Albistea entzun

Bidegabekeriei nola erantzun

Heinrich von Kleist idazle alemaniarraren 'Michael Kohlhaas' nobela berrargitaratu du Katakrakek
Xabier Mendiguren itzultzailea, <em>Michael Kohlhaas</em> nobelaren aurkezpenean, ale bat eskuetan duela.
Xabier Mendiguren itzultzailea, Michael Kohlhaas nobelaren aurkezpenean, ale bat eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2019ko urtarrilak 19 - Donostia

Zer egin behar da egoera bidegabe bat aurrez aurre izatean? Hori da Heinrich von Kleist idazlearen (Frankfurt Oder, 1777-Berlin, 1811) Michael Kohlhaas nobelak mahai gainean jartzen duen gaietako bat. Legeek ez dutela berak espero bezala funtzionatzen ikusita, justizia bere gain hartzea erabakitzen du istorioko protagonistak. «Eta gauzak okertzen hasten direnean, ezin pentsatu ahala okertzeraino iristen dira», iragarri du Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzaileak. Duela 25 urte egin zuen itzulpena, baina berrargitaratu egin du orain Katakrakek, hiztegiari eta puntuazioari lotutako eguneraketa batzuk eginda eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrearekin. «Hainbeste urte pasatuta, niretzat txundigarria izan zen jakitea oraindik norbaitek irakurtzen duela edo zentzuren bat baduela».

Benetako pertsonaia batean dago oinarrituta kontakizuna, eta XVI. mendearen erdialdean dago girotuta, hain zuzen, Alemanian izandako erlijio gerra garrantzitsuenetako bat amaitu berritan. Zaldi tratularia da Michael Kohlhaas, eta jauntxo batekin gatazka bat dauka muga bat pasatzerakoan. Horrek gatazka judizial bat pizten du aurrena, baina gatazka politiko bihurtzen da berehala. Pertsonaiak zaldi batzuk uzten ditu erreskate modura, beharrezkoa ez den paper administratibo baten bila joateko, eta, itzultzen denean, zaldiak hilzorian daude. «Gizon horrek pentsatzen zuen justiziak eta legeek berak uste zuen bezala funtzionatzen zutela, baina errealitateak erakutsi zion ezetz, gauzek ez zutela horrela funtzionatzen».

Mendigurenek kontatu du liburua itzultzen ari zen garaian bazegoela istorioa gogora ekartzen zion egoera bat Euskal Herrian: «Unibertsitateko atean, irakasle batzuk egoten ziren egunero, eta pentsatzen nuen: 'Horrelako zerbait ari da hemen gertatzen, hauek arrazoia dute unibertsitateko jarrera batzuen aurrean, eta inork ez die ematen, eta hor daude eguna joan eta eguna etorri, nahiz eta egundoko nekea jasan'». Nobelako protagonistaren kasuan, existitzen diren legeetan sinesteak ondorio dramatikoak ditu, bizia ere galtzen baitu.

Erromantizismo alemaneko idazle nabarmenetako bat izan zen Von Kleist, eta, bere lanetan, norbanakoak bizitzan dauzkan mugak landu zituen. Itzultzaileak kontatu duenez, kontakizuneko mundua ezagutzea izan zen itzulpenaren zailtasunetako bat. «Azkenean, mundu bat arrotz ez du hizkuntzak bakarrik egiten. Adibidez: junkerra. Guk zer dakigu zer zen junker bat duela hainbeste urteko Prusiako giro batean? Bilatu behar diozu pareko bat, ahalegin bat egin behar duzu».

Horrez gain, alemanetik euskarara ekartzeak bazituen bestelako zailtasunak ere. «Liburu hau gure molde ohikoetan ez zegoen. Suharraldi batean bezala zegoen egina, hasi eta bukatu tempo bizkor batean, puntu eta paragrafo berririk eta halakorik gabe». Lehen argitalpenean ez bezala, oraingoan elkarrizketak paragrafoen bidez bereizi dituzte. Gogoratu du zeinismoa ere oso baztertuta zegoela orduan, eta bertigo handiarekin ekin ziola lanari. «Baina horrela itzuli beharra zegoen ondo itzuliko bazen».

Jende xehearen jarrerak

Katakraken narratiba saileko laugarren lana da Michael Kohlhaas. Hedoi Etxarte editorearen esanetan, hasi berriak direnez, urtean narratibako bi lan bakarrik ari dira ateratzen. Eta, aukeraketa irizpideari buruz galdetuta, honako hau esan du: «Jende xehearen istorioak eta jende xeheak gatazken aurrean dauzkan jarrera diferenteak kontatzen dituzten lanak nahi ditugu ekarri». Dibertsitateari ere erreparatzen diote, toki, hizkuntza eta zapalkuntza ezberdinak kontatzeari.

Takiji Kobayashiren Nagusia kanpoan bizi da, Sergei Dovatoven Filiala eta Leslie Feinbergen Mari-mutil handi baten bluesa dira orain arte argitaratutako beste lanak. Hurrengoa zein izango den ere esan du Etxartek: Lydia Chukovskayaren Sofia Petrovna. «Uste dugu narratibak balio duela, literaturako beste genero batzuek bezala, gauza batzuk hobeto kontatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>Emakumeak abstrakziogile</em> erakusketako hainbat obra, Bilboko Guggenheim museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Motibo ez-abstraktuak

Iñigo Astiz

Emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 'Emakumeak abstrakziogile'. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte
Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio, atzo, Tabakalerako eskailerapean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Errealitatea, artelan bat bezala

Gorka Arrese

Maialen Lujanbiok 'Bizitza happening' soinu instalazioa paratu du Tabakalerako eskaileran
Jon Bagues, iazko urtarrilean, Eresbileko zuzendari gisa egindako azken agerraldietako batean, Donostian. ©J.C. RUIZ / FOKU

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Ane Eslava - Itziar Ugarte Irizar

Euskal musikaren ondarearen alde eginiko lanagatik sarituko dute Eresbileko zuzendari izandakoa
Cary Joji Fukunagaren <em>No Time To Die</em> pelikulako fotograma bat. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.