Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Miopea

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Miopeok, urrutira begiratzen dugunean oso keinu adierazkorra egiten dugu: begiak apur bat itxi egiten ditugu, betondoa uzkurtuz, izan ere, atentzio handia jarri behar izaten baitugu aurrean dugun hori osorik jasotzeko. Nekagarria da miopea izatea,eta gainera, albo-ondorio argi bat du: miopeok beti haserre gaudela pentsatzen du ikusten gaituenak.

Geure burua euskalduntzat dugunok maiz miopeen gisan begiratu izan diogu etorkizunari geure hizkuntzaren geroaz gogoeta egiten dugunean: atentzio handia jarriz, eta betondoa uzkurtuz. Asko pentsatzen dugu euskararen etorkizunaz euskaldunok, inguratzen gaituzten beste hizkuntz-komunitateetako kideen batezbestekotik oso gora, nik uste. Inguruan hizkuntza-komunitate handiak izateak edo maiz elkarri eraso egiteko arma gisa erabili izanak horretan zerikusi handia izango zuten.

Bi hamarkada luze joan dira Bernardo Atxagak euskaldun kategoria probokatzailea eman zigunetik: euskaldun patetikoa (euskararen alde egitearren hanka bat ere mugituko ez lukeena, zangotrabak jartzeko ez bada), sinpatikoa (euskaren zale neka-ezina, eraso egiten dutenekin ere onbera eta egonarri handikoa) eta antipatikoa (pathos, sufrikarioa), nahitaez sufritu besterik egingo ez duena. Eta zer datorren adi-adi begiratze horrekin sortzen den miope begirada horrek hirugarren multzoan kokatzen gaitu maiz.

Sufritu egiten dugu euskarak mina ematen digulako: ez delako nahi genukeen bezainbeste ezagutzen, edo ezagutzen denean, ez delako nahi genukeen bezainbeste erabiltzen. Edota erabiltzen denean, gaizki erabiltzen delako, hizkuntza mordoilo edo hizkuntza pobrea, sekula ez nahi genukeen bezain jator edo aberatsa. Sufritzen dugu oso gaizki itzultzen gaituztelako, edo ez gaituztelako batere itzultzen eta munduko hizkuntza handiekiko urrutiegi jartzen gaituztelako. Gutxi irakurtzen zaigulako, jendeak ez duelako telebista euskaraz ikusten, ekoizpen handiaren pareko kultura-eskaririk ez dugulako sortzen, edo gazteek ez dutelako aurreko belaunaldiko euskaldun jatorrek egindako ahalegina behar bezala baliatzen. Asko sufritzen dugu esaten digutenean gurea hizkuntza artifiziala dela, ez inguruko hizkuntza handi eta eder hori bezala, zeina, jakina denez, Unibertsoa abian jarri zuen Leherketa Handiarekin batera barreiatu baitzen munduan, bere tilde, be eta ube guztiekin.

Miopea izateaz gain, Historiarik gabeko euskalduna naiz, genealogia urrikoa. Gure abuelaren lagunak harritu egiten ziren udan Extremadurako herrira bisitan joaten nintzenean Ramona zergatik deitzen nion ez zutelako ulertzen, paper baten amona idatziz katramila azaldu nien arte. Gure familiako lehen euskalduna naiz, eta euskara ikasi nuen adiskide batek apustua egin zidalako. Familia bateko haurrak zainduz eta Zumaiako ume-talde bat boleibolean entrenatuz ikasi nuen ikasi dudan apurra. EGAtituluaz baino harroago nago hitzak ahoskatzen erakutsi zidaten gazte horietako bat topatu nuen azkenaldian ia-ia ongi egiten nuela esan zidalako. Zuhaitz guztiak, baita genealogikoak ere, kimu txikiak dira hasieran eta belaunez belaun zabalduz joaten dira, irekiz eta aberastuz.

Miopea naiz, baina nahi izanda ere, ezin izango nuke erabat euskaldun patetikoa izan, euskarak mina baino plazerra eman didalako ia beti. Munduan 7.000 hizkuntza inguru hitz egiten dira. Den-denak ez dira, baina, nireak, ez ditudalako aukeratu. Euskara guk bakarrik dugu, eta besteek ez zeukaten guk eman genien arte.

Gaur, gaur delako, eta egunero merezi duelako, ospa dezagun, urrutira begiratzeari uko egin gabe, alai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.