Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Ideologiak mailatzeko makila

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Joan den asteazkenean izan genuen Joaquin Salvador Lavadoren heriotzaren berri. Izen-abizenengatik bainoago, bere hatz jostariek sortutako txuri-beltzeko pertsonaien azpian idatzi ohi zuen izengoitiagatik da ezagunagoa. Gutako askoren oroimen bisualean leku garrantzitsua duen sinadura da berea. Izan ere, asteon sare sozialetan irakurritako esaldi bat ekarrita, ez zen hain triste hilko Quino, besteak beste, munduan Mafalda utzi duela jakinda.

Artean gazteleraz ere ez nuen jakingo, irakurtzen behintzat ez, baina gogoan dut lehengusina nagusien gelako apalean zegoen entziklopedia itxurako liburu astuna esku artean hartzea atsegin nuela. Orain etxeko apalategian dudan 659 orrialdetako TODO Mafalda hura atzamarrekin arakatzea zen orduko nire denbora-pasa maiteenetako bat.

Irakurtzen ikasitakoan zertxobait gehiago ulertzen hasi nintzen. Burokrazia dortoka geldoa zela eta Susanitaren emakume eredua, araua; Manolito sosengatik arduratzen zela eta Miguelito mozalik gabe berba egiteaz; Libertadek Utopia izena lasai asko izan zezakeela eta bere amarekin berriketan, Mafaldari kontraesanak mugitzen zitzaizkiola. Errepresioaz, askatasunaz, feminismoaz, klase borrokaz, planeta eta bihotz zaurituez eta beste hamaika zopatako osagaiez berba egiten zigun txuri-beltzeko neskatila hark tira bakoitzean.

Osteguneko BERRIAko azalean omenaldi ederra egin zieten biei: lerroburuaren gainean, Mafalda, egunkari zentsuratu baten izenburua izan zitekeenaren gerizpean marraztuta, Quinoren heriotzaren berria emanaz. Kontra-azalera jo nuen gero, Olariagaren Zakilixutek ezer esango ote zuen ikustera, hau ere Mafaldarekin batera ume-umetatik bidelagun izan dut eta. Baina alproja alaena Arrasatera bidean egongo zen, urriko lehen ostiralero ohi duenez. Aurten jai giro gutxi topatuko zuen gurean, eta Maritxu Kajoiren kaxoian sartuta ageri zen ostiraleko zintan. Traje eta soineko faltan, txikitoa eskuan eta galtzontzillotan: gu geu ez ote garen kajoituta gaudenak galdetzen zigun bertatik.

Ez-jaietako ez-parranda giro ameslari surrealista honetan,Mafalda eta Zakili enamoraturik eta zine baten atarian eztabaidan imajinatzen pasa nuen asteburua, Itoizen soinu banda lagun. Lo egin, lo egin, lo egin kume... Baina ze pelikula ikusiz? El Gran Dictador edo Emanuelle? (Onartuko dut eztabaida honetan euretako bakoitzak ze film aukeratuko zukeen zalantza izan dudala beti).

Zoritxarrez, filma ezin izaten da gehiegitan aukeratu, hori da kuestioa. Zer den zer asmatzea gero eta zailagoa dirudien mundu arraro honetan (gaur baieztatu da planetak positibo eman duela PCR proban eta ohean dagoela mantapean sukarrak jota), errealitateak espero ez genuen zaplaztekoa eman zigun astelehen goizean. Gazteleraz izendatutako aberri arrotzagoen iruditeriatik ihesi, fikziotik gutxi duten guardia zibilen bisita jaso genuen Arrasaten bezala, Zarautzen, Irunen eta, osteko egunetan, beste hainbat lekutan ere. Parez pare jarri zitzaizkigun beste behin. Eta beste behin, gure herrikideak eta lagunak eskuburdinekin lotuta eramaterako orduan, fikzioa justifikatzeko antzerki bat besterik ez ziguten eskaini. Baina berriz gorpuztu genuen, benetan gorpuztu ere, polizia gorputz armatuek herri honetan sortzen duten mina.

Behin Quinori Mafalda handitzean nolakoa izango zen galdetu zioten. Honek, baina, inoiz ez zela heldua izatera iritsiko erantzun zuen, Argentinako 300.000 desagertuen artean egongo zelako. Artean ulertu ez arren, Mafaldak poliziaren borra seinalatzerakoan argi adierazi zigun umetatik urte luzetan hemen ere gorpuztutakoak indarrez baieztatzen jarraitzen duena: «Ikusten? Hauxe da ideologiak mailatzeko makilatxoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.