Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Quito.

Egun bat eta Quito

BERRIAk antolatutako lehiaketako finalisten lanak irakurri ahal izango dira aste honetan; igandean argitaratuko da irabazi duena.

IMANOL AZKUE IBARBIA.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ibarran geratu ziren atzo, igande arratsaldean, hoteleko gela, lagunak, ezagunak, lana, hasi berri nuen bizimodua...; guztiei laster arte esan nien, eta 18:00etan autobusa hartuta, bi ordu pasatxoko bidaian abiatu nintzen hegoaldera, Quitora, aspaldiko partez bakarrik kalean, duela bost egun Ekuadorrera iritsi nintzenetik.

Zerua belzten eta lainoak masailak puzten joan ziren arratsaldean zehar, irten aurretik, eta autobusa abiatu orduko, erauntsia lehertu zen kanpoaldean. Ia ahaztuta neukan zer zen euria, egun denak hain berdinak eta eguraldiz hain onak orain arte hemengoak, otsail honetan... Belztasuna eta hezetasuna sumatzen ziren kanpoaldean, tantak irristaka kristal lurrunduan, goxotasun beroa barruan. Kanpoaldeko entretenimendua ilun egonagatik, ez nuen izan aspertzeko betarik; izan ere, autobusaren geldialdi bakoitzean, saltzaileak igo eta jaitsi, aurrera-atzera egiten zuten autobuseko pasilloan: fruta, edari, bizkotxo, patata frijitu... Halako batean, iritsi ginen Quitoko bus-terminalera, eta taxi batek eraman ninduen etorbide luze eta ilun argiztatuetan barrena. Saiatu nintzen imajinatzen hiru milioi biztanle zenbat ziren, non ote zeuden, kaleetan ez bainuen ia inor ikusten oinez, 20:30ean. Kristalezko eta metalezko eraikintzar modernoen artean, La Floresta auzoan, taxilariak kostata aurkitu zuen Aleida hotela, eta han señora Elenak aurretik telefonoz bezain gozo hartu ninduen, abegitsu; 70 urte gertuago izango zituen 60ak baino, eta bazekien, ondo zekienez —eskarmentuz, seguru asko—, bezero kanpotarra eroso eta etxeko sentiarazten. Logelan, trasteak egur ilunezko zoru epelean utzita, ohe gainean etzan nintzen, eta Ruperrek ozen abestu zuen Herdoilarena kaskoetatik. Zerbaitek kra! egin zidan barrenean, afaltzera irten aurretik.

Gaur goiz jaiki naiz, eta señora Elenak ederki eta patxadaz azaldu dit zer ikusi Quiton: teleferikoan goietara igo, hura ikusitakoan Mitad del Mundora joan, Quitora itzuli eta alderdi monumentala bisitatu... Azkar ibiliz gero, ia denerako astia emango omen dit, egun bakarrean dena ikusteko, eta mapa batean adierazi dizkit ibilbidea eta hartu beharreko autobus guztiak. Gosaldu ondoren, abiatu naiz hoteletik; autobusean, aurrena aldapan behera joan gara, eta gero hasi gara gora eta gora, gero eta malda pikoagoan. Halako batean, kobratzaileak abisatu dit jaisteko, eta behean, neska bati galdetu diot teleferikorako bidea; autobus bat seinalatu dit, doan eramango nauela gorago, eta barrura sartutakoan, orduantxe konturatu naiz presaren presaz bidean galdu dudala señora Elenaren mapa; agur nire apunteak eta gida; mobilean Internetik ez...Google Maps salbatzailerik ez... Gora abentura!

Autobusetik jaitsita, oinez jarraitu dut goraka teleferikoaren eraikinera, eta konturatzerako arnasestuka ari naiz, bufaka, puztu eta hustu. Jende-enbarazurik ez bazterretan, oso goiz delako oraindik, eta kablean gora galtzen doazen kabinei begiratu diet: 1.100 metroko desnibela, alajaina! Bikote batekin sartu naiz kabinara, eta txor-txor ez dira isildu bidaiak iraun duen 18 minutuetan; nahi gabe ere, jakin dut mutila txiletarra dela, neska ekuadortarra, eta errepasatu dituzte ekonomia eta politika, krisia eta konpromisoa, gobernua eta iraultza, errealitatea eta ametsak. Gora iritsitakoan, 4.000 metroko altueran, ingurura begira aritu naiz, badago eta zer ikusia, begiak urrunean galtzeraino, inoiz amaitzen ez den ortzi-mugan: lainoek tonu desberdinetako kapa horizontalak marrazten dituzte, argitasunarekin jolasean; ondoko Rucu Pichincha mendia eta urruneko Cotopaxi estalita daude, uzkur eta lotsati; behean, berriz, Quito, eder eta handi, etxeak eta etxeak elkarren gainean, arkitektoen maketa txikietan bezala. Hor goian zerurik bada, hemendik gertuago nago, seguru. Zabuak daude kulunkatzeko hiriari begira, eta abaila hartuta, badirudi Quitoren gainera salto egiteko aukera izango duzula. Arnasa sakon hartu dut, eta Gozategiren aireak etorri zaizkit burura, jendeak jendea ito han behean. Teleferikoan sartuta, atzera behera itzuli naiz, Mitad del Mundora joateko asmotan.

Eskerrak señora Elenaren azalpen batzuk gogoan neuzkan, eta, errepide nagusia zubi baten gainetik gurutzatuta, autobusaren zain egon naiz. Halako batean etorri da, eta kobratzaileari eskatu diot abisatzeko iristen garenean, kezka neukalako parada pasatu eta auskalo non amaitzeko. Behin martxan, konturatu naiz autobusa hiriaren erakusleiho aparta dela, eta begiak ohitzen joan dira kolore bizietara, entretenimendura, mugimendura, nonahi ikusten diren fruta eta janari-saltzaileetara... Nora noan ere ez dakit ia, soilik ekuatoreko lerroa handik pasatzen dela, eta dorre handi bat-edo badagoela han. Hiriko aldiriak ere atzean utzi ditugu, eta herrixkaren bat ere pasatu dugu, eta halako batean keinu egin dit kobratzaileak, jaisteko. Jende gehien ikusi dudan lekura joan naiz, eta sarrera pagatuta, Disneyland txiki batean murgildu naiz; alde bakarra: lurrean margotuta protagonista nagusi den lerro hori zuzena. Ilusioa egin dit oinak alde banatan jarri eta orain iparra, orain hegoa ibiltzeak —gero zapuztu zitzaidan, ordea, jakin nuenean hura ez zela benetako lerroa, baizik eta Cayambekoa autentikoagoa zela—. 0,00 latitudea. Inguru osoa zaintzen duen dorre garaira igo, barruko museoa ikusi, eta eguerdia denez, atzera Quitora itzultzeko autobusa hartu dut.

Autobusa erdi hutsik zetorren, baina pixkanaka bete egin da; hala ere, kobratzailea ederki mugitzen da atzera-aurrera jendearen artean, batzuetan gainetik ere bai, sartu berriengana hurbildu eta kobratzeko. Etorritako bide beretik itzuli gara, eta paraje batzuk ezagunak ere egin zaizkit, lehen ikusita; halako batean, bistaz bilatu nau kobratzaileak eta keinu egin dit, jaisteko. Errepidearen gainetik oinezkoentzako zubi baten gainetik pasatuta, behealdean, teilatuen artean, zabaldu zait alde zaharra dirudiena; bidean zerbait erosi diet kale-saltzaileei, poz-pozik: galtzerdiak, telefono-txartela —gero enteratu nintzen Tuenti dela Ekuadorreko konpainiarik eskasena—... Nonahi daude dendak bazterretan, nonahi dabil jendea atzera-aurrera, dena da mugimendua eta bizitasuna urteen iraganari geldirik eta sorgor eutsi dioten eraikin dotore eta monumentalen artean. Gosetuta, jatetxe batera sartu eta 2,5 dolarretan jan dut egunekoa, ia ohikoa egiten ari zaidana: zopa, arroza eta oilaskoa, jugoa-rekin eta ogirik gabe. Irteeran, bazkaltiarrak arrantzatu nahian dabilen ateko neskari galdetu diot norantz hartu behar dudan Quitoko politena eta ederrena ikusteko, eta behealdera bidali nau. Aldapatik jaisten, kale perpendikularretatik, beti antzeko ikuspegia: eskuinera, Panecillo mendixka, eta gainaldean metal distiratsuzko amabirjina erraldoia; ezkerraldera, berriz, kareharri zurizko katedrala, tente gora eta niri deika. Ibili naiz kaleetan, atzera-aurrera, eta ezin izan diot itzuri egin katedralaren erakarpenari, han goitik bista ederra izango dudalako promesari. Garai kolonialetatik kanpo dago erabat estilo gotikoko katedral berria; inkongruentzia hutsa da. Bi dolar balio ditu zerurako txartelak, eta erosita, eskaileretan gora abiatu naiz oinez: denda bat... museo bat... taberna bat (kafe on bezain garestiarekin) eta leihotik ikuspegi ederra, alajaina, alderdi kolonial osoa begiradapean... Beste aldean, Panecillo, beti presente... Katedralaren teilatuaren azpitik eta bobedaren gainetik pasarela batek katedralaren atzealdera narama, eta han, eskailera piko batzuetatik, zinboriora igotzeko aukera. Handik ere hiriaren ikuspegia ikaragarria da, edozein aldetara begiratuta ere, dena eraikinak, etxeek etxeak ito.

Goietan aspertutakoan, egin dut zerutik zorura. Berriz ere kaleetan murgildu naiz, gora eta behera, ezkerrera eta eskuinera, ez bereziki zerbaiten bila, baina bai pixka bat (ez gehiegi) galtzeko esperantzan, sorpresaren baten esperoan, zentzumen guztiak erne: usainak, koloreak, soinuak, argiak, itzalak... Eskola bateko ikasleak pasatu dira desfilatzen, gelaka, bakoitza bere musika, arropa eta koreografiarekin. Ia edozer eros daiteke kalean, saltzailez beteta daude-eta, baina ez dira beste leku batzuetan bezain gainean egoten, ezezkoa erraz onartzen dute; eskaintzen dizute, baina tematu gabe. Musikariak ere badaude: gitarra, flauta, biolina...; oinezkoentzako bideetan atmosfera musikatua arnasten da airean. «¡Corte de pelo un dolar y medio!» ari da iragartzen mutil bat, kartel eta guzti, baina premia izanagatik, ez naiz ausartu.

Itzulera Ibarrara

Halako batean, konturatu naiz lehen ibilitako lekuetatik nabilela berriz ere, ezagunak egiten zaizkidala bazterrak; alde egiteko garaia da. Aldapa barreneko Marin bus-terminalera jaitsi naiz; leihatilako gizonari galdetu diot La Florestarako autobusaz, baina taxi bat hartzeko gomendatu dit, erosoago egingo zaidala, eta ahal badut, apartexeago hartzeko, han, aurrerago joanda, paraje hauetan —eta inguruari begiratu dio—ez dagoelako fidatzerik. Eskua altxatuta, azkar gerarazi dut auto hori bat, eta hamar minutuan eraman nau hotelera. Dutxatu eta jaitsi naizenean, señora Elenak egunaz galdetu dit ahots goxoz eta geldoaz, eta kontatu dizkiot nire gorabeherak. Ba omen daukat zer ikusirik oraindik, biharko: «¡El Museo del Hombre no se lo puede perder!», eta La Carolina lorategia, eta denborarik izanez gero... Guztiari amen esan diot, baina bihar biharkoak, ikusiko dugu, eguerdirako berriz ere Ibarran egon nahiko nuke-eta. Hoteleko lorategi txikian egon naiz lasai, irakurtzen, eta Jon Maiaren Hezurbeltzekin akordatu naiz: «Denbora ez da pasatzen...», hemen ez baitago presarik, erlojua ia beti geldirik edo alferrik.

Bihar Ibarrara bueltatuko naiz. Oraindik ez dakit, baina itzulerako bidaian emozio biziak ditut esperoan, aspaldiko partez negar egingo baitut: bueltako autobusaren barruan, noiz irtengo zain, motxila lapurtzen ahaleginduko zaizkit eta ozta-ozta konturatuko naiz. Ibarran izango ditut itxaroten, eta eskerrak, hoteleko gela, lagunak, ezagunak, lana... Zerurik ez, baina ez dut imajinatu ere egiten goxotasuna zenbateraino estimatuko dudan Quitotik bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.