Mendia

2018ko izen-abizenak

Denboraldi oparoa izan da 2018koa ere mendiko jarduerei dagokienez. Garaipenak lortu, txapelketak irabazi eta erronka asko bete dituzte Euskal Herriko kirolariek eta antolatzaileek.

Unai Ugartemendia.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Azken urteak oparoak izaten ari dira mendiari lotutako kirol gehienetan Euskal Herriko ordezkarientzat. 2018a ere bai. Hona hemen iaz nabarmendutako izen propioetako batzuk; gehienak, euren lorpenen garrantziagatik:

ENEKO AGIRRE



Iaz ere, 2017an bezala, Eneko Agirre lera gidari donostiarrak La Lekkarod proba entzutetsuan parte hartu zuen (Alpeak, Frantzia). Iaz bezala, laugarren postuan amaitzea lortu zuen, hirugarrenarengandik 50 segundora bakarrik. Alpeetan jokatzen den proba ikusgarriak bederatzi eguneko iraupena izaten du. Agirrek hamabi minutu galdu zituen etapa batean, ezbehar baten eraginez. Aurtengo martxoan irteera puntuan izango da, hirugarrengoz, iazko arantza ateratzeko asmoz.

ALTITOY



Luz Ardidenen (Okzitania) jokatu zen, urtero legez, mendiko eskiko Open Altitoy Ternua saria, martxoaren hasieran. Munduko Kopako proba izan zen, eta munduko mendi eskiatzailerik onenak izan ziren bertan. Emakumeetan, Alba de Silvestro eta Katia Tomatis italiarrak izan ziren azkarrenak; gizonezkoetan, berriz, Kilian Jornet kataluniarrak eta Jacob Herman austriarrak osatu zuten bikotea. Lehen euskaldunak Pantxo Saint Martin senpertarra (10. postuan) eta Nahia Quincoces mendexarra (5. postuan) izan ziren. Aurten etenaldia izango du probak: 2020an itzuliko da.

OIHANA AZKORBEBEITIA



Iazkoari jarraipena eman dio abadiñarrak 2018an. Hamabost lasterketa irabazteaz gain, Euskal Herriko lineako eta kilometro bertikaleko txapelketak eta Espainiako kilometro bertikalekoa poltsikoratu zituen. Munduko Kopan seigarren postuan amaitu zuen urtea, eta Munduko Txapelketan bederatzigarren sailkatu zen Eskozian. Euskal korrikalaririk onena izan da 2018an.

JAVI DOMINGUEZ



Iaz ere bereak eta bi egin zituen mendi korrikalari gasteiztarrak. Garaipenez betetako denboraldia osatu zuen beste behin, eta azken urteetako ultra distantziako korrikalaririk onenetakoa dela berretsi du. Aipatzekoak, denen gainetik, Ehunmilietako, Hiru Handietako eta Aneto-Posets lasterketako garaipenak eta Chamonixko ultratrailean lortutako hamargarren postua.

ARITZ EGEA



Euskal korrikalaririk onena izan zen iaz urretxuarra. 2017an baino lasterketa gutxiago jokatu zituen Egeak, baina, lasterketetan aurkari izan zituen korrikalariak kontuan hartuta, emaitza bikainak lortzeko gai izan zen. Espainiako txapeldun izan zen, Borriolen (Castello, Herrialde Katalanak), euskal selekzioarekin, eta Zegama-Aizkorrin ere lehen euskal herritarra izan zen Salomon etxeko korrikalaria. Golden Trail Series zirkuituan seigarren postuan amaitzea lortu zuen.

EHUNMILIAK



Inork nahi eta espero gabeko amaiera izan zuten Ehunmiliek, uztailaren erdialdean Beasaindik (Gipuzkoa) abiatuta jokatzen den proba sortak. 18:00etan abiatu zen lasterketa nagusia, Ehunmiliak, eta dena ondo joan zen lehen orduetan. 23:30ean, Goierriko Bi Handiak proba abiatu eta ordu erdira, goian behean hasi zuen euria. Mendian korrika egitea arriskutsu bihurtu zen, eta ehunka korrikalari ari ziren inguruko mendietan korrika. Handik gutxira, lasterketa bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek, korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna bermatze aldera. Korrikalari guztien babesa jaso zuen antolaketa taldeak.

UXUE FRAILE



2017an lesioengatik lasterketetatik at egon ondoren, indarrez eta gogotsu itzuli zen berriro ere Uxue Fraile goi mailako lehiaketetara. Urte osoan hainbat lasterketatan parte hartuta bere onera itzuli eta gero, Chamonixko plazan agertu zen, abuztuaren 31an, UTMB lasterketan parte hartzeko asmoz. Agertu bakarrik ez, atzetik aurrera egindako lasterketa izan zen donostiarrarena, eta, 26 ordu eta 8 minutu lehian pasatu eta gero, bigarren postuan amaitu zuen, Francesca Canepa italiarraren atzetik.

JONATAN GARCIA



Alpinista barakaldarrak irailaren 27an igo zuen Manaslu (Himalaia, 8.156 metro), Juan Pablo Mohr txiletarrarekin batera. Bere bigarren zortzimilakoa poltsikoratu zuen Garciak, 2017an Alberto Zerain zenarekin Annapurnako (8.091 metro, Himalaia) gailurrera iritsi ondotik. Etorkizuneko euskal alpinistarik indartsuenetako bat da.

HIRU HANDIAK



Bi urtean behin jokatzen da, eta iaz tokatzen zitzaion. Azken urteetako korrikalaririk onenekin hasi zen, Murgian (Araba), Gorbeia, Anboto eta Aizkorri zeharkatzen dituen proba. Podiuma osatu zuten korrikalarien gaitasuna ikusita, Europako edozein probatan zeudela esateko moduan ziren antolatzaileak. Emakumeetan, Maite Maiora, Oihana Azkorbebeitia eta Mayi Mujika izan ziren azkarrenak; gizonezkoetan, berriz, Javi Dominguez, Julen Martinez de Estibariz eta Iokin Garai.

JOSEBA IZTUETA



Udan, berak bakarrik, Lenin Peak (Pamir mendikatea, Kirgizistan, 7.134 metro) eta Khan Tengri (Tian Shan mendikatea, Kazakhstan, 7.010 metro) mendiak kateatu zituen hilabetean. Aspalditik begiz joak zituen biak ere, eta inoren laguntzarik gabe ekin zion erronkari. Baita lortu ere. Iker Madoz nafarrarekin eta Jonatan Garcia bizkaitarrarekin batera, Euskal Herriko alpinista gazteen belaunaldi berriko kideetako bat bihurtu da.

IKER KARRERA



Chamonixko ultratrailaren festan jantzi zuen azkenekoz dortsala Amezketako mendi korrikalari handiak. Azken hamar urteetan munduko onenekin lehian ibili eta gero, agur esatea erabaki zuen. Garaipen handiz jositako ibilbidea utzi du atzean Karrerak, eta aipagarriak izan dira, besteak beste, Mont Blanceko Ultratrailean, munduko lasterketarik ospetsuenean, lortutako bi bigarren postuak.

MIKEL LINAZISORO



Urte biribila osatu zuen bergararrak 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoei begira. Azken urteetan eman dituen aurrerapausoek ez dute etenik izan 2018an. Uztailean, Munichen, Europako Kopako lehiaketan, gazte mailako zailtasun proba irabazi zuen; irailean, Bruselan (Belgika), postu berean amaitu zuen. Sailkapen orokorrean Europako bigarren amaitzea lortu zuen.

JOKIN LIZEAGA



Urnietarrak ez du berehalakoan ahaztuko 2018a. Apirilaz geroztik geldirik dago, Arenas de Cabralesen (Asturias, Espainia) jokatzen den Trail de los Pastores de Portudera lasterketan izandako ezbeharraren ondorioz. Lasterketaren lan erdiak beteak zituen, aurrena zen, eta atzekoei zazpi edo zortzi minuturen abantaila ateratzen zien. Eremu elurtu bat igarotzen ari zela, konturatzerako, mendiko zulo estu batera erori, eta harrapatuta geratu zen. Bertan izandako lesioek ez diote lehiarako aukerarik eman. Itxaropentsu dago 2019rako.

MAITE MAIORA



2018a ez zen Maite Maioraren urtea izan. Esperantza handiak jarriak zituen mendaroarrak, baina ez zen batere gustura ibili. Sei lasterketa irabaztea lortu bazuen ere, ez zuen lortu Munduko Kopan bere onena erakustea. Zegama-Aizkorrin bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa, eta, geroztik, kili-kolo ibili zen urte guztian. Urte berrian jarriak ditu esperantzak, eta La Sportiva utzi, eta taldea ere aldatuko du. Zalantza gutxi daude berriro ere munduko onenen parean ibiliko dela. Erronka potoloa jarri dio urte berriari: Mont Blanceko Ultratraila.

MENDI DUATLOIAK



Irailetik azarora jokatu zen iaz ere Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua. Hamar proba izan ziren guztira. Garaileak Eneko Gurrutxaga amasarra eta Zuriñe Frutos artziniegarra izan ziren elite mailan. Euskal Herriko txapelketa ere eskuratu zuten, Zeanurin (Bizkaia).

MENDI FILM FESTIBALA



2018ko Mendi Filmek marka guztiak apurtu zituen. Urtetik urtera ikusle gehiago biltzen ditu jaialdiak, eta marka berria jarri zuen: 12.008 ikuslek ikusi zituzten mendiari eta abenturari buruzko filmak. Hamargarren ekitaldia zuen iazkoa. Otsailetik aurrera, Mendi Tourraren aitzakian, Bilbon eman zituzten filmak Euskal Herriko zinemetan ikusteko aukera izango da.

IKER POU



Ez dira urteak alferrik pasatzen Pou anaietan gazteenarentzat.Hemezortzi urte igaro dira bere lehen 9a zailtasuna osatu zuela: Action Direct. Mundu guztiko hormarik zailenak igotakoa da gasteiztarra. 2018a borobiltzeko, Margalefen (Herrialde Katalanak), Artaburu bidea kateatu zuen, abenduaren erdialdean. Urtarrilean, Patagoniara joango da Eneko anaiarekin, The North Face 4 Elementos proiektuaren Lurra elementua osatzeko. Hala, proiektua bukatuko lukete.

NAHIA QUINCOCES



Mendiko eskiko Euskal Herriko ordezkaririk onena izan zen mendexarra 2018an. Lesioak albo batera utzita, bere gaitasuna erakutsi zuen, eta munduko onenekin lehian aritu zen. Hamabigarren sailkatzea lortu zuen Munduko Kopan. Mendiko eskiko denboraldia amaituta, mendi lasterketetan murgildu zen, eta emaitza onak lortu zituen azkenerako. Lau proba jokatu eta gero, hamabigarren amaitu zuen emakumeen sailkapenean.

SANDRA SEVILLANO



Haren ibilbideko urterik oparoena izan zen iazkoa. Ia urte eta erdi geldirik egon eta gero, berriro ere lehiaketetara itzuli zen. Mendi lasterketen egutegia zalantza askorekin hasi bazuen ere, behin sasoiko jarri orduko, ia garaiezin bihurtu zen gasteiztarra. Espainiako Kopa eta Txapelketa irabazi zituen, eta Munduko Txapelketan ere zazpigarren postuan amaitzea lortu zuen.

ALEX TXIKON



Azkeneko bi neguetan Everestera igotzen saiatu da lemoaztarra. Kale egin eta gero, aurten erronka berria du: K2. Orain artean neguan igotzeke dagoen mendi bakarra da K2 (Himalaia, 8.611 metro). Dagoeneko bidean bada ere, ondo bidean, martxoaren lehen egunetan ekingo dio gailurrerako saiakerari. Azken bi urteetan alboan izan dituen alpinista nepaldarrak izango ditu bidelagun aurten ere, Felix Criado alpinista galiziarrarekin batera.

ITZIAR ZABALA



Lehenbizikoz 2018an jokatu ziren 2020ko Olinpiar Jokoetan eskaladan ofizialak izango diren hiru diziplinetako Euskal Herriko txapelketak, Iruñean. Emakumeetan, Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarra izan zen onena hiruretan. 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan eskalada kirol olinpiarra izango da estreinakoz, eta begiz joak ditu bizkaitarrak. 2019an lortutako emaitzek zerikusi handia izango dute han egoteko.

ZEGAMA-AIZKORRI



Remmy Bonnet eta Ida Nilson izan ziren denen gainetik 2018ko protagonista nagusiak. Estreinakoz lortu zuten garaipena Zegaman. Gazte suitzarrak argi eta garbi utzi zuen munduko onenen artean dagoela. Lasterketa nagusia baino bi egun lehenago jokatu zen kilometro bertikalean ere hura izan zen garaile. Ida Nilsonek, berriz, hankaz gora utzi zituen ahalegin handiak egin eta gero indarberritzeari buruz dauden teoria liburu guztiak: Zegamako lasterketa baino bi aste lehenago Transvulcania irabazi zuen Kanarietan (74 kilometro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.