Anai-arrebak dituzten obrak

'Picassotik Barcelora' erakusketan 23 artistaren 35 lan grafiko daude, Donostian. Horien bidez, erakusketak artearen erreprodukzio teknika mekanikoen erabilera aztertzen du

Bi bisitari Eduardo Arroyo artistaren Waldorf Astoria litografiari begira, Donostiako Okendo kultur etxeko erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Artelan batzuk oso pertsona gutxiren eskura egon daitezke, besteak beste, ale bakar bat izatearen esklusibotasun horrek nolabaiteko balio erantsia ematen dielako. Arte merkatuan ugari dira adibideak. Baina badira jende gehiagoren eskuetara irits daitezkeen artelanak ere, obra grafiko eta anizkoitzak, teknika mekanikoen bidez erreproduzitu izan direnak. Iragan mendetik, artista askok egin izan dute hautu hori, obrak multipleak izateko berariaz diseinatuz, eta ugari dira horien adibideak ere. Ideia horren bueltan ardaztu dute Picassotik Barcelora. Lan grafiko eta anizkoitz garaikideak erakusketa. Donostiako Okendo Kultur Etxean dago ikusgai, ekainaren 22ra bitarte.

Okendo Kultur Etxeak eta Arte Contemporaneo GACMA enpresak elkarlanean ekoitzi dute erakusketa, eta Antonella Montinarok komisariatu du. Orotara, 23 artistaren 35 obra grafiko bildu dituzte aretoan, eta erreprodukzio teknika mekanikoak erabiltzen dituzten artista garaikideen inguruko azterketa bat egiteaz gain, artistaren eta teknologiaren arteko harremanaren inguruko gogoeta bat egitera bultzatzen du. Obra gehienen egileak artista espainiarrak dira, baina badira euskal herritarrak, katalanak eta beste hainbat herrialdetakoak ere.

Gaikako blokeetan dago antolatuta erakusketa. Ibilbideak, lehenik, Espainiako arte garaikidearen jatorria aurkezten du; hiru artistaren lanetan jartzen du fokua: Pablo Picasso, Joan Miro eta Salvador Dali. Hala, aretora sartzean, Picassoren bi akuaforte izango dira bisitariak ikusiko dituen lehenak: Degás, Celestina y tres chicas, una de ellas con cuatro senos izenekoa bata, eta Casa Teiller. La llegada de los clientes izenburukoa bestea —aldamenean Marc Chagallen Le nu bleu litografia jarri dute—. Miroren eta Daliren lanak ikusteko, hormaren bestaldera jo behar da. Bakoitzaren hiruna lan daude hormatik zintzilik: akuaforte eta urtinta koloretsuak dira Mirorenak, eta irudi surrealistaz beteriko litografiak, berriz, Dalirenak. Hiru artista abangoardista horiek lengoaia plastikoan ekarri zituzten aldaketek ez zuten eragin zuzenik izan ordura arte erabiltzen ziren artisautzako erreprodukzio tekniken berrikuntzan —grabatua eta litografia—. Edonola ere, esan daiteke etorkizuneko teknologia egokitzeko oinarria jarri zutela.

Aretoaren sarreratik eskuinaldera joz, Picassoren lanen parean, II. Mundu Gerraren osteko beste hainbat artista abangoardistaren obrak ageri dira, etengabe berritzeko zuten nahiaren lekuko direnak. Antoni Tapies da garai hartako artista esanguratsuenetako bat. Informalismoaren esparruan pintura materikoa zeritzonaren barruan kokatu zen, eta hondakinekin nahiz birziklatutako gaiekin nahasi izan zituen artearen ohiko materialak; hori agerikoa da haren lan grafikoan ere. Aretoan, Tapiesen Nocturn xilografia dago ikusgai, eta, horma berean, Luis Feitok akuafortez eta urtintaz eginiko lan bat, Antonio Saurak litografia eta zinkografia bidez sortutako beste bat, Antoni Claveren akuaforte bat, eta Rafael Canogarrek akuaforte eta collage teknikak erabiliz sortutako beste obra bat ere badira.

Aldameneko horman, garai bereko beste hainbat artistaren lanak daude; tartean, Eduardo Txillidaren Zedatu III eta Zedatu I azukre-akuaforteak, Jose Guerreroren El alba VI akuafortea, eta Pablo Palazueloren Composición en amarillo litografia.

Pop artea eta serigrafia

Erakusketako beste ataletako bat pop arteari eskaini diote. Mugimendu horretako artistek askotariko teknikak landu zituzten, baina serigrafia da denetan nabarmenena: inprimatze molde horren bidez, askotariko artelanak eta afixak erreproduzitu zituzten. Andy Warholek, esaterako, serigrafia erabili zuen bere lan gehienak sortzeko. Mugimenduko kide nabarmenetako bat izan zen, eta masa kulturako elementuen errepikapen serializatua da haren lanaren gakoetako bat, baita garaiko gizarteko mitoak sistematikoki erreproduzitu izana ere. Horren erakusle, artistak landutako Marilyn Monroeren bi erretratu handi eta koloretsu zintzilikatu dituzte hormetako batean. Mugimendu horren beste zenbait adibide daude aldamenean; tartean, Eduardo Arroyoren litografia bat eta akuaforte bat, Equipo Realidad artista taldearen litografia bat, eta Equipo Cronicaren serigrafia bat.

Eta, ibilbidea ixteko, diktadura osteko Espainiako artearen joera baten isla diren hainbat obra grafiko daude ikusgai. Aretoko afixetako batean irakur daitekeenez, abangoardiak ikuspegi indibidualista batetik berreskuratzea izan zen garai hartako zenbait artista espainiarren ezaugarria, eta horrek heterogeneotasun estilistiko handia izan zuen ondorio.Horma berean bildu dituzte 1990eko hamarkadan agertu zen artista belaunaldi bateko ordezkarien eta 1980ko urteetako aurrekari batzuen obrak: Jaume Plensa, Miquel Barcelo, Jose Maria Sicilia eta Luis Gordillorenak.

Horien guztien osagarri, eskulturari ere tarte txiki bat egiten dio erakusketak. XX. mendean bilakaera handia izan zuen arte adierazpide horrek, eta horren adibide dira beirazko kutxa batean jarri dituzten lau eskultura txikiak, Miguel Berrocal, Pablo Serrano, Eduardo Arroyo eta Joseph Beuys artistenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.