Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gardentasuna

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Grabazioa zikina da (ezin zitekeen bestela izan), baina erraz entzun daiteke zer esaten den bertan, ulertzea —hitzaren adiera zabalean— zailagoa bada ere. Público egunkariak zabaldutako Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez-Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren grabazioaz ari naiz, edo zehatzago esanda, han entzundako kontakizun lazgarriaz. Audioa zikin zegoela esan zuen frogatzat hartu ez zuen epaileak, baina kiratsa ez zaio grabazioaren kalitate txarrari leporatu. Ezkutuan baino gordean egon diren hitz horiek, baina, irten dira atari zabalera, eta azkenean, argi-hari mehe bat sartu da soto ilun sakonetan eta handik begira jarri gara.

Lehendik irakurria genuen, baina hizki idatziek ez dute ahotsaren hoztasuna islatzen. Hotza, hotzikara eragiterainokoa, sumatzen zaie. Ez da berba-jario ausazkoa, hitz aukeratuak dira eta esangura propioa dute. Hitzak ez dira eztarrian sortzen, barrurago dute sorlekua eta tortura hitzaren ordez galdeketa berba aseptikoa aukeratzen duenaren barruan zer dagoen galdetzen diot neure buruari.

Eskua joan zaiela esaten dute, iradokiz edo honetan ere mailak daudela: tortura on eta profesionala, alde batetik, eta afizionatu batek egingo lukeen tortura zatarra, kuidadorik batere jarri gabe ezarria, bestetik. Lan txukuna, ongi egiten diren astakeriak, eta basakeria zantarrak: kanpora ateratzean nabaritu ere egingo ez direnak (torturatuak bakarrik jakingo du horren berri) edo egun txarra duzulako edo, eskuetatik ihes egiten dizuna.

Ezin dut imajinatu zein inpunitate-saldan egosi diren bata eta bestearen artean bereizketa egin dezaketen pertsonak. Zer dabilkien barruan metodoa ongi aplikatzearen abantailak zerrendatzeko —halako hoztasunez— gauza direnei, arroz-esnearen puntua zein tenperatura zehatzetan lortzen den kontatuko balute bezala.

Eskarmenturik ez duena ez da horretaz ohartu ere egingo, baina torturatzaile jantziek badakite alde handia dagoela poltsa gardena erabili edo ez. Demagun, hornidura arazoren bat dagoelako edo torturatzaileak ez duelako oraindik ezagutzen bere lanbidearen metodologia zehatza, poltsa beltz bat erabiltzen duela, adibidez, edo kolore bizikoren bat. Egia da plastikoa berdin-berdin sartuko zaiola sudur-zuloetatik torturatuari, eta baita eztarriraino ere garrasi egiten ahaleginduko denean. Itolarria berbera izango da, baina poltsa gardena bada, gizajoak aurrez aurre duena ikusi egingo du eta errazago ohartuko da begien aurrean duen hori agian azken aldiz ikusten ari dela, biziak ihes egiten diolako alferrik egiten duen arnasaldi bakoitzean. Ikusten ari dena sekula berriro ez ikusteko tentazioa izan dezake torturatuak, hori ezin da ukatu, inolaz ere ez baita ikuskizun atsegina izango, baina biziari eusteko instintua askoz sendoagoa da begiak irekita dituzunean. Agian, horregatik kaputxarik jantzi gabe akabatu zituzten, buruan tiro eginez, Lasa eta Zabala: ikus zezaten, gardentasun osoz.

Harritu egin nauenik ez dut esango, susmatzen ez zenik apenas baitago bertan, baina hizketan ari direnen ahotsean entzuteak beste leku baten jartzeko aukera ematen du. Dakusagunak oka egiteko gogoa sortzen badu ere, hor dagoenik eta hor egon denik ezin gehiago ukatu. Iragana geruza zikin batez estali izanagatik ez da azpietan pilaturiko mina eta basa desagertuko. Justiziak lekurik ez duen tokian, egiak egin dezan berea, erabateko gardentasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.