Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zarata

2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ez dakit zenbat aldiz ezabatu dudan idazten hasi naizena. Atzera eta aurrera nabil, bereziki atzera, zerbait esan nahi eta behar dudalako, baina hitzek ihes egiten didate. Eta hala ere, idazten jarraitzera behartu dut neure burua, maiz gertatzen zaidalako ulertzen ez dudana, buruan edo bihotzean iltzatuta daramadana, askatzen hasten dela hatzen eraginez, eta argi-izpi horri eutsiz jarraitu dut. Alferrik, ordea.

Nola adierazi sentitu dudan nazka? Plácido Domingo tenorearen azken kontzertuaren gauean, Madrilen, ikusmin handia zegoen, lehen aldia baitzen haren kontrako jazarpen-salaketak plazaratu zirenetik jendearen aurrean kantatu egingo zuena. Antzokia mukuru beteta zegoen eta, kontzertua hastera zihoala, auditorioa ia oso-osorik zutitu egin zen, eta txaloka hasi. Hiru minutuz. Hiru minutu luzez jardun zuten entzuleek tenoreari txalo egiten.

Biolentzia sinbolikoa, beste biolentzia-mota guztiei eusten dien zoru likatsua. Ohartu gabe irentsi egiten duguna, azalean markarik uzten ez duelako.

Azken bolada honetan, emakumeen kontrako biolentziaren goraldia gertatzen ari da. Bereak ere baziren bi alabak akabatu ditu aita batek amari min sendaezina egiteko modua delakoan.17 urteko neska bat hil eta txikitu du bere bikotekide ohiak, harremana eten egin izana eraman ezinda. Valerie Bacot epaitzen hasi dira eta bizitza osorako zigor-eskaerari aurre egin behar dio 12 urteko umea zenez geroztik bortxatu eta jipoitu izan zuen aitaordea hil egin zuelako; epaiketan frogatu da senideek eta gertuko herritarrek bazekitela horren berri baina ez zutela txintik esan. Senpereko gizon bat atxilotu dute bere bikotekidea, 55 urteko emakumea, labankatuta hiltzeagatik.

Zenbat hilketa onartzeko prest gaude? Kapaz gara kopuru bat emateko gizarte honek irensteko prest dagoen biolentziaren neurria uler dezagun? Zenbat bortxaketa iruditzen zaigu kopuru onargarria, demagun, hilabete baten? Zein da emakumeen kontrako biolentzia-dosi eramangarria? Ba ote dago mugarik?

Idatzi —eta ezabatu— egin dut agian zintzoki aitortu beharko geniokeela geure buruari ez dakigula zer egin zentzugabekeria hau amaitzeko, belaunez belaun gainean daramagun zama hau arinduko duenik agian ez dagoela.

Hans Christian Andersenek bere memoria-liburuan kontatzen du bere aitak aitona zenaren hilkutxaren oholekin egin ziola sehaska. Halaxe gabiltza geu ere, iraganaren hilotzen gainean zerbait berriaz erditu nahi eta ezinda. Geure burua eta gure azturak uste izaten duguna baino motelago aldatzen dira eta iraganaren ahotsa ateratzen da orainaren ahotik, menderen mendetan.

Gure gizartean gizon eta emakume izatea bi planeta desberdinetako izakiak izatea bezalakoa dela idazten hasi naiz, baina ezabatu egin dut. Ez baita egia, eta are gehiago, gezur eroso edo lasaigarria ere badelako. Planeta berean bizi gara gizon eta emakumeak, berdinak gara izatez, eskubidez eta duintasunez, baina botere-harremanen jokoan oso toki desberdinak esleituta ditugu. Ez gaude leku berean, ez gara sekula egon eta duda egiten dut inoiz egongo garen. Ez behintzat, gaizkileak aitortutako delituaren aurrean antzoki oso bat zutik jartzen den bitartean. Neure buruari gauzak aldatzen ari direla esaten badiot ere, berez, botere-harremanaren bi alde horiek mugiezinak direla idatzi beharko nukeen, baina kosta egiten zait neure buruari hori aitortzea.

Ganorazko beste zerbait idatzi beharko nukeen, baina ezin ditut nire pentsamenduak entzun emakumeen kontrako abusuak gaitzetsi ordez sostengatu egin dituztenen hiru minutuko txaloaldiak barruan eragin didan zarataren erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.