Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zonbiak

2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Biharamunean eskolan jai izango genuela esan zigun amak irratia itzali zuenean. Etxean denak pozik jarri ginen, noski, eta goiko solairuan bizi zen Josune nire lagun minak ere poz-algaraz eman zidan albistea eskaileratik. Isiltzeko esan zigunamak eta bizilagunarenean ere antzera izango zen, berehalaxe baretu zelako hasierako zalaparta eta isiltasun-laino itxi bat nagusitu zen auzoan. 1981eko otsailaren 23an, guardia zibilak armak eskuetan zituztela Espainiako Legebiltzarrera sartu eta diputatuak bahitu zituzten egun hartan, aitonak negar egin zuen, begirada galduta zuela eman zuen gaua egongelako bere aulkian eserita, mugitu gabe. «Demokrazia akabatu nahi dute» erantzun zidan harengana hurbildu eta zer gertatzen ari zen galdetu nionean.

Espainiako estatu-kolpea izan zen egun horretan, baina nik helduek demokrazia deitzen zuten zerako hura hilzorian zegoela baino ez nuen ulertu eta triste jarri nintzen, egun gutxi baitziren Moreno gure katua hilik agertu zela, eta berriz ere ataka latz horretan ikusi nuen nire burua.

Katua zaharregia zelako hil zela ulertu nuen azaldu zidatenean, baina demokraziak zergatik hiltzen ziren ez zitzaidan batere argi geratu. Itxurak ez du zertan mamiarekin bat egin behar.

Gutako asko bezalaxe, begirik kendu gabe ari naiz Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeen soka luzeak zer dakarren begiratzen. Lerro hauek idazten ari naizen unean ez dakit oraindik nor izango den Etxe Zuriko nagusia datozen urteotan, boto-kontaketa gorabehera, emaitzak onartuko ote dituen ez baitu argi esan hautagaietako batek. Azken zazpi hilabeteetan 19 milioi arma berri saldu dira bertan eta hotzikara ematen du pentsatzeak zer iradoki nahi duen Trump presidenteak «herria babestu» behar dela aldarrikatzen duenean.

Azken boto-papera zenbatu beharrik ez dago jakiteko herrialdea bitan zatituta dagoela, desberdintasunak gero eta handiagoak direla eta, herri-mugimendu indartsuak antolatu badira ere, beltzen bizitzek zurienek beste balio dutela aldarrikatu behar dela oraindik. Demokratikotzat jo dezakegu oinarrizko bizikidetza zartatzea agintzen duen lider demagogoa presidente bihurtzen duen sistema? Hori gertatzea posible egiten duten alderdiak hala kalifikatu ditzakegu? Ameriketako Estatu Batuetan demokraziaren oinarririk behinenak onartzen ez dituen presidente misogino, arrazista, piromano eta batere kontrolik gabea aukeratu izanak zerbait esaten digu horren inguruan, eta ez gauza onik gainbehera horren aurrean txintik egin ez duen Alderdi Errepublikanoaz, hain justu.

Aitonak negar egin zuen gau hartan gazteegia nintzen zer gertatzen ari zen osorik ulertzeko, baina ikaspen okerra atera nuen egun horietan: uniformedunek eskolarik ez dagoen egunetan hiltzen dituztela demokraziak ulertu nuen. Umekeria horrek bere horretan jarraitzen du, antza, geure iruditeriak ez baitu demokrazien suizidioa edo demokrazia zonbien aukerarik ia kontuan hartzen. Levitsky eta Ziblatt ikerlariek Nola hiltzen dira demokraziak? liburuan arrisku horretaz ohartzen digute, eta azken egunotako ingurumarian argi egiten du ikusteko zer den egiazki TrumpBiden lehia honen atzean datzana. Bertan azaltzen digute Gerra Hotzaren amaieratik demokraziak ez direla hondoratu jeneral kolpisten anbizio hutsarengatik, erakunde demokratikoen utzikeriaz baizik. Uste izaten denaren kontra, demokrazia, barrutik eragindako higatzearen poderioz, mehetuz joaten da, eta, azkenean, gosez hiltzen da, maiz zalaparta askorik egin gabe. Kosta egiten zaigu demokrazia zonbiak antzematea, artez eta moldez, itxurari eutsi egiten diotelako,barruak ustelduta badituzte ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.