elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Botere jainkotiarra

2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Azkenaldian agertu izan da ETB2n Eliza katolikoaren iragarki bat. Hiru kontzeptu aipatzen zituen: aterpea (refugio), sostengua (alimento) eta itxaropena (esperanza), hirurak Elizaren ezaugarri gisa. Gaztelaniaz bakarrik emititu dutenez, Espainiako Elizak igorritakoa izango zen iragarkia. Bigarren bertsio bat ere azaldu zen egun batzuetara, eta hor, espero zitekeen mezua sartzen zuten: alegia, errenta aitorpenean Elizaren aldeko ekarpena egiteko.

Diru eskeko kanpaina hori ikusi eta etortzen zaio bati burura immatrikulazioen auzia. Espainiako Gobernuak otsailean argitaratutako zerrendaren arabera, 1998-2015 urteen artean 34.961 immatrikulazio egin zituen Elizak, horietatik 50 Araban, 41 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 1.140 Nafarroan. Immatrikulazioen kontrako plataformek jotzen dute Estatuan 100.000 izan daitezkeela Elizak bere izenera erregistratutako ondasunak, horietatik 1.592 Hego Euskal Herrian.

Halako ondarea izanik, obrak egiteko garaian finantzaketa publikoa bilatzen du Elizak. Adibidea Donostian daukagu; Artzain Onaren katedraleko dorrea konpontzeko lanen kostua —1,5 milioi euro— honela banatu zuten 2018an: %50 Espainiako Gobernuak, %25 Gipuzkoako Diputazioak, %12,5 Donostiako Udalak eta gelditzen zen beste %12,5a Elizbarrutiak; argiztapena berritzeko beste 400.000 euro jarri zituen iaz udalak. Eta hori gertatzen da non eta Gipuzkoan, bertako biztanleen batez besteko profil soziopolitikotik oso urrun dagoen hierarkia eklesiastikoak gobernatzen duen probintzian.

Aterpe omen den Eliza horiinfernu bihurtu izan zaio askori, hemen eta mundu osoan. Frantziako Gotzainen Batzarrak aitortu berri du publikoki hango Elizaren baitan gertatutako sexu abusuen aurrean itsu eta gor jokatu dutela. Pederastiaren biktimak hamar milatik gora izan daitezkeela kalkulatu du batzorde independente batek; hori Frantzian. Beste toki batzuetan apenas hasi diren iragan beltz horretan aztarrika.

Dena dela, eskandalu horiek erpina besterik ez dira. Elizak mendetan zehar eduki duen botere ahalguztiduna baliatuz egindako triskantzak. Izan ere, guztizko agintea izan du Elizak —elizgizonek, batik bat— herritarren gorputz eta arimengan. Aditzen diozu gizon heldu bati nola 11 urteko mutikoa zela mezetara joateari utzi zion betirako, apaizak dotrinan emandako jipoiarengatik eta ezarritako zigorrarengatik. Kontatzen dizu adineko emakume alargun batek, penatuta, nolako damua daukan apaizei kasu egin eta senarrarekin bizitza sexual zikiratua izanagatik. Entzuten duzu hilzorian dagoen gizonak galdetzen diela senideei: «Baina lehen iragartzen ziguten infernu hura ez dago, ala?». Elizaren atzaparrak!

Zein inkisidorek asmatu ote zituen aitorlekuak? Horietan apaizek gauzatzen zuten diktadurak erruduntza hezurretaraino sartzen zuen. Eta hurrena, ilunpea aprobetxatuz, likatsu bihurtzen zen elizgizonaren diskurtsoa, batez ere gazteenekin, eta orduan... bere intimitatea bortxatuta sentituko zuen neskato —edo mutiko— nerabeak.

Eskratxea egiten dute abortuaren kontrako aktibistek Donostian, Easo kalean, Askabide klinikaren aurka. Adin ertaineko emakume parea egon ohi dira, pankarta banarekin: «Zure hildako haurrarengatik otoitz egiten dugu». Kale berean, Reparadoren elizan, Etengabeko Adorazioa dago. Donostiako Elizbarrutiaren webean esplikazioa: «Jesusen Bihotz Eukaristikora hurbiltzen dira (adorazioa egiten duten kristauak) gure okerrengatik eta irainengatik barkamena eskatzeko». Elizak, norbaiti zor baldin badio barkamen eskea, bere gonapean preso eduki eta iraindutako herritarrei zor die. Kontsolamendu gisa, mendeku sinboliko bat: Reparadoretako kripta kontzertu-leku laiko bihurtu zutenean, bertan ipini zituzten garai bateko aitorlekuak; behingoz, desakralizatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.