SAIOA ITXI

Hasiera / Kultura

Argi leuna forma artistikoekin

Alvaro Matxinbarrenaren 'Wild is the wind' erakusketa irailaren 31ra arte ikusgai dago Iruñean
Alvaro Matxinbarrena artista, Wild is the wind erakusketan, Iruñeko Ziudadelako bolborategian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Olaia L. Garaialde

2021eko urriak 23
Bobeda batek estaltzen du Iruñeko Ziudadelako Bolborategia. Sabaian dauden argiak gangari begira daude, eta argi leun batek argiztatzen du Wild is the wind (Haizea basatia da) erakusketa. Alvaro Matxinbarrena artistak azken urteetan egindako obrekin osatuta dago, eta urriaren 31ra arte egongo da ikusgai. Jorge Urdanoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun zuzendariaren arabera, bobeda horrek atmosfera «berezia» sortzen du: «intimoa» eta «ilunantza». Artistak atmosfera hori islatu nahi izan du: «Soilik sabaia argiztatuta erakusketa lirikoagoa da, eta hobeki funtzionatzen du».

1970eko hamarkadatik dabil lanean Matxinbarrena, eta haren obrak hainbat museotan egon dira ikusgai, hala nola Madrilgo Reina Sofia museoan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eta Quitoko Arte Garaikideko museoan. Haren lan bat 2009an egon zen azkenengoz Iruñean.

Matxinbarrena autodidakta dela dio: «Batez ere niretzat lan egiten dut; oso garrantzitsua da ikertzea, harritzea eta neure kabuz ikastea». Hala ere, badaki gero publiko batek ikusiko duela obra, eta uste du gizarteak ez duela heziketarik jaso arte plastikoaren mundua ulertzeko: «Literatura eta musika hurbilago sentitzen ditugu, baina arte plastikoa ez». Beraz, argi du artista plastikoak ezin duela espero besteek obra ulertzea. Hala ere, «konpromisoz» eta «zurruntasunez» jokatu behar dela dio, hori «oso aberasgarria» delakoan. Erakusketaz gehiago edo gutxiago gozatzea jasotzen duen pertsonaren «formakuntzaren, interesen eta sentsibilitatearen» araberakoa dela nabarmendu du.

Okrea, beltza eta zuria nagusitzen dira batez ere erakusketan. Koloreak «neutroak» eta «hotsandikoak» direla, eta kolore horiekin «eroso» sentitzen dela dio artistak. Batzuetan artelan koloretsuagoak egiten saiatzen da, baina ezabatu egiten ditu. Iruditzen zaio koloreen argiagatik bainoago, formak gehiago erakartzen duelako dela. Hortaz, perspektibarekin eta formarekin oso maiz jokatzen du. Forma geometrikoak protagonista dira, hala, eta harentzat zer diren azaldu du: «Forma bizitza da, hau da, burmuinetik eskuetara doana da». Matxinbarrenaren arabera, horretan interesa jartzen ez dutenek ere formak sortzen dituzte.

Zuntzezko zura erabiltzen du batez ere. Haren abantailak azaldu ditu: «Asko interesatzen zaidan itxura eta kolorea dauka; gainera, ez da uzkurtzen ezta dilatatzen ere. Oso egonkorra da; bidaiatzeko oso aproposa». Egur zatien hondakinak nahastuz sortzen da, eta margo akrilikoekin margotzen ditu.

Sortze prozesuan lau ardatz ditu: zorrotza izatea, ikastea, errepikakorra ez izatea eta bere burua harritzea: «Nire bizitza, nire haurtzaroa, nire dena... sortzeko abiapuntua dira». Prozesua nolakoa den ere azaldu du: «Nahiz eta amaieran atera den erakusketa oso emozionala izan, oso lan kontzientea eta arrazionala da». Fisikoki obra bat egin baino lehen zirriborro «asko» egiten ditu. Fisikoki egitean hasten da ogibideaz gozatzen; lixatzen, detaileak zaintzen, forma ematen eta amaierako emaitzara iristen. Alde batetik, «izugarri» gustuko duelako; bestetik, atzean «dirutza» ordainduko duen bezero bat dagoelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna