Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Isiltasuna

2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ikuspegiak gauza asko aldatzen ditu. Mundu akademikoan garrantzi handia du; hots, nondik begiratzen duzun zure objektua, eragin handia ukanen du zure emaitzan. Ikerlariaren kokapena askotarikoa izan daiteke; konparazione, nire kasuan, emakumea naiz, zuria, gaztea, klase ertain-apalekoa, bai euskalduna baita ere frantses estatukoa. Lerro horiek luzatzen ahal nituzke, baina interes gutti luke nire profil deskribapen zehatz horrek eta auto-zentrismo handia iduriko litzaidake.

Aldiz, posizio espezifiko batek atentzioa ematen dit lan akademikoari dagokionez. Tortura Euskal Herrian aztertzen, sakontzen hasi nintzelarik, berehala Aljeriako gerlari buruzko iturrietara jo nuen. 1954. urtetik 1962. urtera iraun zuen gerlan frantses estatuaren armadak erabili zuen tortura aljeriarren aurka. Segituan, frantses eskolan entzundako historiaren parte hau gogora ekarri zidan nire lanak; ebidentea zitzaidan Aljeriaz egindako lan akademikoetan tortura ikertzeko metodoak atzemanen nituela.

Aurkikuntza ez zen ttipia izan. Bi unibertsitarioren ezagutza egin nuen ikerketa horien bidez: Raphaëlle Branche historialaria eta Françoise Sironi psikologoa. Biek elkarrekin eta bereizirik 1990eko hamarkadatik aitzina bideak ireki zituzten torturaren analisian. Aljerian frantses armadak egindako torturak zientifikoki frogatuz, eta orokorkiago, torturaren «sistema» aztertuz.

Duela hilabete bat, Branchek bere azken liburua plazaratu zuen. Aita, zer egin zenuen Aljerian? Familiako isiltasunaz egindako inkesta izenburua jarri zion. Bere hitzetan: «Isiltasuna ez hitz egitea baino gehiago da; isiltasuna, batzuetan, entzuten ez duten jendeak edo galderarik egiten ez duten jendeak dira». Ikerlariak horrela azaltzen du Aljeriako gerlatik ondorioztatzen den memoria lanik ezaren porrota. Historialari gisa, gerlatik itzuli ziren gizonen eta horien familiako kontakizunen bila joan zen. Familia, barneko harreman estruktura bat bezala aztertzen du, eta gerlaren memoria bide horretatik ulertu nahi izan du. Bereziki, memoriaren transmisioa izan du aipagai, eta isiltasuna esplikatzeko hainbat proposamenekin dator argitalpena.

Gurean, torturaren fenomenoa ikertzeko hainbat bide jorratu ziren. Oraindik, lan hori ez da amaitu, eta isiltasunaren analisiak funtsezkoa dirudi. Instituzioen isiltasuna —edo ukazioa— hein handi batean landua izan bada ere, biktimen isiltasunak jarraitzen du. Arazoa da, maiz, datu kuantitatiboetan oinarritu behar direla ikerketak zientifikotasun gehiago ukaiteko. Jaurlaritzak torturaz manatu zuen txostenak 4.000 kasu baino gehiago argitu bazituen ere, zifra hori ez da gai errealitate kualitatibo orokor bat ordezkatzeko. Isiltasunak badu bere pisua; eta, agian, datu kualitatiboen bidez zifrak handitzen ahalko genituzke. Neurgailu kuantitatiboak ez luke estali behar analisi kualitatiboa; baina, gehienetan, diskurtso politikoak zifrak baizik ez ditu adierazten, beste lan guzia ezkutatuz.

Aljeriako gerlaz egindako lanak emeki-emeki ugaritzen ari dira. Irakaspen horiek gurea ikertzeko parada berria ematen digute. Bakoitzaren ikuspegiak eta emaitzak gehituz, Euskal Herriko historiaeta kasu horretan torturarenaosatzen segituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.