Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Liluraren alde

2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Nor dago, gaur egun, lukurreriaren alde? Nork egiten du, publikoki bederen, soldata arrakalaren apologia edota aberatsen alde? Injustiziak ez du prentsa onik, ez du manifestu publikorik egiten. Ez du behar... baina nagusi da. Bere lege krudelak egunero ezartzen ditu, han eta hemen, zalaparta handirik gabe; bai, hemen ere, Urkullu eta Arantza Tapiaren teleberriek mikroklima miresgarrian bizi garela sinetsarazi nahi badigute ere. Erraza da injustiziaren kontra agertzea; zergatik, ordea, egiten zaigu hain zaila alternatibak adostea? Zergatik ezkerrak aspaldian ez du aparteko lilurarik sortzen?

Eskuin politiko eta soziologikoa gorantz dator. Ezer gutxi behar du, gainera, ados jartzeko. Andaluzian ikusi berri dugu PP, C's eta Vox alderdiek emandako ikuskizuna. Bat etorri dira segituan: mahai baten inguruan jesarri eta, berehala, ados jarri dira sasi-programa orokor baten inguruan. Aski izan da lau marra lodiz egindako dokumentu zehaztugabea aginteaz jabetzeko. Ezkerrak, berriz, koadroak egiteko pintzel fina behar du; aldez aurretik helburuak ongi asko definitu eta ñabardura guztiak behar bezala zehaztu arte ez da ezer sinatzen. Bizkitartean, ezkerra odolustu, zatitu eta lausotu egiten da.

Fenomeno bitxiak gertatzen dira. Inkestetan oso jende gutxik jotzen du eskuindartzat bere burua. Eskuin politikoa ez dago modan, baina gero eta toki gehiagotan agintzen du, gero eta estatu gehiagotan ezartzen ditu bere lege zurrunak. Azken hamar urteotan aberatsak gehiago aberastu dira eta pobreak gehiago pobretu. Hala ere, soziologikoki, ezkerra nagusi omen da. Zer gertatzen ari da orduan? Eskuina ez dugu gustuko, baina ezkerrak ez gaitu liluratzen? Horrela al da? Mikel Laboak kantatzen zuen: «Lilurarik ez!/ ez dago itzultzerik/ eguna atean dago/ haize hotza dakar/ ez da izango beste goizerik».

Eskuinak ez gaituko liluratuko akaso, baina kontsumoaren gizarteak, bai, ordea. Neoliberalismoak lortu du klase ertainaren mitoa den-denok sinestea. Oraingo errepresentazio sinbolikoetan buzodun langilerik ez dago, are gutxiago proletariorik (halako hitz desfasaturik!). Hain polemiko suertatu den La trampa de la diversidad liburuan, Daniel Bernabek aipatzen duen adibide bat egokia iruditu zait hona ekartzea. Egun, dio Bernabek, Zarako kutxazain batek 800 euro kobratu lezake, baina bere burua klase ertainekotzat jotzen du. Zarako aholkulari batek, berriz, 3.000 euro poltsikora lezake hilero, baina berak ere klase ertainekotzat jotzen du bere burua. Kontua ez da benetan zer zaren, baizik eta zer sinesten duzun zarela eta, batik bat, zer den desiratzen duzuna: klase ertainekoa izatea, alegia. Hori bai, kutxazainak zein aholkulariak Amancio Ortega handikiaren obra miretsiko dute. Liburuaren egileak dio, agian, okerrena ez dela langileek nagusiarekiko duten mirespen hori, baizik eta behargin biak sistemaren logikaz nola jabetu diren egiaztatzea.

Nago ezker politikoa konplexuz beterik dabilela, han eta hemen. Eskuina ez da milikerietan geratzen. Begira bestela EAJren jarrera Venezuelaren auzian. EBBk hasieratik eta konplexurik gabe onetsi zuen Juan Guaidoren agintea. Ez hori bakarrik, Nicolas Madurori eskatu zion paretik kentzeko, boterea berehala uztea, alegia. Jeltzaleak PP, eta C´s-ekin bat, arazorik gabe. Anasagastiren alderdian tontakeriarik ez.

Ezkerrak astindua behar du, ahalduntze edo berrindartze ideologiko bat. Neoliberalismoaren gordinkeria eta injustiziak agerian utzi behar dira. Gauzak argi eta garbi izendatzea, ordea, ez da aski. Kontra agertzea beharrezkoa da. Erraza da. Zerbait gehiago behar da. Lilura sortu, ilusioa piztu, jendea ahaldundu, zarena zarelako harrotu eta ez lotsatu. Egingarri, gauzagarri diren alternatiba eraginkorrak behar dira. Izan ere, Laboaren kantak garbi esaten zuen: «Kontsolatzerik ez!/ denbora ez da luzea, ustelak lurpera/ bizitza da haundiena». Liluraren alde, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.