Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Ezkutukoa agerira

Fernando Francok 'La consagración de la primavera' filma aurkeztu du lehian, desgaitasuna eta sexua hizpide dituena. Laura Moraren 'Los reyes del mundo' lanak Medellin hiriko kaleetan bizi diren bost mutil gazteren bidaia erakusten du

'La consagración de la primavera'. Fernando Franco (eskuinetik bigarrena), filmeko aktore eta ekoizleekin. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun

La herida (2013) bere lehen filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu eta saritua izan zenez geroztik —Epaimahaiaren Sari Nagusia eta emakumezko aktore onenarena jaso zituen—, Fernando Franco zinemagile espainiarra inportantea bilakatu da jaialdian. Morir lehiaz kanpoko emanaldi berezi batean aurkeztu zuen 2017an, eta bere hirugarren lana, La consagración de la primavera, Urrezko Maskorra lortzeko lehian da aurten.

 

Aurreko lanetan bezala, gizartean askotan ezkutuan gelditzen den gai bat hautatu du bere azken filmerako Francok: desgaitasunen bat dutenen sexualitatea. Laura (Valeria Sorolla) 18 urteko gazte bat da, eta Madrilera iritsi da unibertsitate ikasketak egitera. Bertan ezagutuko ditu David (Telmo Irureta), garun paralisia izanik etxetik irteten ez den gaztea, eta haren ama (Emma Suarez). Laura eta Daviden artean harreman berezi bat sortuko da, lehenak sexu laguntza emango baitio bigarrenari. Franco: «Uste dut zinemak baduela ardura bat pantailara eramaten duenarekin, eta iruditzen zait ez dugula hitz egiten gure alboan bizi den jende askoren egoera horretaz. Beste alde batera begiratzen dugu sarri».

Ikusi gehiago: Loratze baten zehaztasuna

Aurreko filmetan bezala, dokumentazio lan eskerga egin du zuzendariak gaiari heltzeko, baina Iruretarekin eginiko lanak ere markatu dio bidea: «Hasieratik oso argi nuen Daviden rola garun paralisia duen norbaitek egin behar zuela. Gidoiak irekiak uzten ditudanez, Telmorekin asko hitz egin dut, eta berak ere ekarpen ugari egin dizkio pertsonaiari. Momentuan eta aurrez aurre ere dokumentatu naiz».

Film baterako garun paralisia duen aktore baten bila zebiltzala ikusi zuenean, Iruretak garbi izan zuen bere burua aurkeztu behar zuela: «Ez gara asko!», azaldu du umorez: «Pare bat eszena irakurri, eta ohartu nintzen ni neu nintzela pertsonaia. Castingera nahiko lasai joan nintzen, 'Ohartuko dira David ni naizela' pentsatuz».

Francoren esanetan, bere filmetan gidoia «helmuga batera iristeko tresna» izaten da. «Gidoiarekin egiten dugu lan, baina beti dugu piztuta gezurren detektagailua deitzen duguna, uneren batean zerbait sinesgarria ez bada, segituan harrapatzeko. Aktore onak dituzunean, eta hala izan da hemen ere, zerbaitek ez badu funtzionatzen, ziur aski ez da izango haiek gaizki egin dutelako, baizik eta gaizki idatzita dagoelako».

Ildo horretan, Iruretak gehitu du Franco beti egon dela «oso irekita aldaketak egitera», eta horrek «konfiantza handia» eman diola entseguetan eta filmaketan. Sentipen berberak izan ditu Suarezek ere: «Aktoreak eroso sentitzen gara Fernandorekin lanean. Gainera, gidoia oso ondo eraikita zegoen, eta halakoetan erraza egiten da interpretatzea eta hitz horiek zure hitzetan jartzea».

Promestutako lurrera

Laura Mora zinemagile kolonbiarrak, berriz, Los reyes del mundo aurkeztu du lehiara, bere herrialdean girotu duen drama sozial bat. Medellingo kaleetan bizirauten duten bost mutil gazte ditu protagonista: Ra, Culebro, Sere, Winny eta Nano. Paramilitarrek bere lurretatik bota zuten Raren amona, eta haiek berreskuratzeko burokraziarekin borrokatu ostean, eta bake akordioen ondotik, bere eskaerari oniritzia eman dio gobernuak. Hala, Ra gidari dutela, promestutako lurretara oinez abiatuko dira gazteak. Paper batek dioenak, baina, ez du balio handirik bidegabekeria nagusi den herrialde batean.

Morak Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen Matar a Jesús bere lehen lan luzea, 2017. urtean. Orain, bere bigarren film luzean, indarkeriaz, adiskidetasunaz, miseriaz eta duintasunaz ari da, eta Kolonbiako gatazkaren oihartzunek une oro zeharkatzen dute istorioa.

Morak esplikatu du 2016an hasi zela filmaren gidoia idazten, aurrekoaren errodajea bukatu berritan, eta gatazkaz eta lurraren jabetzaz barruan zeuzkan galderak izan zituela abiapuntu. Aurreko filmean ezagutu zituen gazteek izan zuten eraginik: «Gogoan dut sarritan errepikatzen zutela munduan leku bat izatea zela gehien desio zutena. Hala, promestutako lurraren bila paisaia zeharkatzen duten mutil gazte haien irudiak sortu zitzaizkidan buruan».

Erantsi du idazketa prozesu «askea» izan zela eta gozatu egin zuela, «narratibaren tiraniari» izkin egiteko gogoa zuelako. Une errealistak eta onirikoak tartekatu ditu filmean. Filmaketan izan zituzten erronken artean, berriz, aipatu du grabazioa Bajo Cauca eskualdean egin izanak zailtasun erantsiak ekarri zizkiela, baina han egiten tematu zirela,«gatazkak eta historiak guztiz zeharkatutako lurralde bat baita».

Bost protagonisten rolak jokatu dituzten gazteek ez zuten aurrez behin ere aktore lanik egin.

Lanari lotutako bizitzak

Beste drama sozial batek hartu du Kursaaleko pantaila handia arratsaldeko saioan. Indioilarren hiltegi batean lan egitera Ingalaterrara joandako behargin portugaldarren baldintza latzak agertu ditu Marco Martins zuzendari portugesak Great Yarmouth: Provisional Figures lanean.

Ikusi gehiago: Erosoa, herritarra, abegia

Zinemagileak azaldu du 2017an Great Yarmouth hirira gonbidatu zutela etorkin portugesen komunitatearekin antzerkiari lotutako proiektu bat lantzera, eta orduan ezagutu zuela haien errealitatea. «Azken urteetako krisien eta politika neoliberalen fruitu den errealitate bat erakusten du filmak, eta ez dena soilik Ingalaterrakoa: Europa osoari eragiten dio auzi horrek».

Ikusi gehiago:KRITIKA. 'Miyamatsu to Yamashita/Roleless': Minutu gutxi batzuez

Ikusi gehiago: KRITIKA. 'Something You Said Last Night': Familia oporretan

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.