elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ihesi eta babes bila

2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gaur zortzi, goizeko lehen orduan, janari-dendako kaxan, bi hitz harrapatu nizkion aurretik neukan bezeroari: bonbardaketak eta ebakuazioa. Zer, Ukrainan? Bezeroak, adin ertaineko emakumea bera, semea omen dauka Kieven, eta harengandik jasotako azken albisteak ziren. Ukrainako gerra sartu zaigu eguneroko erosketetaraino, eta jabetzen da bat geopolitikaz diharduten adituen esplikazioak ez bezala iristen zaiola ama kezkatu horrek dakarren testigantza. Ukrainako egoeraren zuzeneko testigantzak euskaraz ere ari gara jasotzen, Txernobylgo haurrak zirenei esker, besteak beste.

Telebistako irudietan haurrak, amak, gazteak, adinekoak... mugetara bidean, maletan oinarrizko ekipajea sartuta. Gogora 1936ko gerrako zuri-beltzeko irudiak: haurrak, amak, amonak, tartean gizonezkoren bat, Irungo Abenida zubia pasatzen Iparralderantz. Hari mehe bezain sendo batek lotzen ditu duela laurogeita sei urteko irudiak eta egun hauetakoak: aurpegiek adierazten duten larritasunak; nola hala eusten zaion sakoneko larritasun horrek berdintzen ditu.

Atzerago jota, horien pareko irudiak topatu ditut Bigarren Karlistaldiari buruzko Pour Don Carlos film mutuan (1921). Emakume baten obra da pelikula,Jeanne Roques-ena (Paris, 1889-1957), Musidora izen artistikoz; bera izan zen factotum-a: Pierre Benoiten nobela zinerako egokitu eta gero, pelikula zuzendu zuen Jaime Lasuenek lagunduta, bere kontura ekoitzi... eta protagonistaren rola jokatu zuen, gainera.

Musidora Alegria kapitaina da pelikulan, Don Karlosen aldeko sutsua. Ez zen ohikoa duela ehun urte emakume batek halako rola jokatzea, eta gutxiago 1876an girotutako film batean. Fikzio aurrerakoia da, beraz, islatzen dena. Plano batean oso garbi ageri da Aiako Harria, izan ere, Oiartzun, Hondarribia, Irun, Elizondo eta Biarritzen filmatu omen zuten, bertako jendearekin. Badaude gerrako eszenak: mendian, parapetotik tiroka. Ondoren ikusten dira soldadu zaurituak —karlistak— erretiradan, abaildurik eta errenka. Hurrena, mugimenduan ageri da herritar oldea —adinekoak, gazteak, umeak— badoazela gerratik eta haren ondorioetatik ihesi, babesleku bila. Orain Ukrainako mugetan bezala. 1876, 1936, 2022... sekuentzia madarikatuaren hiru geltoki.

Filma fikziozkoa den arren, garaiko herritarrak erakusten dituen neurrian, dokumentu antropologikoa ere bada; orduko argazki ofizialen zurruntasunetik haratago, duela mende bateko euskal jendearen tankera islatzen du. Areago, azaltzen du nola irudikatzen dituzten XX. mendeko bigarren hamarkadan berrogeita bost urte lehenagoko herritarrak. Bide batez, jende iharra da nagusi; eta benetan serio ageri dira kamera aurrean. Istorioak hala eskatzen zuen, baina irudipena ematen du ez zitzaiela asko kostatu paperean sartzea. Alegia, 1876ko Karlistaldiaren galera —eta oihartzuna— bizi ote zuten 1921ean oraindik.

Eulalia Abaituak (Bilbo, 1853-1943) erretratatzen zituen herritarren antza hartzen zaie Pour Don Carlos filmeko aktore anonimoei. Zerikusirik ez erretratu ofizialetako errege-erregina, militar, elizgizon eta konpainiarekin. Abaituak argazkietan betikotu zituen Arratiako baserritarrak, nahiz Nerbioi inguruko txalupariak eta lixibagileak, senide gertatzen dira Jeanne Roquesen pelikulako estrekin. Musidora Folies-Bergèreko aktore izandakoa zen. Femme fatale-ren kategorian sartu zuten eta surrealistek musatzat omen zeukaten. Argazkietan avant la lettre-ko irudia ematen du askotan. (Filmari buruzko erakusketa igandera arte dago ikusgai Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.