'Ganze Tage Zusammen' filmak irabazi du 61. Zinebi jaialdiko sari nagusia

Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako 'Mateoren ama' film laburrak Euskal Zinemaren Sari Nagusia irabazi du

Ganze Tage Zusammen filmeko irudi bat. ZINEBI.
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Luise Donschenen Ganze Tage zusammen / Entire days together (Alemania) fikziozko film laburrak irabazi du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 61. Jaialdiaren sari nagusia. 7.000 euro jasoko dituzte filmaren arduradunek.

Euskal Herrian ekoitzitako film labur dokumental bik lortu dituzte jaialdiko beste sari nagusiak bakoitza 6.000 eurokoa: Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama (Euskal Herria) lanak Euskal Zinemaren Sari Nagusia jaso du, eta Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces (Euskal Herria) filmak Zinema Espainiarraren Saria.

Guztira, 57 film labur —animaziozkoak hamazazpi, fikziozkoak hemezortzi eta dokumentalak 22—, lehiatu dira Zinebiren edizio honetako Nazioarteko Lehiaketako Sail Ofizialean. Horien artean aukeratu behar izan ditu irabazleak Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakasleak, Nahikari Ipiña ekoizleak, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdiko zuzendariak, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarrak eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazleak osatutako nazioarteko epaimahaiak.

Hain zuzen ere, epaimahai horrek Sonia K. Hadaden Emtehan /Exam (Iran) lanari eman dio fikziozko film laburrik onenaren Mikeldia. Animaziozko zinemaren atalean, film laburrik onenaren Mikeldia Theodore Usheven Physique de la tristesse (Quebec) lanak eskuratu du, eta film labur dokumentalik onenaren Mikeldia Camila Katerren Carne lanak jaso du (Brasil-Espainia). Hiru sari horietako bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio Pilvi Takalaren The Stroker (Finlandia) dokumentalari.

Dokumentalak eta fikziozko film luzeak biltzen dituen ZIFF Zinebi First Film sariari dagokionez, Eloisa Solaas zinemagilearen Las facultades (Argentina) lanak jaso du.

Gainera, epaimahaiak aipamen berezi bi eman nahi izan dizkie Jessica Sarah Rinlanden Those That, At A Distance, Resemble Another (Espainia / Erresuma Batua) dokumentalari eta Lendita Zegirajren Sphia e Agës(Kosovo-Kroazia-Albania) fikzioari.

Horrez gain, edizio honetan Zinebi First FilmEpaimahai Gaztea sari berezia eman diote John Skoogen Sasong (Suedia) filmari.

Atzo iluntzean egin zuten sari emate ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.