Poliziak atxilotu ondoren hildako igeltsero baten kasuak Mexiko astindu du

Giovanni Lopezen atxiloketaren bideoa sare sozialetara igo dute, eta hainbat manifestazio eragin ditu. Hogei protestari atzeman dituzte

Manifestari bat afixa bat eskuan duela, herenegun, Guadalajaran; Jaliscoko gobernadoreari egiten dio erreferentzia. EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Polizia gehiegikeriaren beste kasu batek Mexiko astindu du: Giovanni Lopez igeltseroaren atxiloketaren bideoa sare sozialetan zabaldu dute, eta horrek manifestazio ugari eragin zituen herenegun, batez ere iparraldeko Guadalajara hirian.

Bideoan agertzen dena duela hilabete gertatu zen, iragan maiatzaren 4an: Lopez Ixtlahuacan de los Membrilloseko kale batean eserita zegoen —Guadalajaratik 40 kilometrora—, eta senide batzuk alboan zituela, hainbat poliziak atzeman, eta komisariara eraman zuten, era bortitzean.

Polizien arabera, Lopez atxilotu zuten ez zeramalako maskararik soinean, baina lekukoek diote bazuela bat eskuan. «Ez zen ari ezer egiten. Soilik eserita zegoen hor, zer edo zer jatear», adierazi zuen biktimaren senide batek atxilo hartu zutenean, bideoan entzun daitekeenez. «Hiltzen baduzue, badakigu nortzuk zareten», esan zuen beste batek.

Fiskaltzak herenegun adierazi zuenez, ez zuten Lopez atxilotu maskararik ez zuelako erabili, baizik eta «modu bortitzean» aritu zelako; Jalisco estatuko Segurtasunaren Koordinatzaile arduradun Macedonio Tamezzek atzo gehitu zuen «hutsegite administratibo batengatik» eraman zutela.

Hori gertatu baino egun batzuk lehenago, Enrique Alfaro Jaliscoko gobernadoreak ohartarazi zuen «zero tolerantzia» egongo zela agindutako osasun neurriak betetzen ez dituztenen aurka.

Senideek Lopez atxilotu eta egun batera izan zuten haren berri: komisariatik dei bat jaso zuten, eta adierazi zieten Guadalajarako ospitale batera eraman zutela; han hil zen, deiaren egun berean. Familiaren arabera, gorpua jaso zutenean ikusi ahal izan zuten hainbat kolpe eta tiro bat jaso zuela —hanka batean—.

Horren harira, eta bideoa argitara atera ondoren, protestara deitu zuen familiak, eta hainbat herritarrek deiari erantzun zioten: Guadalajarako manifestazioan, esaterako, gutxienez hogei lagun atxiki zituzten, eta protestariek Poliziaren bi auto erre zituzten. Senideek jakinarazi zutenez, Ixtlahuacan de los Membrilloseko alkateak 8.000 euro eskaini zien bideoa sare sozialetara igo ez zezaten.

Ez hori bakarrik: jakinarazi zuten «azken orduetan» mehatxuak jasan dituztela kasua argitzeko deiak egiteagatik. Oraingoz, ez dute poliziarik atxilotzeko agindurik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.