Frantziako Tourra

Beste danimarkar bat

Mads Pedersen nagusitu da Tourreko hamahirugarren etapan. Nagusirako faboritoak batera iritsi dira, eta indarrak gorde dituzte

Beste danimarkar bat.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Danimarkan eman zitzaion hasiera aurtengo Frantziako Tourrari, eta danimarkarrak izan dira protagonista nagusiak itzuliko lehen erdian. Mads Pedersenek (Trek) irabazi zuen atzo, Saint Etiennen, Tourreko hamahirugarren etapa, eta azken lau etapetatik hirutan Danimarkako txirrindulariak nagusitu dira.

Magnus Cort Nielsenek (Education First) erakustaldia eman zuen lehenengo asteko ihesaldietan, eta hamargarren etapa irabazi zuen. Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) Granonen irabazi zuen etapa, eta maillot horia jantzi zuen nagusitasun osoz. Itzuli emankorra izaten ari da danimarkarrentzat, eta txirrindularitzarekin daukaten loturak fruituak eman ditu.

Etapa luzea izan zuten txirrindulariek Alpeetako jipoiaren ostean. Ibilbide gorabeheratsuan aritu ziren, eta hiru mendate igo zituzten. Etapa ehiztarientzat egun aproposa izan zitekeen, baina ikusteko zegoen esprinterren taldeek zer jarrera hartuko zuten.

Zazpi lagunek lortu zuten eguneko ihesaldian sartzea. Lehia bizia izan zuten hasieratik, eta tropelak hainbat saiakera bertan behera utzi arren, azkenean lortu zuen talde batek aurrera egitea: Filippo Gannak (Ineos), Matteo Jorgensonek (Movistar), Stefan Kungek (FDJ), Alfred Wrightek (Bahrain), Hugo Houlek (Israel), Pedersenek eta Quinn Simmonsek (Trek). Hala ere, tropeleko hainbat talde adi egon ziren aldea ez handitzeko.

Lotto Soudal izan zen talde horietako bat, baina 70 kilometro gelditzen zirenean, Caleb Ewan, taldeko esprinterra, erori egin zen. Azken mendatean gora, ezinean gelditu zen Ewan. Etapa garaipenetik kanpo gelditu zenez, bere taldeak tropelean lan egiteari utzi zion.

Alpecin eta Quick-Step jarri ziren buruan, ondoren, esprinterren mesedetan. Hala ere, Fabio Jakobsenek (Quick-Step) ezin izan zion erritmoari jarraitu, etaatzean gelditu zen. Horiek horrela, aurrekoek aldea handitu zuten, eta ondo moldatu ziren, elkarri erreleboak emanez.

Bike Exchangeko txirrindulariak saiatu ziren aurreko taldearekin bat egiten, baina indarrik gabe gelditu ziren 30 kilometroan. Hori ikusita, tropelak martxa mantsotu zuen, eta ez zuen ezer jakin nahi izan garaipenaren lehiarekin.

Sei txirrindulari gelditu ziren aurrean, eta hamabi kilometro gelditzen zirenean, Pedersenek jo zuen erasoa. Wrightek eta Houlek lortu zuten danimarkarrarekin bat egitea, baina beste hirurak, hogei segundoko galduta, jokoz kanpo gelditu ziren.

Esprintean erabaki zen etapa. Zorrotz zaindu zuten elkar, eta 300 metro gelditzen zirenean abiatu zuen Pedersenek esprinta. Aise lortu zuen garaipena. Lehenengoa zuen Tourrean danimarkarrak. Tropelean faborito guztiak elkarrekin iritsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.