Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Autobusa

2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Zer da zuretzat politika? Alabari unibertsitatean egin diotegaldera eta bazkalosterako hizpidea ekarri du. Galderari erantzun eta bere ekarpena arrazoitzeko, argazki bat eta haren iruzkina eginez bi orriko testua eman behar ditu, eta ikaskideen aurrean azaldu. Rosa Parksen argazkia aukeratu du alabak. Lanetik bueltan nekatuta doan edozein emakume beltz izan daitekeena autobusean doa, ez zegokion eserlekuan jazarrita, esku-poltsa altzoan hartuta eta leihotik begira. Autobusaren irudia aukeratu du alabak argi azaltzen duelako edozein keinu matxinada politikoa abiarazteko nahikoa izan daitekeela. Kafe goxoa hoztu egin zaigu politikaz eta autobusez ari ginela.

Hauteskunde-kanpainako azken bideo-mezuan, Zeelanda Berriko lehen ministro Jacinda Ardern laborista bere jarraitzaileengana zuzendu zen bere etxetik bertatik, atzean pareta zuri bat besterik ez zuela. «Etxean txukun eta ikusteko moduan dagoen leku bakarra hauxe da eta nekatuta nago plantak egiteko». Handik egun pare batera, gehiengo absolutua lortu du, 1996. urteaz geroztik izan den boto alderik handienarekin.

Zeelanda Berriko Parlamentuan inoizko aniztasunik handiena izango da legealdi berrian, gutxiengo kultural, etnikoak eta genero-orientazioak orekatzera joko duelako: emakumeak izango dira Ardernen taldeko kideen erdiak baino gehiago, eta parlamentarien %10 pasak LGBTQ+ komunitatetako kidetzat aitortu du bere burua. Ardern maorieraz zuzendu zitzaien bere jarraitzaileei garaipena iragartzeko lehen hitzartzean.

Bere kasa gobernatzeko zailtasunik ez luke izango Ardernek, baina gobernu-zoru are sendoagoa eratu nahi duela esan du, herriak aurrez aurre dituen erronkak askoren arteko lankidetzaren bidez hobeto bideratu ahal izango direlako. Hitz soilez esanda, beharrik ez badu ere, gobernu-koalizioa egingo du hobea delako herriarentzat.

Duela gutxira arte erabat ezezaguna zitzaidan hango berri; errugbi jokalariek egiten duten haka guda-dantza ospetsuaz eta haien tatuaje ikusgarriez landa, ezer gutxi nekien Zeelanda Berriaz, ezta euskaraz halaxe idatzi behar genuenik ere ez.Munduan diren ehunka herri txikien artean beste bat zen; paisaia ikusgarriak dituela aditzez jakin arren, ez nukeen asmatuko esaten 5 edo 50 milioi herritar dituen. COVID-19aren pandemiari aurrea hartu dion gobernu-estrategia zabaldu dela jakina da, makina bat tokitan nabarmendu baita Zeelanda Berrian eta emakumeak gobernuburu diren beste zenbait tokietan emaitza hobeak lortu direla. Irakurketa existentzialistetan erortzeko tentazioari izkin egitea zaila da, baina esango nuke emaitza horien atzean datzan gakoa, pertsona jakin batzuetan baino, aniztasuna eta herriak gobernatzeko politika-kultura desberdinean bilatu behar direla.

Egia da Ardernek 40 urte dituela eta emakumea dela, baina bi datu biografiko horiek ez dira bere curriculuma ulertzeko gako soilak. Aitzitik, herria bera nolakoa den argi azaltzen dute datuok, Wikipediako edozein orrik baino zehatzago. Emakumea, gaztea eta aniztasunarekiko sentikorra den pertsona bat, bakarrik, ez da deus ezaugarri horiek betetzen dituzten pertsonak ardura postu gorenetatik kanpo uzten dituen herri-kulturaren aurrean. Rosa Parks ez zihoan bakarrik autobus hartan.

Jacinda Ardern distira egien duen politikari karismaduna da, baina ez nau guztiz itsutzen, ongi baitakit dena ez dela urre: haur-pobrezia, bazterkeria eta indigenen eskubideen aitortzan bide luzea du oraindik egiteko mundua liluratu duen politikariak. Urruneko eltzeak urrez, iritsi eta lurrez. Politika, baina, ez da atez ateko zerbitzua ematen duen neurriko taxia, etxean ez baino etxetik gertu uzten zaituen autobusa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.