elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

NATOko kide

2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sekula baino gehiago ari zait kostatzen Arkupean-eko artikulua idaztea. Baditut kromo batzuk, harridura-marka dezente eta galdera-ikur gehiago, baina ezin jokoari ekin. Nokeatuta nago, egia esan, aldiro begiak bustitzen dizkidan albiste jarioarekin.

Bat-batean badatorkit oroitzapen bat: NATOri buruzkoa, hain zuzen ere; zehazki, Espainiako Estatuan NATOn jarraitu ala ez erabakitzeko egin zen erreferendumarena. 1986ko martxoaren 12an izan zen, Felipe Gonzalezen gobernuak deituta. Ordurako Aliantza Atlantikoaren barruan zegoen Espainia 1982tik.

Bere garaian PSOEk NATOn sartzearen kontrako kanpaina egin zuen, hain ezagun bihurtu zen De entrada, no leloarekin. Gobernura iritsitakoan, ordea, norabidea aldatu eta aliantza militarraren aldeko bilakatu ziren Gonzalez eta bere jendea. Hala ere, NATOren kontrako mugimendua, ezkertiarra eta herrikoia, indartsua izan zen oso; kanpaina bizia izan zen zinez. Erreferendumean Estatuko lau lurraldetan irabazi zuen NATOrekiko ezetzak: Katalunian, Kanarietan, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Aliantza Atlantikoari aurre egiteko sortu zen Varsoviako Ituna duela hiru hamarkada iraungi zen; NATOk, aldiz, bizirik eta indar guztiz segitzen du mundua zaintzen. Eta NATO bera AEBek zaintzen dute: Biden presidenteak mehatxatu gaitu Hirugarren Mundu Gerrarekin, baldin eta Putinek NATOren lurraldea ukitzen badu. Ez du esan gerra hori ez dela AEBetan gertatuko, baina historiari erreparatuta, ondorioztatu daiteke ez duela Ipar Ameriketako lurraldea ukituko.

«NATO existitzen da gaur egun, batez ere, bere izateak eragiten dituen arriskuak kudeatzeko». Katrina vanden Heuvel, Estatu Batuetako The Nation astekari aurrerakoiko zuzendariak esana. Olga Rodriguez kazetariaren Jalear la guerra artikuluaren barruan (ElDiario.es, 2022-03-08) aurkitu dut aipua. Vanden Heuvelen bidetik jarraituz, Olga Rodriguezek galdera hau egiten du: «Hain garrantzitsua al da Ukraina NATOn sartzea? Norentzat?». Zelenskik baztertu omen du, oraingoz, NATOko kide egitea.

Errusiako eta Ukrainako negoziatzaileen mahaia. Kamerak erdiz erdi hartzen du planoa; han, barrenean, banderak; mahai luzearen alde batean trajedunak errenkadan; parez pare, itxura gazteagoko gizonezkoak, gehienak kakiz jantzita, bat bisera eta guzti. Lehenengo egunetako bat falta omen da: Denis Kireev bankaria; SBUk —Ukrainako zerbitzu sekretuak— tiroz hila, atxilotuta zeukaten bitartean. Errusiarrekin elkarrizketak izan zituela eta traidoretzat jo dute nonbait.

Bilera hasterako, alde bateko eta besteko ordezkariek elkarri eskua eman ohi diote, nolabait; oso nolabait. Harrigarria litzateke bando banatakoak elkarrekin pozik agertzea, baina... ez al zaio gain-antzezpen traza hartzen eszenari? Semiotikako adituek badute aztergaia.

Bitartean, NATOk hurrengo gailurra Espainian egingo du, Madrilen, ekainaren 29 eta 30ean. Pedro Sanchez presidenteak lotuko zituen gauzak erakundearen idazkari nagusi den Jens Stoltenbergekin, NATOren Letoniako basera elkarrekin egin berri duten bisitan. Bide batez, Ukrainarako 40 milioi euro eskuratu dizkio Espainiak aliantzari; armetarako, jakina.

Ukrainatik eta alboko herrialdeetatik iristen diren kronikek bihotza uzkurtzen digute aldiro. Lehen egunetan Ane Irazabal Kieveko erdialde hustu hartatik. Laster Mikel Aiestaranek hartu zion erreleboa; planoan orain beti daude eraikin txikituak, kea dariela. Amagoia Mujika Poloniako ertzetik aritu da. Xabier Madariagak ere han nonbaitetik ezagutarazi dizkigu ihesi dabiltzanen istorioak. Berdin Bielorrusiatik Aintzane Bolinagak eta Laida Basurtok. Euskarazko kazetaritza sekula hurbildu gabe zegoen hain modu zabalean gerra kazetaritzara. Tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.