Hala, nahita, ez ditu behin ere sartu frankismoa, sozialismoa, nazionalismoa, komunismoa, militarrak, Guardia Zibila, gudariak eta gisako izendapen zehatzak. «Zertaz ari naizen, orduan? Ba, gutaz. Herri xeheaz, kaleko jendeaz, eta, ez si eta ez no, ideologia batekin inplikatuta egon gabe, gure burua hondamendi baten barruan topatzen dugunoz, bakar-bakarrik bi bando elkarren aurka hasten direlako». Historian maiz gertatu da hori, idazlearen arabera. Eta, kasu honetan, historia hurbilean hori nola jazo den kontatu nahi izan du berak.

Bi jokaleku eta denboratan kokatu du istorioa Martinez de Lezeak. 36ko gerra aurreko Extremaduran, Damaso deituriko pertsonaia azalduko da: jauntxoen lurrak lantzetik bizi den nekazari bat. 30 urte geroago, haren seme Manuel agertuko da, Bizkaiko fabrika bateko langile. Frankismoan izan zen grebarik handienean hartuko du parte hark, eta Extremadurara itzuli beharko du, eta ezagutzen ez zuen familiaren istorioa jasotzen hasi.

Euskal herritar askoren jatorria han dagoelako eraman du istorioa Extremadurara Martinez de Lezeak. «Askoren aitona-amonek handik ihes egin behar izan zuten. Inork ez du bere etxea uzten gustuz; goseagatik eta beldurragatik uzten da etxea, eta biak daude nobelan». Horrez gain, 36ko gerran Extremaduran milaka fusilamendu egon zirela ere ekarri nahi izan du gogora idazleak; baita haietako gehienak nekazariak izan zirela ere, 20-50 urte bitarteko gizonezkoak gehien-gehienak. «Gizon langileen belaunaldi bat desagertu egin zen». Bizirik iraun zuten askok eta haien ondorengoek Euskal Herrira egin zuten ihes, Bizkaiko meatzeetara eta Gipuzkoako lantegietara. «Hemen ere izugarrikeriak bizi izan zituzten, eta kontatu egin behar dira».

Hurrengoa, bi urte barru

Idaztea «kostatu» zaion eleberrietako bat izan dela aipatu zuen egileak lana aurkezterakoan. Idaztera jartzean «gozatzea» helburu duela gaineratu zuen, baina azken lan honekin ez duela halakorik sentitu. «Hala ere, kontatu beharra igartzen nuen».

Isilpean gordea (Erein, 2015) eleberriarekin abiatutako bideari eusteko gogoa ere berretsi zuen, nobelagintzak iragan hurbila kontatzeko balio diolakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.