ARKUPEAN

Bertso-aita

Xabier Paya Ruiz -

2019ko otsailak 12
Joxe Agirrerekin oholtza konpartitu nuen lehen aldia Zumaiako San Telmoetan izan zen, Orandako bertsolariaren urtebetetze biharamunean. Niri ilusio izugarria egiten zidan plaza konpartitzeak puntu erantzunen maisu handiarekin; gogoan dut sarritan esaten zuela, bizkarreko minez kexu, bertsotan egiteko egokitzen zitzaion lanik zailena oholtzara igotzea zela. Gogoan dut ere saioaren ostean kontatu zidala txundigarria iruditzen zitzaiola Algortan bertsolariak sortzea: «Lazkao Txikiri kostatu zitzaion sinestea Durangotik bertsolariak atera zitezkeela... zer ez ote zuen esango Algortakorik ezagutu izan balu!».

Payatarrak ez ginen bertsolari jaio mundu honetara, ezta euskaldun ere, baina kontu hori aspaldi kantatuta nago. Eskolaz kanpoko jarduera gisa ezagutu genuen bertsoa, eta Fredik saritxo bat eskuratu zuen lehen ikasturtean bertan. Saria jaso berritan, bertso-aita izango genuenak deitu zion gure amari, Fredi entrenatzen hasi nahi zuela esanez: «Zuk ez baduzu Gernikara ekartzen, ni joango naiz Algortara». Esan eta egin. Fredik kopeta-ilea eta ume-ahotsa zituen Jonekin entrenatzen hasi zenean Algortako San Nikolas ikastolan astero-astero. Urte batzuk geroago hasi nintzen ni: Jonek muniategitarrak ekartzen zituen Deustutik, eta ordubete inguru egiten genuen bertsotan bi sendietako lau gazteok.

«Jon, hasten naiz»; «Ez, Xabi, 'hasiko naiz' edo 'hasi egingo naiz'». Niri euskara irakatsi zidan bertsogintzarekin bat. Beste hainbat bertso-eskolatan ez zen ohikoa izango azaldu beharra gauzek ez zutela «pena» merezi, galdegaiak zehazten zuela zer «egin» zitekeen, edo ergatiboa ezin zela kendu errimaren mesedetan... Haren eskutik egin nuen «euskaratxotik» euskararako jauzia lehenbizi, eta bizkaierarakoa ondoren. Euskaradun izateko bidea erakutsi zidan, euskaraz hitz egiteko herrenka ibiltzen nintzen garaian.

«Bertsolari batek jakin behar du dantzan, panderoa jotzen, musean eta pilotan». Esan eta egin. Saio osteko erromeria, mus-aldi edo partidarako prest egon beharra genuen. Pilotarenak ez zion grazia handirik egin gure piano irakasleari, bereziki atzamarrak puztuta saiatzen ginenean Czerny-ren estudioak jotzen. Euskaldun sentitzeko bidea erakutsi zidan, euskaldun izatea abizen eta jatorri kontua zela sinestear nengoen garaian.

Jon bertsolaritzaren sistema zen bere osotasunean. Ostegunetako entrenamenduetan bermatzen zuen artearen transmisioa; ostiraletan, Bizkaiko edozein eskolatara gu kantura eramanda, bultzatzen zuen bertsoaren hedapena; eta ikasarazten zizkigun bertsoek eta kantuek dokumentazioan oinarritutako ikerketa-gosea piztu zuten nigan. Oraindik buruz dakit errusiera eta euskara nahasten dituen gerrako kantu hura. Iragana konpartitu zuen nirekin, eta, horrela, etorkizuna eraikitzeko bidea erakutsi zidan, identitatearen bilaketak aurrera egitea gehien oztopatzen duen garaian.

Ororen gainetik, bertsolari jaio gabe, bertsolari izan nintekeela sinetsarazi zidan, munduaren aurrean iritzia izateko eta esateko mundu-ikuskera eman zidan, korronteei jarraitzea ezin tentagarriagoa zen garaian.

Maisu izan nuen, baina ez soilik maisu. Izan ere, hark irakatsitako benetakotasuna eta gizatasuna, hark piztutako euskaltzaletasuna eta izan-nahia... ez ditut inoiz beste ezein ikasgelatan topatu. Aita ez da soilik hazia jartzen duena; aita da gidatu, lagundu, errespetatu, konfiantza eman eta seme-alabek egindakoaz harrotzen dena. Hargatik kantatu nion 1999. urtean egin zitzaion omenaldian payatarrak bertso-seme gintuela (artean Itxaso oraindik bertsotan hasi gabea zen; zorionez, Jonekin entrenatzeko aukera izango zuen gerora), behin baino gehiagotan demostratu eta adierazi baitzizkigun puntu eta komaren ostean zerrendatutako guztiak. Gu ere harro gaude zutaz. Eskerrik asko, bertso-aita.