Hazten jarraitzeko akuilua

Jagoba Arrasate ilusioz eta anbizioz agertu da Osasunarekin beste bi urterako sinatu ostean

Luis Sabalza Osasunako presidentea, Jagoba Arrasate entrenatzailea eta Braulio Vazquez kirol zuzendaria, atzo, Sadarren. IDOIA ZABALETA / FOKU.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Jagoba Arrasatek ez du bertan goxo gelditzeko asmorik. Arrasto sakona utzi du dagoeneko Osasunan, baina gehiagoren gose da. Herenegun egin zen ofizial klubak eta teknikariak 2022ra arte luzatu dutela hitzarmena, eta berriatuarrak atzo eman zuen bere sentipenen berri, Sadarren eginiko agerraldi batean. Luis Sabalza presidentea eta Braulio Vazquez kirol zuzendaria izan zituen aldamenean, eta esker oneko hitzak zuzendu zizkien bai haiei, baita lankideei, jokalariei eta zaleei ere. Anbizioz eta gogotsu erreparatu zion etortzeko dagoenari. «Oraindik gauza asko daude egiteko eta hobetzeko. Ez dugu goia jo, eta horregatik sinatu dut bi urterako».

Prestatzaile bizkaitarraren esanetan, «nahiko errazak» izan dira negoziazioak, «bi aldeek» nahi zutelako gauza bera. Orain arte, urtebeterako kontratuekin jardun du Nafarroako taldean, baina oraingoan bi urterako sinatu du. «Bestela, egoera berean egongo ginatekeen datorren urtean». Edonola ere, hitzarmenaren iraupenari baino gehiago, klubarekin daukan harremanari eman zion garrantzia. «Konplizitate handia dugu. Nahi dudan tokian nago». Hori horrela, uste du kontratu berriak «energia» emango diola aurrera begira. «Ez dut uste lasaitasuna emango didanik, futbolean ezin zara-eta lasaitu, baina pizgarri ona da lanean gogoz jarraitzeko».

Atzera begiratuta, azken urte eta erdian «Osasunarekin batera» hazi dela adierazi zuen Arrasatek. Taldeak izandako garapenaren jakitun dago, baina orain arte lortutakoak ez du itsutzen. «Estilo ezberdin bat ezartzeko asmoz iritsi ginen hona. Hasiera ez zen samurra izan, baina gero Lehen Mailara igo ginen, eta, orain, lehiakorrak izaten jarraitzen dugu. Hori bai, beti gaude aurrera begira, eta garbi dugu hobetzeko tartea daukagula oraindik. Lana gogor egiten jarraitu behar dugu, momentu hau ahalik eta gehien luzatzeko».

Eta une txarrak iristen direnean, zer? Bada, filosofia berberari eustearen aldekoa da entrenatzaile gorritxoa. «Oraindik ez dira iritsi, baina badakigu iritsiko direla. Eta orduan ere, gauzak neurriz hartzen saiatuko gara. Oreka emozionalari eutsi behar diogu. Ez dugu pentsatu behar zeinen onak edo txarrak garen. Besterik gabe, aurrera egin behar dugu».

Gertatzen dena gertatzen dela, Arrasatek ziurtatua du zaleen babesa. Ikur bihurtu da, talde arrakastatsua eta erakargarria eratu duelako, eta zelaietatik at pertsona apal eta normalaren itxura ematen duelako. Horiek horrela, «oso maitatua» sentitzen da. «Oilo ipurdia jartzen zait zaleek nire izena abesten dutenean edobestelako maitasun keinuak igortzen dizkidatenean. Lehen, zoriondu egiten ninduten, eta, orain, eskerrak ematen dizkidate».

Mendeurrena jomugan

Osasunak 100 urte beteko ditu datorren urtean, eta, ondo bidean, Arrasateren agindupean izango da. Halaber, bizkaitarra Luis Sabalzaren agindupean gehien iraun duen teknikaria bilakatuko da. Presidente gorritxoa oso eskertuta agertu zitzaion. «Bizitako magiari jarraipena ematea da mendeurrena ospatzeko modurik onena. Eskerrik asko gure ametsetako Osasuna itzultzeagatik». Atzokoa bere agintaldiko «unerik zoriontsuenetakoa» dela adierazi zuen. «Erabaki gutxik sortzen dute halako onespena. Jokamolde garbi bat dugu, eta modu paregabean itzuli gara elitera».

Braulio Vazquez kirol zuzendariak, berriz, Arrasate «icebergaren muturra» dela azaldu zuen. «Hau puzzle baten modukoa da, eta dena nahieran doa egunerokoan. Entrenatzailerik egokiena da Osasunarentzat. Maila handia dauka, zentzu guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.