Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Belarritakoak

2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Belarriak zulatuta dauzkat jaio nintzenetik. Ipurdiko bat jasota ekarri ninduten mundura eta lehen hatsa barruraino sar zedin negarrez ari nintzela aprobetxatuz, erizainak bi zulo egin zizkidan belarrietan, amonak opari emandako bi bola txiki-txikiak (urrezkoak, edo urre kolorekoak, behintzat) jartzeko. Amaren sabeletik atera berri nintzen, begiak oraindik itxita, baina ordurako denek garbi omen zekiten zein tokitan egotea zegokidan munduan. Kanpora begira, belarritakoek munduari erakusten zioten jaioberri hori neskato bat zela, eta neska izango zela bizitza osoan, belarriko zuloak, beste batzuk ez bezala, ez baitira sekula ixten. Eta barrura begira, argi adierazten zidaten niri horixe izango zela nire tokia handik aurrera, hobe nuela albait azkarren egokitzea.

Gurasoek erabaki zuten horrela markatzea, bizitza osorako, baina idatzita ikusi dudanean ohartu naiz agian erabaki hitza handiegi geratzen dela hor, sekula zalantzan jarri ez dena egitea nekez ezkontzen baita hautuaren esangurarekin. Garai horretan ez zen pentsatu ere egiten neskato bat belarritakorik gabe aterako zenik erditze-gelatik, kolore urdinaz janztea bezain aldrebesa zatekeen. Tradizioak, sekula inork ongi ulertu ez duen dena delako horrek, hartu zuen erabakia, eta tradizioak, erizain ez oso trebearen eskua erabilita, egin zizkidan belarriko zuloak.

Niri sekula ez didate galdetu zenbat urterekin erabaki nuen emakume izatea, baina nork bere burua definitzeko eta nahi duen eran gobernatu ahal izateko eskubideak bazterrak harrotuta dauzka aspalditik. Ez da kontu berria, baina bizkortu egin da eztabaida Espainian onartzekoa den lege berriaren kariaz.

Batzuek diote legearen oinarrian datzan eskubidearekin, identitatearen autodeterminazioarekin, bat datozela, baina haren aplikazioak sortzen dizkiela zalantzak edo ezetzak, erretenak eta inpunitate-guneak utziko dituelako agerian, arrisku gehigarriak sortuz. Teorian besterik onartzen dena ez da, baina, eskubide bat. Aitortu baino, inork ukatu ezin dizuna da, izatekotan, eskubidea. Emakumeei sufragio-eskubide aktibo eta pasiboa aitortu zitzaigunean (munduko toki desberdinetan eta garai desberdinetan izanik ere) demokrazia zartatuko zela esaten zuten tradizioaren jagoleek, uste baitzen ez ginela kapaz izango erabaki autonomoak hartzeko. Bitxia da, gero, nola argumentu berberak balio dezakeen eskubide-urraketa ia oro justifikatzeko, orain, beren mutil edo neska gorputzarekin deseroso dauden gazteei autodeterminazioa ukatzeko kasu.

Eztabaida sutsu dabil, sutsuegi eta zatarregi, agian, eta feminismoaren amaiera behin eta berriro iragartzen duten igarleek ez dute aukera galdu enegarrenez mugimendua lurpera eramango duen auzi honetan zirikatzeko. Niri kosta egiten zait imajinatzea feminismoa milaka puskatan apurtuko denik, feminismoa, berez, milaka ikuspegi, ideia, esperientzia eta praktikaz osaturiko collagea baita. Eztabaida, aniztasuna eta ikuspegi desberdinek osatzen duten korronteak bere bidea egingo duela uste dut, puskez osatuta dagoena ez baita puskatuko, beste behin ere, eraldatu egingo baita.

Belarriko zuloek ez ninduten emakume egin, baina zortekoa izan naiz, neurri handi batean. Nire kasuan, patuak zuzen jokatu zuen eta bat etorrarazi zituen belarritakoak eta identitatea. Maiz gertatzen da gerritik beherakoa eta bihotz eta buruan datzana bat ez etortzea, eta kointziditzea bezain normala eta naturala da. Erizainek, tradizioaren jagoleek edo gurasoek nekez jakingo dute zer dabilen belarritakoekin deseroso dabilenaren buru eta bihotzaren barruan. Kontu bihurria dirudi, baina zer zaren galdetzea ez da hain zaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.