Bizitzarekiko maitasunaren isla

Bakarkako bigarren diskoa kaleratu du Maider Zabalegik. Aurrerantzean izen horrekin ariko da
Maider Zabalegi, lan berria eskuetan, Urbil Artola, Maria Soriazu eta Gorka Urrarekin, atzo, Donostian.
Maider Zabalegi, lan berria eskuetan, Urbil Artola, Maria Soriazu eta Gorka Urrarekin, atzo, Donostian. A. CANELLADA / FOKU

Miren Garate -

2019ko otsailak 22
Maider Zabalegi izen artistiko berriarekin ariko da aurrerantzean Maider Zabalegi, orain arte Maider zen, edo Alaitz eta Maiderreko Maider; hala ezagutzen zuen jendeak. Izen artistiko berriaren azpian, ordea, betiko musikaria ikusten du Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko kideak: «Betiko Maiderren moduan agertzen da: Maider goxoa, irekia, bizitzaren inguruan gauza indartsuak esaten dituena, bizitza modu alaian hartzen duena...». Bizitzak ematen dion bizipozaren isla da Bidean disko berria, bakarlari moduan atera duen bigarrena. Alaitz eta Maiderren proiektua alde batera utzi ostean, etenaldi luze bat egin zuen musikariak, eta duela lau urte hasi zen berriro kantuak sortzen. «Ordutik ez naiz gelditu». 2017an kaleratu zuen Zuei izeneko lehen diskoa, eta Bidean «beste bi urtetako sormenaren isla bat» dela kontatu du.

Bederatzi abestik osatzen dute diskoa. Zabalegiren esanetan, letrak «oso pertsonalak» dira. Besteak beste, presentzia handia du maitasunak. «Niretzat bizitza honetako ardatzetako bat da. Agian bikote batekiko maitasun moduan irudika dezakegu, baina niretzat maitasuna askotarikoa da: haurrenganakoa, bizitzarekikoa... Bizitzarekin maiteminduta dagoen pertsona bat naiz; uste dut hori galtzen dugun momentutik zirrara, emozio eta ilusio asko galtzen ditugula».

Gai gordinagoak lantzen ditu beste abesti batzuetan. Soinu txikia izenekoak, esate baterako, gaixotasun batek eragindako sufrimendua kontatzen du; Min bizi-k minbizia du ardatz; Hemen ez bada, han kantuak errefuxiatuek bizi duten drama ekartzen du gogora; eta Haur motxiladunei izenekoa, berriz, espetxeetan dauden senideak ikusteko kilometro asko eta asko egin behar izaten dituzten umeei eskainitakoa da. «Denok egiten ditugun hausnarketak dira, eta nik kantuen bidez ateratzen ditut».

Zabalegik berak sortu ditu abestiak, eta Urbil Artola eta Gorka Urra taldekideak arduratu dira moldaketez. «Bizitzako yin eta yang-a balira bezala ikusten ditut. Urbili ikusten diot folk kutsu handiago, goxotasuna, kantuei ematen die ukitu bat, nire ustez, Urbilek bakarrik duena; Gorkak, berriz, beste makarra puntu bat ematen die, nik igual barruan badudana, baina ez naizena gai islatzeko». Bat etorri da Artola ere. «Badaude talde batzuk oso estilo argiak jorratzen dituztenak, eta beste batzuek ñabardura gehiago sartzen dituzte. Hau izan daiteke horietako bat».

Artolak eta Urrak ez ezik, Maria Soriazu baxu jotzaileak, Karlos Aranzegi bateria jotzaileak eta Santi Romano piano jotzaileak ere osatzen dute taldea. Diskoa osatzeko prozesua «oso luzea» izan dela nabarmendu dute. Etxetik hurbil grabatu dute, Oiartzunen (Gipuzkoa), Lezoti estudioan. «Hasieratik amaierara, guk egin dugu guztia. Interakzio handiko lana izan da, inork ez du lan bakar bat egin, denok egon gara gutxi gorabehera leku guztietan. Oso familiartekoa izan da», esan du Urrak. Baietz esan du Zabalegik ere. «Horregatik, esku artean izandakoan, oso propioa sentitu dut diskoa. Inplikazioa izugarria izan da, eta oso eskertuta nago».

Taldekideek ez ezik, beste hainbat musikarik ere hartu dute parte lanean: Iñigo Asensiok, Joseba Loinazek, Peio Gorrotxategik, Xabi Solanok, Beñat Igerabidek, Mattieu Haranbourek, Cristina Vertizek eta Orkatz Arbelaitzek.

Lana kaleratuta, diskoa aurkezteko zenbait kontzertu ere lotuak dituzte dagoeneko: martxoaren 23an izango da horietatik aurrena, Oiartzunen, udaletxeko aretoan; martxoaren 29an, Donostian ariko dira, Imanol Larzabal aretoan; eta apirilaren 12an, Bilbon, Bilborocken.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna