mikel elorza
ARKUPEAN

Tristurtea

2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Izaten da hor zehar urteko hitzaren aukeraketa. Aurten zein eremutan ibiliko den susmatzen ez dago zaila, koronagauzak tarteko, baina nik nire patrikakoa proposatuko dut: tristurtea. Definizioa norberak jar diezaiola, azken hilabeteetako bere balkoitik begira jarrita.

Urtekoa ez dakit, baina bat zen itxita geunden hartan nagusitu zen hitzetakoa: zaintza. Hura erdigunera ekarri beharra zegoen, elkar zaintzea funtsezkoa zen, giltza. Hainbat alorretan jendartea aldatzen joan da—jendartearen zati bat,bederen—, eta agerian uzten esku artean daukagun arazo handi bat. Emakumezkoen esku artean orain arte egona, orain ere dagoena, eta beraz ez dena gure afera izan eta beraz ez dena gizartearen arazo izan, garaia da eskuz alda dadin, eta garaia da arazotzat jo dezagun, eta ahal dela ebazten hasi. Horretan ados geunden denok, asko behintzat, konfinamenduko aspaldiko garai haietan.

Baina pandemiaren zeru grisa saretu eta iritsi zen deseskaladaren eguzkia, eta aldapetan zaildutako euskotarrok abiatu ginen erromerian mendian behera, batzuk igotako bide beretik, beste batzuk rapelatzen, eta bakarren bat jauzi librean, paraxutik gabe. Eta behean atzera elkartzean ohartu gara birusa gure sokari lotuta zetorrela, eta turista eskarmentatuenaren pare laketu dela gure herrietako hondartza, plaza, terraza, jatetxe, eskola eta lantokietan.

Baina oraingoan ez dugu zaintza igo interes nagusien aldarera. Mudatua dugu hitz gakoa, orain beste bat da: kontziliazioa. Elkar zaintzearena mendi gainean eta gure zaharrak berriro egoitzetan aparkatuta, orain inportanteena kontziliazioa da. Bateragarri egitea lana eta lana. Hori baita ergelkeria normalizatu dugun garaiotan eskatzen dena: kanpoko lana eta etxeko lana bateragarri egitea. Alegia, biak kexarik gabe egitea. Ez pentsa kontziliazioak lana eta beste zerbaitekin zerikusirik duenik, bai zera, kontua da nola egin posible aurrena lana eta gero ere lana egin ahal izatea. Kaikukeriaren gailurrean ere jarri dugu ikurrina. Guk, beneditar madarikatuok, oraeta bereziki labora jarraitzen dugu, Berri Txarrak-en leloa gurera aldatuta: Jaio. Lana.Hil.

Jakina, gidatzen gaituen sotana eta trajedun gizonezkoez noski osatutako kontzilio batek aspaldi erabakita daukalako hori dela zuzen bidea: lana. Eta, gaur egun ezinbestean, iritsi da bateratzea, lana eta lana, emakumezkoei bideratuta, jakina, haiek dira-eta biktima nagusiak (gizonezkook historikoki lortu dugu lana eta kiroldegia edo soziedadea bateragarri egiten… lanetako bat emakumezkoei utzita, guk eskuzabalok!).

Txarrena da ez dugula zalantzan jartzen bizimodu deabru hau, jainko nagusi lana —eta jendartearen erdiaren bazterreratzea— daukan hau. Lana bilatu, lana egin, lana lortu, lanbide on bat eduki… Bizitzea eta gozamena bat egiten, egiten sikiera, saiatu beharrean, lan egiten dugu; eta bizi gara eta gozatzen dugu lanak uzten dizkigun tarte (gero eta txikiago) horietan (salbu eta lanean gozatzen dutenak, lana eginez konforme bizi direnak, horietarik ere bai baitago).

Eta tristurte honetan langile nekaezin, Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat iragarri berri du pandemiak jotako gure ekonomia suspertzeko, eta izena jarri dio. Eta harrigarria bada ere, ez ingeles batuaz, euskaraz baizik: Berpiztu. Modu elegantea da aitortzekoa hilda gaudela.

Baina hala eta guztiz ere, dantza egingo dugu geure hilobien gainean. Botereak besterik nahi badu ere, egin dezagun nahi badu ere, oraindik ere lan pixka bat… eman egingo diogu. Zergatik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.