M-8a girotzeko kontzertua

Gure Ahotsak-en lehen saioan Sara Mansilla, Olatz Salvador, Izaro eta Elena Setien ariko dira
Sara Mansilla, Izaro, Olatz Salvador eta Elena Setien, Gure Ahotsak egitasmoaren aurkezpenean, atzo, Donostian.
Sara Mansilla, Izaro, Olatz Salvador eta Elena Setien, Gure Ahotsak egitasmoaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Miren Garate -

2019ko urtarrilak 12
Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, martxoaren 7an, lau emakume musikari igoko dira Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara: Sara Mansilla, Olatz Salvador, Izaro eta Elena Setien. Donostia Kulturak Gure Ahotsak izena jarri dio egitasmoari, eta, Jon Insausti kultura zinegotzi ordezkariak iragarri duenez, ez da kontzertu bakar batera mugatuko; egonkortzea eta sendotzea nahi dute, eta hurrengo urteetan ere egitasmoari jarraipena ematea. Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekitaldi bat izango da, eta beste emakume batzuen ahotsak entzungo dira hurrengo urteetan; ahal den heinean, «harrobikoenak».

Atzo egin zuten aurtengo kontzertuaren aurkezpena, artistak beraiek ere han zirela. «Horrelako ekintzak oso aberasgarriak dira berresteko oholtzan egon ahal garela lau emakume eta espektakulu on bat izango dela berdin-berdin», azaldu zuen Izarok, eta zehaztu ez dela ahaztu behar atzetik egin behar den lana, eta oraindik ere lan izugarria dagoela egiteko. «Bide hori markatzen jarraituko duen puntu bat da hau ere». Bide beretik mintzatu zen Mansilla ere. «Pozten nau emakumez osatutako kartel bat ikusteak, normalean dena mutilak eta neska bat edo bi izaten baitira. Horrelako gauzak ondo daude zer egoera dagoen ikusarazteko».

Musikari bakoitzak bost bat abesti joko ditu, eta blokeetan banatuko dute emanaldia, artista bakoitza bere blokearen jabe sentitu dadin. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestuko dute. Ia bi hilabete falta dira kontzerturako, eta azaldu zuten oraindik ez dutela pentsatu zer abesti joko dituzten, baina zehaztu zuten gehien gustatzen zaizkien abestiak edo ustez beren lana ondoen ordezkatzen dutenak aukeratuko dituztela. «Ez zait iruditzen Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldi bat izateagatik guztiak horri lotuta egon behar duenik. Gure lana eta lan hori nola egiten dugun erakusteko aitzakia bat ere bada. Iruditzen zait laurok egotea bera ere badela sinbolo bat», esan zuen Mansillak.

Elkarrekin zerbait egiteko asmorik ba al duten galdetuta, kontatu zuten ez dutela ezer prestatua, egunean bertan ikusi beharko dela. «Kontzertua zatikatua izango da, baina espazioa, oholtza eta posizioa partekatuko ditugu; beraz, zerbait egitea okurritzen bazaigu, errazagoa izango da. Auskalo zer gertatuko den», bota zuen Izarok.

Viktoria Eugeniaren xarma

Lau musikariek adierazi zutenez, ilusio handiz jaso dute Gure Ahotsak-en parte hartzeko gonbidapena, eta bereziki poztu ditu emanaldia Viktoria Eugenia antzokian egiteak. «Umetatik leku enblematiko eta magikoa izan da niretzat Viktoria Eugenia, han sartzea bakarrik miresgarria iruditzen zitzaidan», esan zuen Setienek. Eta berdin Salvadorrek ere. «Orain dela bolada bat esan izan balidate, ez nuen imajinatuko ni han egotea, eta, orain ere, mentalizatu egin beharko dut. Oso ondo inguratuta egongo naiz, eta nik ere ilusio bereziz bizi dut gure aldarrikapena egiteko espazio hau izatea».

Insausti zinegotziaren arabera, antolatzen dituzten kontzertu eta ekitaldien helburua zer pentsatua sortzea izaten da, eta hori lortu nahi dute Gure Ahotsak-ekin ere. «Saiatzen gara zenbait balio helarazten: Giza Eskubideen Zinemaldiarekin hori egiten dugu; Olatu Talkarekin partaidetza sustatzen dugu; 2016an, elkarbizitza izan zen gure leloa; eta Gure Ahotsak-ekin, berdintasunari egin nahi diogu keinu».

Gogoratu zuen iazko Martxoaren 8a mugarri bat izan zela lurralde osoan, eta azaldu zuen horri heldu nahi izan diola Donostia Kulturak ere. «Askotan esaten dugu kulturak jantzi egiten gaituela, eta janzten gaitu gizartean prestatuago egoteko, hazteko eta hezteko. Hori izaten da normalean gure programazioaren bidez egiten duguna».

20:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrerak eskuragarri daude Donostia Kulturaren atarian, 18 euroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna