Nafarroako bertsolariak finalaurrekoetan sartuko dira igandean, Atarrabian

Hemezortzi bertsolari ariko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan. Zortzi igaroko dira hilaren 23an jokatuko den finalera
Julio Soto, 2018ko Nafarroako txapelduna, txapela eskuratzean.
Julio Soto, 2018ko Nafarroako txapelduna, txapela eskuratzean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ane Eslava -

2019ko martxoak 2
Bihar abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen fasea, Atarrabiako kultur etxean. Saats Karasatorre, Eneko Lazkoz, Sarai Robles, Aimar Karrika, Xabi Maia eta Joana Ziganda igoko dira oholtzara, eta Maider Ansa ariko da gai jartzaile lanetan. Beste bi finalaurreko izango dira, eta, orotara, final-laurdenetatik sailkatutako hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute.

Igandeko saioan, Joseba Beltza, Nerea Brun?o, Mikel Beaumont eta Jon Abril ariko dira epaile lanetan. Finalaurrekoetako irabazleak zuzenean igaroko dira finalera; gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Orotara, zortzi bertsolari lehiatuko dira finalean. Hilaren 23an jokatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Igandeko saiorako sarrerak Internet bidez eskura daitezke, www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Atarrabiako Karrikaluze elkartean ere. Egunean bertan leihatilan jarriko dituzte salgai. 17:30ean hasiko da saioa.

Otsailaren 9 abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Ordutik, herrialdea iparraldetik hegoaldera zeharkatu du txapelketak: Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara... Euskara Nafarroa osoan barrena barreiatu nahi izan dute, «mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan», antolatzaileen hitzetan.

Lehenbiziko saioa Tuteran izan zen. Han, Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Saats Karasatorre, Mikel Lasarte eta Joana Ziganda lehiatu ziren. Karasatorre igaro zen zuzenean finalera, puntu gehien lortuta. Hurrengo final-laurdena Urdazubin izan zen, eta Julio Soto iazko txapeldunak lortu zuen lehenbiziko tokia. Harekin batera aritu ziren Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman.

Hirugarren kanporaketa Iruritan izan zen, eta han aritu ziren Xabier Maia, Xabier Terreros, Patxi Castillo, Xabat Illarregi, Endika Legarra eta Joanes Illarregi, eta azkeneko horrek irabazi zuen. Final-laurdenetako azken saioa Lizarran izan zen, eta Josu Sanjurjok lortu zuen lehenbiziko tokia, Eneko Lazkozen, Julen Zelaietaren, Amaia Elizagoienen, Sarai Roblesen eta Diego Riañoren aurretik. Lau horiez gain, puntu gehien eskuratu duten beste hamalau bertsolariak ariko dira finalaurrekoan.

Hiru finalaurreko

Hurrengo finalaurrekoa martxoaren 9an izango da, Etxarri Aranatzen. Han izango da Urdazubiko saioko irabazlea, Julio Soto, bai eta Diego Riaño, Iban Garro, Iker Gorosterazu, Julen Zelaieta eta Xabier Terreros ere. Alaitz Rekondo arituko da gai jartzaile lanetan.

Hirugarren finalaurrekoa, berriz, martxoaren 10ean izango da, Lesakan. Iruritako eta Lizarrako saioetako irabazleak ariko dira finalerako sailkatzeko lehian —Joanes Illarregi eta Josu Sanjurjo—, eta, haiekin batera, Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi. Fernando Anbustegi izango da gai jartzailea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna