'Gezurren habia' ondu du Jabi Elortzak, gazteentzako bere hirugarren eleberria

Neska nerabe baten desagerpenak eta berori argitzeko ikerketak gezur ugari utziko ditu agerian. Istorioak gazteak 'harrapatzea' izan du xede

Jabi Elortza idazlea, Elkar argitaletxeak zabaldutako irudi batean. RAQUEL CERMEÑO.
Ainhoa Sarasola.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
DBHn euskara irakaslea da Jabi Elortza, eta, alde horretatik, ongi ezagutzen ditu nerabeen zaletasunak. Haiek oso kontuan izanda idatzi du Gezurren habia, gazteak protagonista dituen eta gazteentzat ondu duen hirugarren nobela. Aurreko bi liburuak bezala—Sara (2017) eta Kinito egunak (2018)—, Elkar argitaletxearekin plazaratu du lan berria ere.

Hiru nerabe dira nobelako protagonistak. 17 urte ditu Ainhoak, bere lagun min Anek bezala, eta 15, berriz, Saioak, lehenaren ahizpak. Ainhoaren eta Saioaren gurasoak bananduta daude, eta harreman txarra dute, alabei zuzenean eragiten diena. Larunbat gau batez, Ainhoa lagunekin aterako da, eta ez da etxera itzuliko. Amak aitari deituko dio aurrena, eta Ertzaintzari gero. Bi ertzain desagertzea argitzen saiatuko dira, eta gaztearen ingurukoak galdekatuko dituzte. Baina gezurrak bata bestearen atzetik topatuko dituzte, eta desagertutako nerabearen inguruan uste baino errealitate ilun eta korapilatsuagoa joango da azaleratzen.

Elortzak azaldu du ikasleek Sara irakurri izan dutela eta haiengandik jasotako iritziek idazteko orduan asko lagundu diotela. Hala, hainbat kontu izan ditu buruan lan berria ontzeko. Idazkerari dagokionean, uste du gazte literaturan irakurketa «gustagarri izatea oinarrizkoa» dela, eta, beraz, gazteak irakurketarekin harrapatzea izan du xede. «Idazkera erraza egiten saiatu naiz, hiztegi aldetik ere gauza konplikatuak ez sartzen, eta elkarrizketa asko sortzen, bizitasuna ematen dietelako nobelei eta gauza asko konta daitezkeelako haien bidez».

Bere ikasleek telesailak oso gogoko dituztela jabetu zen Elortza, bereziki polizia ikerketen ingurukoak. Hala, kontakizunari forma hori ematen saiatu zen, istorioa korapilatuz, ustekabeko amaiera batera iritsi arte. Nahiz eta protagonisten bizitzek perfektuak diruditen, «atzean errealitate gordin bat» ezkutatzen dute, eta hori ez dela hain ezohikoa iritzi dio, libururako hainbat gauza «esajeratu» dituen arren. Istorioa gaur egunean eta hiri giroan kokatuz, gazteen intereseko auziak ukituz —sare sozialak tartean— eta beren adin bereko pertsonaiak sortuz, haientzat erakargarria den nobela bat idaztea izan du helburu.

14-16 urte arteko nerabeentzako liburu bat da, aurrekoak bezala, Xabier Mendiguren editoreak zehaztu duenez. Elortzaren nobelak «nahiko gordinak» izaten direla uste du, eta argumentu «zirraragarriak» sortzen dituela. «Irakurtzen ari zarela harrapatu egiten zaitu, eraman egiten zaitu, zer gertatzen ari den jakin nahi duzu. Ezaugarri horiek oso nabarmenak dira nobela honetan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.