mikel elorza
ARKUPEAN

Humoreen beldur

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bromak eta zirtoak oraindik ere nagusi ziren asteburuan, baina egun batetik bestera larrialdi-egoera zainetaraino iritsi zaigu. Hilkortasun-tasa txikia zuela eta horrek pentsio sistema ez zuela konponduko, alkoholemia kontroletako estrategiak, segidan besarkatzen dutenen ukalondo-talken barregarria... asuntoa serioa dela ohartu gara banpez. Izango ez da bada serioa, eskolak zer egin haurrekin, ai ama! Ez, barka, ai amona!, kiroldegiak fluido-trukerako gune pribilegiatua— eta futbol partidak itxi baldin badizkigute. Izango ez da serioa: Kopako finala ere ukituko ote duten!

Alarma mailari buruzko iritziak gorabehera, kutsakortasuna handia da, hori ukaezina da, eta neurriak hartzea erantzukizun kontua baino ez. Hala behar du. Osasun publikoa ondasunlehentasunezkoa da. Nahiz eta bitxia den ikustea osasun publikoaren lehentasuna alegia, guztiengan pentsatzea beste ezeren aurretik zein erraz defenditzen den gaitza norberarengana iristen ez delarik. Eta zein azkar nigintza nagusitzen zaien bestelako proklama filantropikoei.

Pausatik begiratuta, gauza positiboak ikusten zaizkio Covid-19 izurri honi. Inongo iraultzailek amesten ez zuen belozidadean munduko jarduera ekonomikoa gerarazi du, merkataritza harremanak eten, turismoa eta horrek dakarrena anestesiatu, kirol-ikuskizunak atzendu... hitz batean:gelditzera behartu gaitu. Ez al da ederra? Egunerokoaren martxa eroa gelditu, eta elkar zaintzera jarri. Utopia baten gauzatzea dirudi (ekonomiak ezingo du jasan, badakit, baina asmo denek dituzte albo-kalteak, baita utopia leunenek ere).Gerra biologikoan diharduen laborategi txinatarra ez, gaitz honen atzean matxinadalibertario bat dagoela iduri luke.Gora pandemia!

Pausa luzatzen delarik, ordea, B aldea ere ikus dakioke izurriteari. Gaitza kutsatzen da jariakinen trukaketan, eta horiek azken batean emozioen adierazpenak baino ez dira: malkoak, musuak, izerdiak... Besteekiko kontaktuan garatzen ditugunak. Alegia, bakartuta nahi gaituela birusak, gaixoaldi garaian, justu besarkada eta kariño gehien behar dugunean. Eta elkarguneetatik urruti nahi gaitu, plazatik kanpo, norbere maskarillarekin bakarrizketan berrogeialdi eternoetan. Utopia anarkista baino, distopia kalbinista krudela izan daiteke.

Seriotan hartu beharko dugu, bada. Hori bai, hamabostaldi bat ekonomiaren martxa geldituta, hegazkinak hangarretan kieto eta lorololo kolektiborik gabe... ez dago hain txarto.

B alde honen pista erabat gaiztoa ere badatorkit burura, eta da noiz etorriko albistea gure hondartzara, migranteen gorpuak Lesboseko itsasertzera bezala, birusa, Covid-19a esan nahi dut, errefuxiatu-kanpamenduetara heldu dela. Bizi baldintzak lehen ere egokiak dituzte, halako batek biribilduko luke zirkulua... infernukoa.

Beste birusa, xenofobia arrazista ultrarena, aspaldi inokulatua baitago eta Europari poro guztietatik libre dario. Errefuxiatuak eta GKEetako langileak harrika eta kolpeka hartzen dituzten morroiengan testosteronaren erresumako zaldunak, eta haiek arazorik gabe ibil daitezen ardura politikoa duten Europako hagintariengan. Korbatak ez zaizkie odolez zikintzen, prentsaurreko dotoreetan kanpo politika berretsi eta mugak ezein birusi baino gotorrago ixten dituztenean. Kanpo politika da Turkiarekin prezioa negoziatzea. Eta gero, igandean mezatara joango dira hagintariotako batzuk, guztion alde kanpaia jotzera; eta besteak giza eskubideen aldeko ekitaldi progresista batera, aretoko humanismoaren kredoan masturbatzen jarraitzera.

Herriaren bilera uste dut esan nahi duela jatorrian pandemia hitzak. Grezia zaharrean. Berrian ere, Grezian eta munduan, pandemiak batu egiten gaitu, gaitz berean. Eta ez da gripea, beldurra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.