Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Marmotak eta tulipak

2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Igaro dira otsaileko lehen egunak. Joan dira Kandelaria, San Blas eta Santa Ageda, negua atzean utzi eta udaberria gertu dagoela iragartzeko neguko jaiak. Gurean hartza ere lurrarekin batera sasoihonetan esnatzen da, negua gehiago luzatuko den edo ez iragartzeko. Esaera zaharraren arabera, «Kandelaria hotz, negua motz»; «Kandelaria bero, negua gero».

Esamoldeen tradizio zaharrari erreparatu beharrean, ordea,bestelako baliokide berriagoetan jarrarazi digute fokua azken urteotan. Gure hartzak adieraziko lukeenari izkin egin eta Punxsutawneyko marmotak dioenari begira jarri gaituzte komunikabideek. Behin eta berriro errepikatzen den egunaren inguruko Marmotaren eguna film estatubatuarrari esker ezagutzen dugu Phill. Aurten, negua sei astez luzatuko dela iragarri du.

Urtaroak zoratu xamar ditugu azkenaldian, ordea; loreak etxeko loreontzietan agertzen hasita daude dagoeneko eta. Behinola herrialde ezberdinetatik ekarritako erraboilez betetako loreontzitik lore luzangak doaz gorantz. Tartean dira, besteak beste, Amsterdametik ekarri eta inoiz erne ez ziren tulipen erraboilak ere. Laru kolore antzeko ertzak nabarmentzen zaizkio kapulu bateko orriei. Jolas espekulatibo ederra da loreek nola harritu eta gure balkoian ze koloretako udaberria izango dugun aurreikusten saiatzea. Baina are harrigarriagoa da jolas honen gainean historiako lehen eztanda finantzarioa gertatu zela pentsatzea.

Iragan denboran kontatu daiteke, baina orainaldian kontatuta ere berdin balioko lukeelakoan nago. Beraz… Demagun tulipomania izeneko izurri batek gure gizartea kolpatu duela, eta lore mota hau gure leiho eta balkoietako protagonista nagusi bihurtu dela. Etxe bakoitzaren aberastasunaren irudi, orduan eta gehiago eta koloretsuago, orduan eta kokapen hobea izango dugu. Balkoirik onenetan egongo dira tuliparik berezienak, ezohikoenak eta esklusiboenak. Jendetzak horrelakoak nahiko ditu, noski, euren balkoiak ere maila berean egon daitezen. Baina garestiak izan arren, moztutako loreekin ez dago urte osorako merkaturik. Negozioa loratutako loreekin egin beharrean, erraboilen salerosketaren bidez egitea otuko zaie. Iragartzeko esaldia ere erraz asmatuko dute: inbertitu erraboiletan hilabete batzuk barru balkoiak inoiz baino ederrago izateko! Eta jendea zoro moduan erosten hasiko da, gero eta gehiago, erraboilak etxe baten prezioaren neurrian erosteraino. Zein koloretakoak izango diren jakin gabe dirutzak ordainduko ditu jendetzak urteetan zehar luzatuko den izurri honetan. Arratsalde batez, erraboila mordo bat duen saltzailea taberna batera joan, eskaintza egin eta eroslerik agertuko ez den arte. Prezioa jaitsi arren, inork ez du erraboilik erosi nahiko, eta izua zabaltzen hasiko da. Denak saltzaile, baina eroslerik gabe. Katakrak.

Jolas espekulatibo bat barik, espekulazioaren jokoa ulertzeko ezin hobea da XVI. mendean Herbehereetan gertatutako hau. Nik, behintzat, tulipomaniaren azalpen honi esker askoz hobeto ulertu nituen azken mendeetan zehar emandako finantza krisiak eta eztandak. Zalantza barik, loreen etorkizuneko koloreekin espekulatzeak burtsako etorkizun abstraktuekin egitea baino askoz errazagoa dirudi.

Negua joango da, eta etorriko da udaberria, hartzak gura edo ez, baina tulipomanien izurriek jarraituko dute, atzo gaur bezala eta bihar ere, antzeratsu. Izan ere, lore, ondasun, txerto edo gura denarekin, joko arauak aldatu ezean, katakrakak marmotaren egun izatera kondenatuta gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.