Kultur mareak Atlantikaldian

Seigarren urtez, kultur topaketa eta musika jaialdia egingo dute hilaren 19tik 22ra, Errenterian

Atlantikaldiaren antolatzaileak eta erakundeetako ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ATLANTIKALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
2014. urtean lehenengo aldiz antolatu zutenetik, Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldia jaialdia bere sareak zabalduz joan da, eta seigarren ekitaldira sendotuta eta kulturaren alderdi ugaritara irekita iritsiko da. Jaialdia datorren astean egingo da, 19tik 22ra, aurreko urteetan bezala, itsasoa eta haren memoria berreskuratzeko asmoarekin. Orotara, 90 ekintza bilduko ditu festibalak, Marea biziak leloa gai eta ardatz hartuta.

Ohi bezala, musikak ardaztuko du Atlantikaldia, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Nathy Peluso (Argentina), The Skatalites (Jamaika), Abdul & The Gang (Maroko-Frantzia), BIM Benin International Musical (Benin), Oreka TX (Euskal Herria) eta San Salvador (Okzitania) izango dira jaialdiko agertoki nagusian. Ez dira, ordea, kontzertu bakarrak izango, herriko hainbat gunetan beste hamazazpi emanaldi izango baitira.

Artisten arteko elkarrizketak sustatzea izan da Atlantikaldiaren helburuetako bat sortu zenetik, eta, aurten, antolatzaileek harago eraman nahi izan dute nahi hori, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak azaldu duenez: «Itsas Elkarrizketen bidez, jaialdiaren lehen aldietatik, Atlantikaldiak jatorri askotako artistak harremanetan jarri izan ditu ikuskizun bakarrak sortzeko. Orain arte, musika arloan landu izan dugu, batez ere, jaialdiaren zigilu bilakatu den egiteko modu hau». Aurten, berriz, ahalegin «berezia» egin dute elkarrizketa horiek «beste esparru artistiko batzuetara» iristeko.

Hala, Etxepare Euskal Institutuarekin, Errenteriako Ereintza dantza taldearekin eta Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionalarekin elkarlanean, Atlantik 1050 proiektua gauzatu dute. Ikuskizuna Edinburgon estreinatu zuten, abuztuaren hasieran, Fringe jaialdiaren barruan, eta Errenterian hilaren 22an ikusi ahal izango da.

Ez da, baina, hori izango Euskal Herriko eta atzerriko artisten arteko elkarlan bakarra. Hala, arte plastikoen alorrean, Errenteriako Savanna estudioaren eta Daniel Delgado Pistachie ilustratzaile mexikarraren lanaren emaitza da jaialdiaren kartela. Gainera, gastronomia erakustaldi bat ere izango da, Mugaritz jatetxeko Javier Bergara eta Kosta Kostov sukaldari eta DJ bulgariarraren eskutik.

Musika kolaborazioak

Nolanahi ere, musika izango da, aurten ere, Atlantikaldiaren oinarria, eta kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu bereziak antolatu ditu. Hala, jaialdiaren lehenengo egunean, San Salvador Okzitaniako taldeak eta Oreka TX-k itsas elkarrizketa baten emaitza taularatuko dute Agirre Lehendakariaren plazan kokatuta egongo den agertoki nagusian.

Baina izango dira gehiago ere. Abdul & The Gang talde frantziar-marokoarra Korrontzi taldeko Agus Barandiaranekin ariko da oholtzan; The Skatalites taldeko kideek Isheba eta Rakel Koromaren dantza izango dute lagun; Benin International Musical taldearekin Tio Teronen Semeak dantza taldea ariko da; eta Nathy Pelusok Ortzi Acosta zirku artista izango du alboan.

Agertoki nagusitik kanpo ere emanaldi ugari izango dira: Nogen (EH), Nosa Marshall (Nigeria), Maren (EH), Biren (EH), Montauk (EH), Mambe & Danochilango (Mexiko-Danimarka), Ro (EH), Flavio Banterla (Italia), Pitxi eta Olaia (EH), Ane Leux (EH), Chalart58 & Matah (Katalunia), Son Kandela, La Mare (Espainia), Hugo Silveira (Brasil), Sara Zozaya (EH), Aiala & Glamity Sound (EH), Makala (EH) eta Satelitik (EH).

Bestetik, Iker Tolosa jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, «memoria historikoa eta gaur egungo migratzaileen egoera» uztartzen dituzten bi sorkuntza plazaratuko dituzte: Dantzaz konpainiaren Basoan ikuskizuna, eta Errenteriako Musika Bandak, Andra Mari abesbatzak eta Oihane Enbeitak sortutako Itsasoaren enbatak lana.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

atlantikaldia.errenteria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.