Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Prebentzioa gorabehera

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan, eta azken asteotan bereziki, frantziar estatuan jaka horien manifestaldietan bazter nahasle batzuk poliziei aurre egin eta borrokara etorri dira, hiri altzariak suntsituz, besteak beste. Egoerari aterabide bat atzeman behar zaiola eta, lege proposamen bat egin du Barne Ministerioko lantalde batek.

Taldeak LR senatarien lana hartu du abiapuntutzat, non azpimarratua baita «modu baketsuan manifestatzeko eskubideari kalte egiten dioten nahasleak indargabetzea legeztatu beharra». Lehen ministroak futbol zelaietan hooliganen aurka martxan den dispositiboaren antzeko bat ezarri nahi du, manifestaldietan parte hartzea debekatua izan dakien nahasle gisa identifikatuak izanen direnei.

Kaputxadunak zigortu eta fitxategi bat sortu beharra azpimarratu du; izan ere, pertsona batek manifestaldi baten inguruetan identifikatua ez izatearren aurpegia estalia (osoki zein partzialki) eramatea delitua baita; polizien kasuan ez, haatik.

Fitxategi bat sortzea da, beraz, helburua, baina fitxategia zeren arabera egina izanen litzateke?

Bada, pertsona bati manifestaldietan parte hartzea debekatuko zaio baldin eta «arrazoi serioak badaude bere portaerak ordena publikoa larriki mehatxatu lezakeela pentsatzeko».

Eta bertan sartuak lirateke aurretik beste manifestaldietan bortizkeriagatik kondenatuak izan diren pertsonak, baina baita ere «talde baten kideak edota horrelako ekintzak eragitera daramaten pertsonekin harremanetan» daudenak. Argiki ikusten da zerrenda fite osatuko dela horrelako irizpideekin...

Legeak manifestaldietan gerta daitekeen bortizkeriaren prebentzioa omen du helburu. Prebentzioa, hiztegiaren arabera, istripu edo gaixotasun bat gerta ez dadin hartu behar diren neurriak aurrez hartzeari egiten dio erreferentzia, eta prozesua ezaguna da: programa prebentziozkoak, kanpainak, baliabideak ongi pentsatuak dira, arazoari aurre egiteko gisan. Eritasunen kasuan, deskribatu egiten da hasteko, gero zerk eragiten duen zehazten, eta ondotik dira sintomak identifikatzen, prebentzioak porrot egin duelarik sendatu ahal izateko... Ildo horretatik segituz, ez al dira manifestaldiak sintomatzat hartu behar? Frantziar lehen ministroak izurritearen gailurrean prebentziozko ustezko neurriak gomendatzen ditu baina.

Hitz horrek badu beste erranahirik, ordea: prebentzioa aurreiritzi ezkorra ere bada, hala nola norbaiten aurka prebentzio azkarrak ukaitea frogarik gabeko epaiketa bidez kondenatzea da... horrela ulertu behar ote da lege berri horren funtsa?

Hirugarren zentzua ere badu hitzak: hobenduntzat hartua den pertsona bat kartzelatua delarik, prebentzioan sartua dela erran ohi da.

Lege berria onartuz gero, mota horretako prebentziorik ez da faltako nik uste. Jaka horien mugimendua hasi denetik, 5.300 inguru izan dira atxilotuak, prebentzioz agian.

Zorionez, bada lege hori gaitzesten duenik ere. Magistratuen sindikatuak salatu du gobernuaren asmoa «oraingo botereari bere aurkari politikoei kalera manifestatzera joatea eragozteko ahalmena ematea litzatekeela», eta Giza Eskubideen Ligaren ordezkariak bere kezka agertu du legea aberrazio politiko-juridikotzat joz, «diktadurara buruzko urrats bat gehiago» dela gehituz.

Diktaduraren arriskuaren aitzinean ez ote litzateke prebentzioz lege berri hori bertan behera utzi behar?

«Ez dute azken hitza ukanen!», aldarrikatu du Philippek berriki telebistako albistegian, «ez dute erakundeak zalantzan ezartzen dituztenek azken hitza ukanen!».

Ultra-zorroztasuna ultra-bortizkeriari erantzuteko, prebentzioz. Prebenituta gaude, beraz, eta lege horrenganako prebentzioak prebentzio aitzakiari nagusituko zaizkiola espero dezagun.

Hobe prebenitzea sendatzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.