Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Berandu

2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Mitologia greziarrak ongi bereizten zituen denbora kuantitatiboa eta kualitatiboa. Lehena adierazteko, Kronos Jainkoa zuten: entzute handikoa, eragin handia izan duena gugan, ahalguztiduna edo gupidagabea, garai eta testuinguruaren arabera. Denboraren iraganbidea islatzen du Kronosek, eta hortik dator denbora kronologikoa. Hitzordu batera berandu iritsiko bazara, beraz, esaiozu muturra okertuko dizun adiskideari Kronosen errua izan dela, edo haren madarikazioa, zuk ikusi.

Oso bestelakoa da Kairos, denboraren subjektibotasuna eman ziguna. Iturriaren arabera, Zeusen biloba dela esaten da, edo haren leinuko adaxka bat behintzat. Edozein kasutan, jainko txikia eta ia ezezaguna zaigu, bere zeregina, nire irudiko behintzat, funtsezkoa bada ere: Kairosak ez du denbora neurtzen, gauzak gertatzeko une aproposa zehazten du, hots, egokiera. Denbora kualitatiboa da, erlojuetan koxkarik ez duena, norberaren apeta, behar edo zirkunstantzien arabera baino ulertu ezin daitekeena. Ez du zerikusirik berandu iristearekin, minutu gutxi batzuk baino zerbait sakonagoa galtzen baita Kairosak ihes egiten dizunean: aukera.

Maiz elkarren artean borrokan jarri zituen mitologiak bi jainkoak, bata zein bestea denboraren gaineko ahalen jaun eta jabe egiteko lehian: zer da larriagoa, berandu ala garaiz kanpo iristea?Borroka antzua da, baina, ongi baitakigu biak batera gerta daitezkeela, geurean maiz (maizegi) ikusi ahal izan dugun bezala.

Saia zaitezte irudikatzennolakoa zatekeen Kronos eta Kairos jainkoen arteko balizko elkarrizketa Estrasburgoko epaitegiak kaleratu berri duen Bateragune auziko epaiaren inguruan. «Berandu iritsi da epaia», esango zuen Kronosek, basoan orbela bezala, den-dena estaltzen duten egutegiko orri zaharrak oin-puntuaz apartatzen dituen bitartean. «Garaiz kanpo iritsi da», gaineratuko zuen Kairosek, urte hauetan guztietan galdu diren aukera eta itxaropen berreskuraezinak bere golkorako zerrendatzen dituen bitartean. Eta gero isilik geratuko ziren bi jainkoak, handia eta txikia, elkarri begira, ezin konponduzkoari so eginez.

Formazko akats larria salatu zuten akusatuek, eta epailearen inpartzialtasunaz dotrina eman zezan goi-tribunalak, justiziaren beraren oinarrietan koxka larria baita epaiketa zuzena eta objektiboa ez izatea. Urteak igaro dira salaketa jarri zenetik, baina ez da denbora-kontu soila: gauza asko gertatu dira tarte horretan. Espetxea gertatu da, askatasunik eza; eskubideen urraketa gertatu da, zigortuta izan zirenena lehendabizi, baina baita haien jardun politikoa eragotzi zenez geroztik milaka herritarrena ere.

Bizitzan ez da beti horrela izaten; denbora gal dezakegu, ez, ordea, aukera. Justizian eta politikan, alta, ia beti eskuz esku datoz bi jainko maltzurrak: erabaki eta ekimena berandu iristen direnean, beti uzten dute bazterrean egokiera. Nik zerrendatu beharrik ez dago, irakurle: zuri erraz bururatuko zaizkizu adibideak, nahi baino ugariagoak, tamalez.

Politika eta justiziaren kontakizuna lerro okerrez idazten da beti horrelakoak gertatzen direnean, eta handik aurrera, kasurik onenean, aukera galdu guztiek eragindako hutsarteak nola osatu asmatzean datza egin beharreko lana; hautsitako edalontzia zatikiaz itsatsiz berrosatzea bezain alferrikakoa. Estrasburgoko epaia irakurrita poztu naiz, baina alegrantzia tristea eta laburra izan da.

Franklin D. Roosevelt AEBetako presidenteak esan zuen politikan ez dela deus gertatzen ustekabean, eta ez sinesteko kontrakoa esaten digutenean, zoriak zerikusi gutxi duelako, denbora egokia hautatzea dela politikaren zeregin behinena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.