Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Botikak

2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Modak gure bizitzako esparruguztiak hartzen ditu, baitafarmazia ere. Ez dakigu nola, baina garaien arabera sendagai baten kontsumoa nagusitu egiten da eta nonahi egoten da beste zerbait berriagok ordezkatzen duen arte. Kontsumoa energia bezalakoa da: ez da sekula deuseztatzen, eraldatu egiten da. Gaur egun ni ez naiz kalera ateratzen aldean ibuprofenoa eraman gabe, baina ez dut gogoratzen zerk eragin zuen anartean jaun eta jabe zen aspirinaren ospea margultzea eta pilula berriak haren tokia hartzea.

Txikitako nire oroitzapenetako botikinean optalidoia zen nagusi, amak, izebek eta haien lagun emakumeek barra-barra hartzen zutena. Laurogeiko hamarkadako farmaziako protagonista izan zen, botikinetako izarra, gaitz guztiak konpontzen omen zituen eta. Amen droga zela esaten genuen, jakin gabe zein neurritaraino egia zen hori, gerora jakin baitzen eragiten zuen sentsazio goxo hura ez zela begitazioa, optalidoiaren osagaietako bat butalvital barbiturikoa zela, adikzioa sortzen zuena, eta baita, ondorioz, abstinentzia-sindromea ere.

Ama eta beren lagun emakumeei optalidoia zertarako hartzen zuten galdetuta, ondo sentitzeko zela esaten zuten. Orain damutu egiten zait erantzun zehaztugabe horren hari-muturrei tira egin ez izana jakiteko zehazki zerk sentiarazten zituen gaizki nire inguruko emakume ia guztiak. Zerbait oso komuna behar zuen izan, denek partekatzen zuten birus modu bat edo, oraingo pandemiaren gisa berekoa, baina emakumeei bakarrik eragiten ziena. Feminismoaren Mistika bere liburuan Betty Friedman-ek ahotsa eman zion optalidoiaren lurrin lasaigarrietan ahituz joan zen emakume belaunaldi horren gaitzari eta horri esker jakin genuen «izenik ez duen ondoez» hura zela emakumeak gaixotu egiten zituena. Eta gure begien aurrean ezkutuan zetzana agertu zen.

Azaroaren 25a ate joka dugu jadanik, eta aurten Emakundek belaunaldi horretako emakumeei begira jarri gaitu, Entzunez gero, ikusiko duzu lelopean. Zazpi emakumeren testigantzan oinarritzen da kanpaina, eta bakoitzak, bere ahots eta bizipen propioekin, emakume guztiona den kontakizunaren zertzeladak eskaintzen dizkigu. Testigantza horiek ikustean, ezagutzen ditudan ama, izeba, amona eta lagunak agertu zaizkit supituan, eta baita ezagutzen ditudan aita, osaba,aitona eta lagun gizonak ere. Puzzlearen piezak ezagutzen ditugu, denok bizi izan ditugulako neurriren baten edo bestean, baina uko egin diogu irudi osoa aztertzeari. Horrek deseroso sentiarazten gaitu, ia jaio garenez geroztik begien aurrean izan dugun biolentziaren aurrean itsuak izan garelako. Ihes egiten utzi diogu adineko emakumeek sufritzen duten indarkeria horri, hain etxekotua, hain barneratuta, hain geurea den biolentzia-mota horri. Normala denari ez zaio erraz erreparatzen, eta gure gizarteak normatzat du emakumea menpekoa izatea: senarrarekiko, hitzaren adiera zabalean; familiaren betebeharretara guztiz emana, maitasunak, (ai, maitasunak!) ordainetan horixe dakarrelako, ustez. Entzun ere egiten ez ditugun emakume horiek eta sufrikario handia eragin dieten gizonek ongi ulertu zituzten gizartearen aginduak: ez dira salbuespena, matxismoan diziplinatutako emakume arruntak baizik, geure ama eta amonak, errealitatearen gordina jasan ahal izateko optalidoiaren lurrinean babestu zirenak.

Ez da, baina, belaunaldi kontua. Kanpainako emakumeen adinkide dira, adibidez, gaur egun lortutzat ematen ditugun eskubideen alde borrokatu ziren emakumeak. Ez da garaia, ez da adina, ez da gutako bakoitzaren gaitasuna edo gaitasunik eza:matxismoa da. Eta horren aurrean, geu gara espektro zabaleko botika bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.