'Last Night in Soho'-k irabazi du ikusleen saria Beldurrezko Astean

'They're Here' lanak irabazi du film laburrik onenaren ikusleen saria, eta 'Los dias que (nunca) fueron'-ek animaziozko film laburrik onenarena

Last Night in Soho filmeko fotograma bat. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Asteko faboritoen artean zegoen, eta ikusleek hala baieztatu dute. Zinema jaialdiko sari nagusia Edgar Wrighten Last Night in Soho (Erresuma Batua) filmarentzat izan da. 8,64 puntu eskuratu ditu guztira film horrek, eta kontatzen du neska bat nola esnatzen den halako batean 1960ko hamarkadako egun batean, Londresko Soho auzoan, hain zuzen ere. Atzo eman zuten palmaresaren berri, eta, Josemi Beltran zinema jaialdiko zuzendariak adierazi zuenez, aurtengo ekitaldiko «goxokietako bat» izan da Wrighten filma. Last Night in Soho filmaren atzetik, Apps ekoizpen argentinar-txiletarrak eskuratu du puntu gehien ikusleen bozketetan. Lucio A. Rojasek, Jose Miguel Zuñigak, Sandra Arriagadak, Camilo Leonek eta Samot Marquezek zuzendutako film luze hori lau atalek osatzen dute.

Ikusleek beste hiru film nabarmendu dituzte. Film laburrik onenaren saria Sid Zanforlinen They're Here-rentzat izan da (Kanada); animaziozko filmik onenaren saria, Kevin Iglesiasen Los días que (nunca) fueron-entzat, eta Espainiako film laburrik onenarena, ago de Sotoren La luz filmarentzat.

Toni Costak, Maider Oleagak eta Sonia Paciosek osatutako epaimahaiak Joanne Delachairren Dora filmari eman dio film laburrik onenaren saria, «harrigarrizko zerbaiten, eta ama baten eta bere alaba nerabearen arteko muga zeharkaezinaren arteko erlazio konplexua kontatzen duen modu originalagatik; baita sexualiltatea irudimen handiz eta ausardiaz irudikatzeko zuzendariak egindako apustuagatik ere».

Europako film laburrik onenarentzako banatzen duten Zilarrezko Melies saria, berriz, Mum's Sweater (Mauriziana Gualdrini, Yi-chen Hsiao, James Mann, Ugo Offner eta Anand K. Varna) Frantziako ekoizpenarentzat izan da. Epaimahaiaren arabera, «modu zehatz, argi eta hunkigarri batean aditzera ematen du galera batek eragindako oinazea, animazioaren estetika sotil eta, aldi berean, nabarmen batekin erabilita fantasiaren elementuak».

Gazte Epaimahaiaren saria Night of The Living Dicks (Ilja Rautsi, Finlandia-Danimarka) film laburrarentzat izan da, eta Syfy saria, Espainiako film laburrik onenarena, La luz-entzat.

Blogos de Oro kritikaren saria The Medium film luzeak irabazi du (Banjonj Pisanthanakun, Thailandia-Hego Korea). Manuel Aguilarrek, Jon Paul Arroyok, Oihana Garciak eta Mikel Peñak osatutako epaimahaiak adierazi du filmak «maisutasunez» uztartzen dituela naturaz gaindikoa, folklorea eta kostunbrismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.